viernes, 12 de febrero de 2021

BULDER JAIZKIBELEN: UMEEKIN ESKALATZEN

Jaizkibeleko landetan gaude hirurok itsasoari begira, eta istant batez itxi ditugu begiak. Udagoieneko eguzkiak bere izpi gozoekin agurtzen gaitu, badoa bere amagana, mendebalderantza erretiroa hartzera. 

Egun ederra bizi izan duguna, zinez, kresal, harri, ume eta lagunez inguratuta.

 


Urteak dira ez dudala bloke eskalada praktikatzen eta, egia esan, inoiz ez nau gehiegi erakarri eskalada mota honek. Betidanik pentsatu izan dut lesiboa, gogorra eta izugarri fisikoa dela, hala ere, sare sozialei esker, aspalditik jarraitzen ditut modalitate honetan ibiltzen diren mundu osoko eta Euskal Herriko bloke eskalatzaileak. Bestalde, gehienetan sokarekin “dantzan” dabiltzan lagun eta ezagun askok sokarik gabeko eskalada hau ere noizean behinean jolasa bailitzan praktikatzen dute. Euskal Herrian aspalditik ezagutzen dugu blokea, baina gurean orain hamar bat urtera arte leku sekretu eta bakan batzuetan besterik ez zen praktikatzen; jakin badakigu inor ez dela profeta bere herrian. Gaur egun, ordea, gero eta zale gehiago erakartzen ari den eskalada mota dugu hau, izan ere, Larraona eta Jaizkibel bezalako guneak izugarri hazi eta espainiar Estatuko erreferente bihurtu dira.

Artikulu edo kronika honen izenburuari erreferentzia eginez, esan behar dut orain urtebete pasatxo bizitza erabat aldatu zitzaigula gure umearen jaiotzarekin. Onerako jakina. Guraso moduan, bere etorrerak ordura arte ezezagunak ziren ateak zabaldu zizkigun, eta ordutik mendia, natura, eta eskalada uztar ditzakeen orekaren bila gabiltza. Nire ustez, hor dago gakoa; orekan, alegia. Batzuetan erraza da, beste batzuetan, berriz, nekez lor daitezke gure buruan aurreikusten ditugun harri-proiektu eta amets guztiak. Egia esan, ez naiz oso aholku zalea, baina bidetik zerbait ikasi badut zera da: familian eskalatu nahi baduzue, ez zaitezte etxean geratu, inor ez baita zuen bila joango. Guri, behintzat, jarrera proaktiboa eta iniziatiba izateak begiak zabaldu zizkigun oso-osoan, izan ere, hurrengo lerroak jarrera horren ondorio dira. 


JAIZKIBEL

547 metrorekin Jaizkibel Gipuzkoako ipar-ekialdean dagoen mendia dugu, Higer lurmuturretik Pasaiako badiaraino doan mendilerroa hain zuzen, eta ekialdetik mendebaldera erliebe gorabeheratsua osatzen du. Mendiaren eremuak Hondarribia, Lezo eta Pasaia udalerrietara zabaltzen dira. Bestalde treking egiteko hamaika aukera desberdin eskaintzen dituen naturgunea da. 

Eskaladari dagokionez, orain hamar bat urte eskalatzaile talde batek ezagutzera eman zituen hango bulder problema batzuk interneteko orrialde baten bidez, eta geroztik izugarri hasi den gunea dugu. 2011-2012. urtean Jaizkibeleko eskalada-gida atera zuten, baina nik dakidala ordutik ez da bigarren ediziorik kaleratu. Hala ere, Interneteko blog desberdinetan arakatuz gero, edota Facebookeko Jaizkibel Boulder taldean sartuta, nahi besteko informazioa lor daiteke hango harrietara inguratzeko. Geuk, behintzat, Facebookeko orrialdera jo genuen informazio bila, izan ere, ez genekien ezer hango parajeen inguruan: non lo egin, aproxa, ura, eguzkiaren kokapena, sektoreak, harrien tamaina eta zailtasuna… txalotzekoa da informazio hori guzti hori biltzeko ardura hartu dutenen lana; zer esanik ez bulder problemak zabaltzeko eta ingurua garbitzeko hartu zutenen erantzukizuna. Eskerrik asko.

