Palasek ez ditu hirumila metro eta gainera Balaitus handiaren itzalpean dago. Osagai hauekin nahiz eta Palas mendia oso
erakargarria ez iruditu, baditu erakargarri bihurtzen dituen beste
ezaugarri batzuk: Piramide itsurako mendia, haurrek margotzen duten
horietakoa (niri K2 mendia gogorazten dit), edozein lekutik igotzen
garela eskalatzea eskatuko digu, bertatik dugun ikusmira ikusgarria da,
batez ere Balaitus eta Frondiellak mendietara, eta gainera, egunean igo eta jaitsi nahi ez
bada, Frantzian bi aterpeetan (Arremolit eta Larribet) eta mugatik hona
Arriel aintziretan lo egiteko aukera dago. Zer gehiago eskatu daiteke?
Errepor honetako ibilbidea La Sarra urtegitik doan ohiko bidea da, Ledormeur tximiniatik doana. Kotxea Sallent de Gallego herriaren
ondoko urtegi honetan utzi eta hemendik Respomuso aterpera doan GR-11
ibilbidea ordu betez jarraituko dugu, Arriel aintziretara doan
bidegurutzera iritsi arte (bidegurutzean indikazio poste bat dago).
Hemen GR-11 bidea utzi eta Arriel aintziretara doan bidea hartuko dugu.
Goiko Arriel aintzira atzean utzi ondoren Lavedan mendatera doan bidea
jarraitu eta bertara iritsi aurretik ezkerrera (ekialdera) hartuko dugu
tximiniaren sarreraraino (bertan, harkaitz batean tximiniaren sarrera
adierazten duen kartel hori bat dago).
Tximiniak
zailtasun handirik ez dauka eta II edota II+ inguruan dabil, baina
kontuz ibili beharra dago azpitik datozen mendizaleei harririk ez
botatzeko, honegatik, nire ustez behintzat, igoera hau egitekotan kaskoa
eramatea ezinbestekoa da.
Tximinia igo ondoren Palasen
gailurreraino oinez iristen da, tarteka, leku isolaturen batean, eskuak
erabilita. Dena den, tximiniaren irteeratik gora harri aske pila dago,
honegatik hemen ere kontuz izan behar da harririk ez botatzearekin,
batez ere egiten den lehen zeharkaldian botatzen ditugun harri guztiak
tximiniaren gainera erortzen dira eta.
Jaitsiera bide
beretik egiten da. Duela urte batzuk tximiniaren jaitsiera errazteko
hiru rapel puntu jarrita zeuden, parabolt, uztai, kate eta guzti, baina
orain kenduta daude. Hau kontutan izan behar da jaitsieran ezustekorik
ez izateko, sokarik eraman behar baduzue, rapelak zuek muntatu beharko
dituzue eta.
Informazio eta argazki gehiagorako hemen klik egin dezakezue.
Amaitzeko irteeraren bideoa uzten dizuet, espero dut gustuko izatea.
No hay comentarios:
Publicar un comentario