Lizarragako mendatean aparkatu eta Urbasa aldera zuzentzen
den pista zabaletik aurrera egin dugu. Elorri zuriak gertu. Laster, pista utzi
eta eskuin aldetik, xendarik gabe diagonalean mendi gandor aldera igotzen hasi
gara. Gora heltzean, marrazten den xendatik gandorrean zehar aurrera egin dugu.
Parez pare Beriain eta San Donato ermita eta behean, berriz, Unanu herria eta
Lizarragako harana.
Gandorretik aurrera eginez, Portupekolezeko parajera heldu
gara. Arku arrokatsu batek, dolina bat zeharkatzen alde batetik bestera. Bere
gainetik pasa gaitezke edota ezker aldetik inguratu. Mendebaldetik ere inguratu
daiteke eta horrela dolinaren hondoraino jaitsi arkuaren azpiko aldetik
pasatuz. Ingurune majikoa.
Jaitsitako lekutik bidera itzuli gara eta berriro
mendebalderantz jo dugu. Gandorretik gertu marrazten diren xendetatik aurrera
segitu dugu Lizarraga aldera dauden ikuspegiaz gozatuz. Harri suelto asko
dagoen ingurunera iritsi eta zertxobait igo dugu gandorraren ertzeraino.
Ollideko tontorrera iristean, Sakanako panoramika zabala izan dugu begien
aurrean. Ollide atzean utzi eta aurrerago segituz jaisten hasi gara Lizarragako
mendatetik datorren pista zabalera jaitsiz. Gertu dagoen San Adrian ermitarantz
zuzendu ditugu gure urratsak. Pista berriro utzi eta eskui aldetik ateratzen
den bidezidor batetik ermitaren ondoraino igo gara. San Adriango ermita,
airetiko ebaki batean kokaturik dago, Lizarraga herriaren gain aldetik. Parez
pare Berian eta Aralar. Gertu postontziak. Leku aproposa hamaiketakoa egin eta
naturaren opariez gozatzeko.
Hemendik aurrera, Lezaundira joan nahi dugu, baina
horretarako ezinbestekoa zaigu GPSa erabiltzea, baso artean xenda jakinik gabe
ibili behar dugu eta erraza da bertan galtzea. Beraz ERNE! Norbaitek bidearen
bigarren zati hau burutu nahi izanez gero, hobe du GPSan traka jaistea eta
bertako datuez baliatzea. Ez baduzue hori egin nahi, etorritako bidetik atzera
egin eta pista zabalera heltzean, hau banatu egiten da, erromatar galtzada gure
eskuinera utzi eta Lizarraga aldera zuzentzen dena hartu.
Guk makinatxoaren laguntzaz Lezaundira heldu gara. Ingurune
berezia bezain ederra. Itzulera zirkuluan egin dugu eta erromatar galtzadara
iristean bertatik bidegurutzera iritsi eta pista zabaletik Lizarragako
mendatera itzuli gara.
Klikatu hemen TRAKA (wikiloc) deskargatzeko
Klikatu
hemen ARGAZKIAK ikusteko
No hay comentarios:
Publicar un comentario