BI ANAI
Gaurkoan amets batekin natorkizue, Bilboko anaia bik, lagun bik, Peruko mendilerro artean amestutakoarekin hain zuzen ere. Mendi eta eskalatzaile komunitatean beharbada ez dira oso ezagunak izango, baina ametsen munduan, nik dakidala, behintzat, ez dago ranking edo sailkapenik; hau da, bada, Franko anaien ametsa.
Aurreko udaran Ekuador eta Peru herrialdeetako bazter zoragarriak “road-trip” baten bidez ezagutzea erabaki zuten Xabik eta Aitorrek. Quito hiriburuan hasi eta herrialde horrek eskaintzen dituen paisaia basatietan barneratu ziren "Panita"rekin batera, Aitorrek Parisen egindako Ekuadorreko laguna , eta eskalatzaile ezin hobea. Horrela, Chimborazo sumendiaren hegalean dagoen El Acantilado de San Juan ibarrean egun batzuk kirol-eskalada egin ostean, hegoalderantz jarraitu zuten 3 lagunek. Hurrengo geldialdian, Cojitambo izeneko mendian luzeak eskalatzeko aukera ez zuten alperrik galdu aklimatazio gisa, izan ere, bidaiaren helburu nagusia erabat argi zeukaten Bilbotarrek; La Esfinge hormaren ekialdeko aurpegian ireki zen lehen bidea librean eta egunean eskalatzea.
Cerro Parón (5.325 m), La Esfinge izenaz ere ezaguna, Peruko Mendikate Zurian kokatua dago. Bilbotarrek aukeratutako bideak "85eko Bidea" du izena, 750m ditu eta ED mailako kategoria dauka. Antonio Gómez Bohórquez "Sevi"k eta Onofre P. Garciak ireki zuten 1985eko uztailaren 8an, zeinek 9 vivac behar izan zituzten paretan ibilbidea osatzeko.
La Esfinge
Mendikate Beltzaren hegalean, Hatun Matchay izeneko harrizko basoan, altuerako giroan eskalatzera moldatu ostean, aspaldiko sutxakurraren bilaketari ekin zion hirukoteak. Pozik zeuden, baina urduri aldi berean –hori barrundatzen zen telefonoaren beste aldean–, orain gutxira arte kimera hutsa baitzen eurentzat eskalada hura. Zorionez, nahiz eta nerbioak dantzari izan, Xabik tartea hartu zuen hurrengo orduetan bizi izandakoa bere eskaladen bitakora koadernoan xehetasunez jasotzeko, eta, bide batez, lagunei zein eskalatzaile komunitateari opari ezin hobea egiteko. Horra, bada, bere lekukotasuna euskarara ekarria[1]:
“Esfingea, bere handitasunagatik ezartzen duen tonu gorrixkako granitozko sugarra da. Begiratzen diozunean liluratzen zaitu. Indarrez altxatzen da Paron sakan basatiaren erdian, elurtutako muino ikaragarriz inguratuta, Huandoy, Artesonraju, Garcilasoren piramidea, Chararaju kasu, eta hainbesteko energia askatzen du, non begiratze hutsarekin eskuak izerditan hasten zaizkidan.
Panita eta Aitor; Huandoy mendia atzean
Bi ordu eta erdiko hurbilbidea egin ondoren, aurrez-aurre aurkitzen dugu zutik gure altxorra. Gora begiratzean korapilo bat sentitzen dut sabelean, baina hemen egoteaz pozarren nago, alpinismoak eskaintzen digun momentu magiko hau nire lagunekin elkarbanatuz. Soilik hemen egoteak merezi du.
Azkenean, bada, eguna heldu da. Iratzargailuak goizeko 4etan jo du eta begirik ez dudala batu iruditzen zait; izan ere betazalak astun sumatzen ditut, berunezko pertsianak bailiran. Uste dut altueran lo egitea eta nerbioak nire pertzepzioaren errudunak direla. Zakuaren barruan gosaldu ondoren, gauez gure dendetatik irten eta troka zeharkatu dugu, horma azpiko vivac batean bezperan utzitako materiala jasotzeko.
