sábado, 10 de agosto de 2024

Kodesko Penitenteak

 

Ederra bezain ikusgarria den ibilbidea proposatuko dugu gaur. Kodesko “Penitenteak” edo monolitoak deituriko haran estutik igoko gara Joarreko tontorrera eta horretarako biderik zailena eta ezagunena aukeratuko dugu.

 

Kodesko Santutegitik abiatuko gara eta horretarako, Kodes mendilerroaren magalean kokatzen den  Torralba del Rio herriraino joango gara. Kodesko Ama Birjinaren santutegia Kodes mendiaren babesean dago, Arabako mugan. Nafarroak mendebaldeko mugan duen azken mendigunea da. Gaur egungo jainkotegia XVI. eta XVII. mendeen artean eraiki zen, lehenago, X. mendean monasterio hispaniar-bisigodoa zegoen. Santutegiaren goi aldetik ateratzen den lurrezko pista zabala hartuko dugu eta mendizerraren paraleloan abiatuko gara. Berehala, eskuinetik ateratzen den balizatutako xenda hartuko dugu aurrerago berriro pistarekin bat eginez. Bidea ez da oso erraza, pista asko baitaude eta agian zenbait lekutan intuizioaren laguntza ere behar da monolitoen oinera iristeko. Bi Ahizpen ondora heltzean, pista utzi eta hauen artean sartzen den haran txikian murgilduko gara hasieran bide zabaletik eta gero xenda estua segituz. Haizpitartean marrazten den bidea itzalean egingo dugu eta tarteka aldatsak oso gogorrak gertatuko zaizkigu.

 



Eguraldi busti edo hezearekin arriskutsua gerta daiteke. Behera begiratu eta hortxe ikusiko ditugu ilaran jarrita Ahizpa Handia, Ahizpa Txikia, Punta Redonda eta Risco Royo haitzek osatzen duten multzo ikusgarria bezain ziragarria. Penitenteen Haizpitartea eremu zaila da, pikoa eta nekagarria, tarteren batean tentu handiz ibili beharrekoa. Beraz, eskarmentu pixka bat edukitzea komeni da paraje hauetan murgildu eta naturaz gozatzeko. Monolitoen artean handienek "Kodeseko Bi Ahizpak" izena hartzen dute (nahiz eta benetan lau izan). Kondairaren arabera, bi omen ziren paraje horretan, beren amaordearen jopu edo esklabo. Eta halako batean, ihes egin omen zuten eta basoan ezkutatu. Iluna etorri eta bi ahizpak ez zirela etxeratu konturatuta, amaordeak  madarikazio ikaragarri bat bota zuen: 'Harri bihur daitezela' esan omen zuen haserre. Andreak ez zituen gehiago ikusi, baina Kodesko bidean bi harkaitz sortu ziren, bata handia, bestea txikixeagoa.

 


Haizpitartetik ateratzean, bidea erosoagoa gertatuko zaigu. Botatako izerdia lehortu, zintzurra freskatu eta atsedena hartzeko beta hartzen dugun bitartean, atzera begiratu eta honaino egindako bideari eta honen alboetara altxatzen diren “penitentei” azken begirada botako diegu. Itzela ahalegina, ikusgarria paisaia. Merezi du. Gure ibilbidearekin jarraituko dugu eta Joarreko tontorra aurrez aurre dugularik, Peña Blancaren magaletik marrazten den xendatik Pico Royo aldera joko dugu eta hau inguratuz tontorrera igotzeko azken maldari ekingo diogu. Joarreko antena zatarraren ondora ailegatzeko azken ahalegina egingo dugu haitz artean marrazten den bidetik gora eginez. Tontorrean dagoen buzoiaren ondoan hamaiketakoa egin eta panoramika zabalaz gozatzeko aukera bikaina izango dugu.

 



Atsedenaren ostean, La Llanako lepora jaisten hasiko gara pagadian zehar. Aurrez aurre La Planako tontorra. Lepora iristean, santutegi aldera zuzentzen den bide harritsuak gure belaunak “zigortuko” ditu. Los Cencerros Haitz ikusgarriaren magaletik irekitzen den xendatik basoan murgilduko gara eta kontu kontari, pista zabaletik jaitsiz santutegira iritsiko gara.

 

 

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko

https://askemikel.blogspot.com/2015/08/kodesko-penitenteak.html

 

 



Powered by Wikiloc

No hay comentarios:

Publicar un comentario