Lekunberri nahiz Uhartetik bertara kotxez iritsi daiteke, oinez aldiz, ibilbide asko dira bertara eramaten dutenak, ezagunenak beharbada Uharte eta Baraibarko bideak eta Larraitz nahiz Eniriotik Errenaga eta Guardetxetik pasatuz datorrena.
San Migueleko Santutegia, ederra benetan.
San Miguel mendiaren ipar ekialdean antena eta burdinez "kutsatutako" Artxueta mendia dago, aurrekoa baino altuagoa. San Miguelera igotzen diren mendizale askok ez dira Artxuetara igotzen, bertako ikusmira galduz. Sakanaren gainean atalaia ikusgarria da eta bertatik dugun ikusmira ez dago San Miguelen. Mendi honetara ere, nahi izan ezkero, kotxez igo daiteke.
JARRAITUTAKO IBILBIDEA
Uharte Arakilen hasi eta hemendik gora San Miguelera doan ohiko bidea jarraituko dugu, tartean Amorleku trikuharria bisitatuz. Igoeran Otsopasajeko trikuharria bisitatzeko aukera ere badago, baia ez nuen topatu, igoeran sufritu nuen haizea dela eta itsu-itsuan igo nintzen eta.
San Migueleko Santutegian gorputz eta arimari atsendetxo bat eman eta Artxueta mendia bisitatuko dugu. Uhartera itzultzeko "Meatzeko bidea" jarraitzeko proposamena luzatzen dizuet. Honetarako Lekunberrira doan errepidea 15garren kilometroraino jarraitu eta bertatik abiatzen den bide bat jarraituz meatzetako bidearekin bat egingo dugu. Jaitsieran, GR-20 ibilbidearen D.4 saihesbidea jarraituz, Luperta trikuharria bisitatzeko aukera izango dugu.
IBILBIDEAREN DATU BATZUK
- Luzera: 17,5 kilometro.
- Punturik baxuena: Uharte Arakil, 460 metro.
- Punturik altuena: Artxueta, 1343 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 1030 metro.
- Igotako mendiak: 2.
- Ura: San Miguelen ura hartu daiteke (taberna eta komunak daude), dena den, komeni da ura eramatea.
- Zailtasuna: Bideak ez dauka zailtasun berezirik, baina jaitsierako bidean kontu handiz ibili behar da ez galtzeko.
- Eramandako materiala: Ez da material teknikorik behar.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: 2 ordu eta 50 minutu atsedenaldiak eta "galduta" ibilitako tarteak kontutan hartuz. Tarte batzuetan korrika txikian aritu nintzen, beraz, ibilbidea oinez egiteko asmoa baduzue kontutan izan.
Bidea deskargatu nahi baduzue.
Informazio eta argazki gehiagorako: http://www.smithyrenbloga.com/2016/01/san-miguel-1237-m-eta-artxueta-1343-m.html?m=1
No hay comentarios:
Publicar un comentario