Iturria: Boulderjaizkibel.blogspot.com 

KRONIKA

Larunbata. Asteotan aiko-maiko ibili ostean, azkenean, furgonetari hautsa kendu eta aspaldiko partez alabatxoarekin eskalatzera joatea erabaki dugu; 17 hilabete ditu eta bizi-bizi dago, orain ez bada noiz joango gara ba? Gainera orain dela urteak ikusi ez ditugun lagun batzuk animatuko zaizkigu euren semetxoarekin. Piloa poztu gara euren erantzunaren berri izan dugunean, gutxitan egoten baikara umeak dituzten lagunekin; are gutxiago eskalatzen duten lagunekin. Bestalde, pandemiak ez du horrelako planak egiteko beta handirik eskaintzen, baina probintzien arteko “ateak zabalik” daudela aprobetxatuz, Jaizkibelera joatea erabaki dugu. Interneten apur bat arakatu ostean, jakin dugu Hondarribian, Guadalupeko santutegiko atzeko partean, lo egiteko aproposa den parking erraldoia dagoela. Horrelakoetan, furgonetarekin gaua egiteko lekua bilatzerakoan zalantzak etor litezke, izan ere, aspaldion isun nahikotxo jartzen dabiltza baimendutako lekuetatik kanpo lo egiteagatik. Hala, parkinera heldu eta autokarabana nahikotxo zeudela ikusita, patxadaz hartu dugu: gure txokoa aukeratu, afaria prestatu eta bost izarretako ilunabarraz gozatu dugu. Gaua ere kategorikoa izan da, bai horixe! Hotz eta ihintza bota duen arren, oso gustura egon gara, eta ondoen gure umea.

 

Hondarribiako parkinetik

Igandea. Eguzkia itsasotik jaio da, eta nahiz eta behe lainoak bere izpiei irteteko betarik ez dien eman, eguraldi bikaina dakarrela jakiteak izugarri animatu gaitu. Internet ez dabil oso ondo, beraz mugikorrean gordetako krokisei esker aukeratutako sektorera zelan abiatu aztertzen aritu naiz kafearekin batera. Lagunak jakinaren gainean daude eta gure asmoen berri eman diegu jada, hau da  Munandi eta Namaste eskalada sektoreetan ikusiko dugu elkar. Aitortu behar dut inoiz umearekin eskalatzera joan garenean, sektorearen aukeraketa nahiko zaila iruditu zaidala, izan ere, umea ahal denik eta ondoen, erosoen, edota seguruen egotea nahi dugu. Zoritxarrez, behin baino gehiagotan buelta eman behar izan dugu. Tira, jokoaren arauak dira, ezta? Gure kasuan, Jaizkibelen, a priori hurbilketarik errazena eta espaziorik erosoena eskaintzen duten sektoreak aukeratu ditugu; baliteke hauek baino askoz aproposagoak egotea, baina hango parajeak ezagutu ezean…

11:00ak inguru dira, eta eguzkiak epeldu du giroa. Gure gaueko parkinetik urrun samar geratzen denez eskalada gunea, furgoa hartu eta 4km gidatu dugu errepidearen eskumatara ikus daitekeen pista bat aurkitu arte. Eskaladarako tramankulu guztiak prest ditugu honezkero, baina umearen motxilatxoari errepaso on bat eman diogu garrantzizko zerbait uztearen beldur: kremak, tuperrak bazkariarekin, ura, pardelak, txupeteak, mantatxoak, jostailuak…eta abar.  Konturatu orduko oinez ari gara, eta, noski, umea bere mendiko-motxilan sartuta gozo-gozo. 

 

Sektoreko aprox.

Hasiera batean nahiko argi izan dugu norantz abiatu behar ginen, gidako erreseinak (Internetetik hartuta) nahiko argiak baitira. Bistak izugarri politak dira, eta nekez azaldu daitezke hitzen bidez. Aurrez aur Kantauri itsasoa guri begira dugu, eta gehien bat gora-behera egiten duten landak ikusiko dituzte gure begiek. Ezkerretara pinudi handia dago, non – gidak horrela dio – sektore ederrak bezain gogorrak aurki daitezke, eta eskumatara beste baso bat barrunda daiteke. Oharrek diote 15-20 minutuko paseotxoa dela aproxa, baina dagoeneko birritan galdu gara pinu eta pottoka artean. Harri askorik ez da ikusten ingurumarian, eta, berez, begietatik ihes egiten duten ehundaka harri barreiaturik daude ingurunean. Azkenean, 45 minutu eta atsedenaldi parea hartu ostean, aurretik fitxatuta geneuzkan sektoreetara heldu gara. Pandemiaren erruz eskalatzaile gutxi ibili da Jaizkibel inguruan, hala, sasitza izugarri hazi da eta lehen irekita eta garbi zeuden bideak orain naturak estali ditu. Umea oso ondo portatu da, eta nahiko entretenituta egon da han-hemenka ikusi ditugun ardiei eta mendizaleei begira. 