Bidean, sokak prestatu eta katuak jantzi bitartean, halako argitasun bat antzematen hasten da. Sebas -"Panita"-, konfiantzaz horniturik, lehen luzea erraz eskalatzen hasten da eta horrek konfiantza ematen digu. Lehenengo bost luzeak azkar eskalatu ditugu, berotan sartu gara berehala eta akats lelorik ez egiten saiatu gara, irristada soil batek gure hiruko kordada batera erortzea ekarriko bailuke.
Xabi zeharkaldian
Goizeko hamar eta erdiak dira, eta hamargarren luzeko diedro berde preziatuaren azpian kokatu gara. Oso motibatuta gaude eta hori nabari da giroan. Oso erritmo onean eskalatu dugu eta atseden hartzeko, eszenatokiaz gozatzeko eta gailurreraino igotzen jarraitzeko indarrak hartzeko garaia da.
Xabi arrakalarekin borrokatzen
Estrategiaren arabera, Aitorrek diedro ikusgarria igotzen jarraitzen du eguzki distiratsuaren azpian; izan ere, Peruko eguzkia konplize bihurtu dugu eta epeltasun horrek sentsazio oso onak ematen dizkigu. Hurrengo luzeetan erreleboa neuk hartu dut, -pozik gainera- eta tontorreraino jarraitzeko dauden ibilbide ugarietatik nabigatzera behartuta nago, arroka itsaso honetan marinel galdua izango banintz bezala.
Aitor "diedro berdean"
Abenturazko zenbait luzeren ondoren, lagunak segurtatzen ditudan bitartean, tontorretik bi tiradetara dauden hirugarren graduko terraza errazak ikus ditzaket. Helburutik oso gertu gaude eta euforiko nago. Zoratu beharrean.
Azken bilerako irteera gainditu ondoren, hasperen eta putz artean, gailurretik metro gutxira nago. Amets bat bizitzeaz pozik. Izan ere, adorea izan behar da amets egiteko eta zure ametsak bizitzeko arriskua izateko.
Gailurrera iristerakoan, elkar besarkatu eta Mendikate Zuriak eskaintzen dizkigun ikuspegiez gozatu dugu. Eguzkiak dir-dir egiten du oraindik, eta itzelezko ilunabarra oparitzen digu. Garrasi ozen batek isiltasuna urratu du. Lortu dugu. Hamar ordu eta erdiko eskaladaren ondoren, sentsazio eta emozio ikaragarriak bizi ondoren, Esfingearen gailurrean gaudela esan dezakegu.
Tontorrean
Hala ere, mendizale bakar batek ere ez du gailurra ospatzen zorura iritsi arte. Azken argi-orduetan jaitsiera-errapelen bila goaz, gailurra ipar-mendebalderantz zeharkatuz, eremu lauago batera iritsi arte. Kuartzitazko harkaitzezko mugarri batzuek lehen jaitsiera adierazten digute. Azkenean, izarrak eta ilargia lagun, kanpalekura heldu gara, txikituta, baina poz-pozik; izan ere, hasiera batean izar-iheskorra zirudien ametsari gogotik heldu diogu eta, istant batez, alpinismoaren zerura ukitzera eraman gaitu.
Esku artean geneukan helburua biribildu ostean, gutxi balitz bezala, gure bidaiaren azkenengo gailurra igotzeko gogoa agertu zaigu. Ekuadorrera bueltan, munduan dagoen sumendi aktibo garaienetako bat eskalatu dugu anaia eta biok, Cotopaxi sumendia (5.897m) hain zuzen. Honetan ere, zorionekoak izan gara. Eguraldia lagun izan dugu beti, altuera hauetan proiektuak aurrera eramateko ezinbesteko baldintza.
Aitor Cotopaxin
Ezer gutxi gehi diezaioket Xabik –blogaren bidez– gurekin partekatutako kontakizunari. Baliteke etorkizunean Franko anaien abentura hau haizeak eramatea, edota abentura berriak ekartzea. Kontua da, gaurkoan ipar haizeak, Euskal Herrian hainbeste maite duguna, gure belarrietara eta begietara ekarri duela euren ametsa; bada, eskerrik asko bikote gu ere ameslari bihurtzeagatik.
Karlos Aretxabaleta “Txapel”
Bedian, 2020ko ekainaren 22an.
Eranskina
Iturria: Topos Peru[2]
No hay comentarios:
Publicar un comentario