viernes, 12 de febrero de 2016

Egino: "Batean kale, bestean bale" bidea, 230 metro, V.

Gezurra badirudi ere Eginon oraindik badago zer ireki eta kronikatxo honetan Eginon beharbada ireki den azken eskalada bidearen berri ematen dizuet: "Batean kale bestean bale". Bide hau ez dugu uste hainbat luzeetako eskalada klasikoan hasiberriak direnei zuzendutako bide bat denik, gainera oraindik garbiketa lan garrantzitsua behar du, baina lan hau egin ezkero bere xarma basatia ere galduko luke. Bidea ez da txarra, baina ez zigun kristoneko gustu eta sentsazio ona utzi, ziurrenik pasatako ezusteen eraginez. Hala ere bosgarren luzea eta hirugarrenean zeharkatzen den ertz zorrotza ikusgarriak dira benetan, nahiz eta bigarren kasuan harkaitz onik ez izan.

BIDEAREN DATU BATZUK

Luzera: 230 metro.
Luzeak: 6.
Nork irekia: Koldo eta Iker 2015eko urriaren 31an.
Zailtasuna: V. Luzez-luze: 1ºL: IV (40 m), 2ºL: III (50 m), 3ºL: IV (45-50 m), 4ºL: IV- (15 m), 5ºL: V (50 m) eta 6ºL: IV (40 m). Bidea ekipatu gabea dago eta, Ikerrek eta Koldok dioten moduan, bide "basatia" da, oraindik harri eta harkaitz aske eta hautsiak dituena. Nahiz eta zailtasuna handia ez izan ez dut uste mota hontako eskaladan hasiberria den batentzat egokia denik.
Orientazioa: Hegoaldea, udan bero handia pasa daiteke. Honegatik ura eramatea gomendatzen dut.
Hurbilketa: kotxea uzten den lekutik 20-25 minutu.
Jaitsiera: Aztorea eta Usoatik jaisten den ohiko bidetik. Bidearen amaieratik Eginora 40 minutu inguru.
Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdinetako 12 express zinta eta zinta batzuk (batzuk luzeak) bilgune eta harkaitz-zubietarako. Aseguruei dagokionez Alien semaforoa (grisa ere bai), Camalot jokoa eta Lincam hori eta gorria. Ez genituen fisurerorik eraman baina hauek jartzeko leku paregabeak daude. Walkie-talkie pare bat ere eramatea komeni da bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
Bidea eskalatzeko pasatako denbora: Izandako komeri guztiak barne 5 ordu.

BIDEAREN KROKISA

Bidearen kokalekua. Ondoan dituen Udaberri, Berta eta Elmer bideak adierazi ditut kokalekuaren ideia zehatzago bat egiteko.


Krokisa zehatzago.






Informazio eta argazki gehiagorako: http://www.smithyrenbloga.com/2016/02/egino-batean-kale-betean-bale-bidea-230.html?m=1

Bidea ireki zuten Iker eta Koldoren deskribapena: http://mendiaetaeskalada.blogspot.com.es/2015/11/batean-kale-bestean-bale-egino.html.

No hay comentarios:

Publicar un comentario