lunes, 21 de noviembre de 2016

Udalaitz (Udalatx) inguruko mendietan zehar

Anbotoren itzala gertu duela, mendi ederra da Udalaitz igotzea gustuko den horietakoa, behin goian zaudela alde batera nahiz bestera maldan behera dago eta. Kronikatxo honetan Udalaitz eta honen inguruko beste mendi batzuk ezagutzeko aukera ematen duen ibilbidea azaltzen dizuet, denetik duen ibilbidea, oinez eta eskaladatxo errazak tartekatuz egin daitekeena.

JARRAITUTAKO IBILBIDEA

Ibilbidea Arrasateko Udala auzoan hasi genuen. Udalatik atera eta lehenik Besaide mendia igo genuen eta Besaidetik, hasiera batean GR-121 ibilbidea jarraituz, Labasur.

Labasur menditik Gongeta eta Mirakeitza mendiak igo eta azkeneko honetatik jada Udalaitz arteko ertza jarraitu genuen, tartean Atxaurrutxagane eta Erdikoatxa mendiak igoz. Amaitzeko, Udalaitz menditik honen ipar ekialdean dagoen beste tontorra (gurutze handia duena) igo genuen.

Gurutzetik Udalara Udalatik datorren ohiko bidetik itzuli ginen.

IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 12,3 kilometro.
- Punturik baxuena: Udala auzoa, 480 metro.
- Punturik altuena: Udalaitz, 1.120 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 900 metro inguru.
- Igotako mendiak: 7.
- Ura: Ibilbidean bi iturri topatu genituen, bat Udala auzoan eta bestea Besaidera iritsi aurretik.
- Zailtasuna: Ibilbidea nahi adina zaildu daiteke. Guk topatu genuen haizetea dela eta ertzan ahalik eta leku errazenetik joan ginen inongo momentuan eskaladarako pausurik egin gabe. Hori bai, ertzetan ibiltzeko eskarmentua izatea komeni da, pausu batzuk arriskutsuak izan daitezke eta, baina esan bezala, pausu guztiak ekidin daitezke. Eixittako kobia-ra bisita egiteko asmorik baduzue belar inklinatuan egiten den 3-4 metroetako ageriko zeharkaldia egin beharko duzue. Belarra bustia egon ezkero oso arriskutsua izan daiteke, hainbat metroetako erorketa bertikala dauka eta.
- Eramandako material teknikoa: Ez genuen material teknikorik eraman.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: Lau ordu eta erdi, atsedenaldiak barne.

ARGAZKI BATZUK

Besaidera iristen.


Erdikoatxan.


Udalaitz ikusgarria benetan.


Ertzaren pasarte batean eta jarraituko genuen bidea.


Atzera begirada Udalaitzetik egindako jaitsiera.



Argazki, informazio gehiago eta ibilbidea deskargatu nahi baduzue: http://www.smithyrenbloga.com/2016/11/udalaitz-inguruko-mendietatik-zehar.html

No hay comentarios:

Publicar un comentario