Gorago esan bezala, gaurkoan Namaste eta Munandi sektoreetan eskalatzea erabaki dugu. Berez, lehenengoa bide nagusitik, mendizaleek jarraitu ohi duten bidetik, metro gutxi batzuetara dago, baina esan bezala, hasiera batean naturak ostendu egin digu. Bista itzelak dituen sektore txikia da, eta gidak dioen moduan eguerdi inguruan eguzkiak jotze du. Umeekin egoteko nahiko aproposa iruditu bazaigu ere, gaur egun sektorea iratxez eta sasiz inguraturik dago, – Interneten ikus daitezkeen argazkietan ez bezala – eta haiekin jolasteko edota askatasunez mugitzeko dugun espazioa nahiko mugatua da. Argi dago, bertan gozatu nahi duenak edo besteei gozarazi, ordu batzuk sartu beharko ditu garbitzen, izan ere, garbiketa ere bada eskaladaren arlo garrantzitsua.  Horren harira, aldean neramatzan makil batzuekin sektoreko sarrera garbitu dut ahal izan dudan neurrian.  Eskalada problemak nahiko errazak dira, baten bat salbu, eta nahi izanez gero, punta batetik bestera zeharkaldia egiteko aukera eskaintzen digu haitz nagusiak. 
Garbiketa

Heldu eta ordu erdira ahots batzuk entzun ditugu, eta gure harridurarako umeekin datozen familia bi batu zaizkigu sektorera. Gure lagunak heltzear egongo dira, baina estaldurarik gabe gaudenez, ez dago jakiterik. Horrek, zinez, misterio eta abentura kutsua ematen dio gaurko egunari. Eskalatu eta, batez ere, umeei jaramon egin bitartean, eskaladari buruz nahikotxo hitz egin dugu heldu berriekin; tira, umeekin eskalatzeari buruz hizketan aritu gara. Ezagutu berri ditugun gurasoei ere gure antzera gertatzen zaie, eta sarritan nahiko bakarrik ikusten dute euren burua horrelako planak egiteko. Laburbilduz, guri gertatzen zaigun legera, eurek ere blokean aritzeari errazagoa eta praktikoagoa irizten diote. Egia esanda, horrelako elkarrizketek mesede handia egiten digute nire bikoteari eta niri, azken batean, konturatzen zara guraso eta eskalatzaile moduan sortzen zaizkizun zalantzak eta beldurrak beste askori gertatzen zaizkiola; askoren mina, zoroen atsegina.

Munandi sektorea


Handik eta ordu batera, sektorea nahiko txiki geratzen zaigula ikustean, Munandi izeneko sektorera jaistea erabaki dugu. Basotik maldan behera bi minutu eskas daude batetik bestera. Halako batean, gurekin elkartu behar ziren lagunak maldan gora ikusi ditugu, euren umea ere motxila barruan bilin-balan doala. Ia-ia agurtzeko astirik gabe beheko sektorean “oinarrizko kanpalekua” instalatzeko proposamena egin diegu, askoz erosoago egongo garelakoan. Esan eta egin. Motxilatik estera izugarri handia atera dut, eta bertan jarri ditugu umeak. Eurak, adi-adi, euren gurasoen joan-etorriak aztertu nahian dabiltza. 


Lastotxapel (6b+)

  

Iturria: Facebookeko Jaizkibel Boulder orrialdea

Oraingoan bete-betean asmatu dugula esango nuke, izan ere, bloke ederrak ditugu inguruan, batzuk oso errazak – hasi berrientzako modukoak –, eta beste batzuk nahiko gogorrak. Beste sektorearen aldean, hauxe apur bat ospela da, eta urriko eguzkiak nekez berotzen du jada.  Blokeei dagokienez, 6b eta 6c arteko problema desberdinak probatu ditugu, baita berotzeko V graduko batzuk ere. Halaber, harriaren kalitatea oso ona da, hareharri itsaskorra. Esan behar dut, han, Jaizkibeleko basoan barna, lagun eta umeekin galduta, istant batez oso sentsazio bitxia sentitu dudala. Batetik, lagunenganako begirunea eta esker ona sentitu dut, gurekin horrelako momentu gozo bezain ederra partekatu nahi izateagatik, eta bestetik, plazerra. Niretzat, aita moduan, bizitzaren arnasgunetzat ditudan momentuak seme-alabekin bizitzeak ez du preziorik.  

  

Munandi (6b) + bariantea (6a+/?)


Gerora, goian utzi ditugun familia biak sortu dugun txokora batu zaizkigu, baita bakar-bakarrik etorritako frantsez bat ere. Eta han, nonbait eta nolabait, eskaladaz eta familiaz gozatu dugu.  Horrelakoetan gertatu ohi den bezala, arin joan zaigu eguna eta konturatu orduko alde egin behar dugu. Gure lagunak han utzi ditugu, zoriontsu, egun zorgarri honen azken tantakadak edaten harri eta kresal artean, laster berriro elkar ikusiko dugun itxaropena galdu gabe.

Hurren arte!



No hay comentarios:

Publicar un comentario