PR-BI 81 GALDARAKO BIRA.
Egilea: Iosu Alberdi Balzategi
Hiru arrazoik ekarri
gaituzte ibilbide hau egitera. Lehenengoa, Galdara bera, benetan mendigune
karstikoko sakonune bitxia delako. Bigarrena, Patakon bidelapurraren ibileren
oihartzuna, Galdara izan omen baitzen haren ezkutalekua eta hirugarrena,
Islandiako espatoa, Galdaran egon omen zen eta, bere gardentasunagatik, munduko
espatorik ospetsuena produzitzen zuen meategiak. Azken bi hauek, gainera, Uxue
eta Olatz, gure 11 urteko alaba bikiak, erakartzeko erabakigarriak izan
direlakoan nago. Hauek, mendizale jatorrak izateaz gain, bidaiari amesgile eta
abenturazale amorratuak ere badira eta.
Has gaitezen beraz,
Galdarako birarekin. 2018ko urriak 7 ditu.
0,00 km | 355 m | 11ºC | 10:45ak
dira. Dimako Artaun auzotik irten gara PR-BI 81 ibilbide laburren lehenengo
bide-seinaleak markatzen duen norabidea jarraituz. Kitzikatuta gaude, XIX. mendeko
esploratzaile erromantikoen antzera. Topatuko dugu galdutako meategia?
Aurkituko dugu Patakonek bidelapurrak ezkutatutako altxorren bat?. Momentuz
ateri dago baina aurreikuspenak ez dira oso onak. Desagertzen hasia den lanbro
arin batek zerua estaltzen du.
Artaun pista batetik
atzean utzita, hasieran ekialderantz abiatu gara baina 600 m ibili ondoren
iparralderantz egiten du bideak. Lur eta hartxintxarrezko pista hormigoizkoa
bihurtzen da hemen eta aldapa gogortzen da franko. Ostarte batzuk zabaltzen
dira eta Galdara izenaren zergatia azaltzen diet Uxueri eta Olatzi. Izen
deskriptiboa da Galdara, hau da, ingurunea deskribatzen du, besterik ez, beraz,
galdara edo kubeta erraldoi batean sartuko gara gaur. Horretaz gain, Galdara
izenak, egun sargorietan han egiten duen bero itogarriaren berri ere ematen
digu. Hormigoizko pista pinudiak inguratuta dago baina, hala eta guztiz ere,
Artaungo argazki polit batzuk ateratzeko aukerak izan ditugu.
1,25 km | 510 m | 11ºC | 11:15ak
dira. Bigarren bide-seinalera heldu gara. Hormigoizko pistatik jarraitzen duen
PR-BI 82 alde batera
utzita guk ezkerretara
hartu dugu, ipar-mendebalderantz. Behin bidea hartuta, gora doan bide nagusiari
jarraituko diogu beti. Euria egin barik jarraitzen du eta ostarte gehiago ireki
dira. Pinu artean segitu dugu hasieran baina
550 m ibili ondoren pinudia atzean utzi dugu eta paisaia erabat aldatu
da. Mendigune karstikoko paisaia zoragarri batez inguratuta gaude orain. Artadi
kantauriar oso berezia daukagu aurrean.
2,25 km | 590 m | 11ºC | 11:40ak
dira. Odiol depositura heldu gara. Ateri dago eta eguzki izpiez gozatzeko
aukera daukagu. Aurreikuspenak ikusita sinestezina dirudi. Hemen, zuzen, ipar-mendebalderantz
jarraitu dugu beste 800 m gutxi gora behera, orduan, berriz iparraldera egin
dugu Urtemondo aurrez aurre genuelarik. Artadia atzean utzi dugula konturatzen
gara eta elorri zuriaz eta hurritzaz inguratuta gaudela konturatu gara. Segidan
argigune batera iritsi gara eta bertan antzinako galtzada baten aztarna
nabarmenak ikusi ditugu. Bertatik abiatu gara elorri zuri eta kareharrien
artean eta aldapatxo bat igo ostean hortxe agertu zaigu Galdarako kubeta
zoragarria, inguratzen duten Urtemondo, Apala, Kañometa, Belatxikieta,
Krutzuaga, Gorritxueta eta Pagazelai mendiek zainduta. Zirraragarriak izan dira
oso, benetan, bai Galdarako sarbidea den galtzada zaharra topatzea, bai
Galdarako atea den Urtemondo eta Pagazelai arteko mendi-lepoa zeharkatu eta
Galdara barruan sartzea.
Orduan, Patakon
bidelapurrarekin akordatu gara. “Patakon, dekonari kendu eta eztekoneri emon”
edo “Patakon uzabari kendu eta alargunei emon” bezalako esaerak heldu dira gaur
egun arte jardun zuen inguruetan, hari buruzko oroitzapen kolektiboa gordez.
Zalantzarik gabe, gure Robin Hood izan zen Manuel Antonio Madariaga Ustara,
Patakon (Galdakao, 1796 - Afrika, 1850). Bere ekintzak, batez ere, Bizkaian
burutu zituen baina baita Gipuzkoan eta Araban ere eta bere ezkutalekua Legarmendi
mendilerroan
izan zuen, Galdara
sakonunean hain zuzen ere. Kartzela ugari ezagutu zuen, batzuetan ihes egitea
lortuz eta besteetan indultuen bitartez aske geldituz.
Bere bizitza Afrikan amaitu egin omen zuen. Kondairak dio bere zaldiaren ferrak
aldrebes jarriz bere jazarleak nahasten zituela eta oraindik haren oinatzak topa
daitezkeela Legarmendi mendilerroan sakabanatuta. Beraz, Haiek bilatzeari ekin
diogu, ea topatuz gero, amarrua ezagututa, Patakonek berak ezkutatutako altxor
bateraino eramaten gaituzten.
Gutxi gora behera, beste
500 m egin ditugu galtzada zahar honetatik, hauxe berriro desagertu arte,
Mugarrikolandarako saihesbidera heldu baino apur bat lehenago. Zoritxarrez,
erabat lainotu egin da eta lanbroa jaitsi da berriro ere.
3,65 km | 675 m | 9ºC | 12:20ak dira.
Hirugarren bide-seinalera heldu gara. Euria gogotik ari du. Mugarrikolandarako
saihesbidea zelai batean dago. Guk PR-BI-83 alde batera utzita ezkerretara
hartuko dugu, ipar-mendebaldera berriro ere. Ondo markatuta dagoen artzain bide
batek Belatxikietako saroiraino eramango gaitu, Galdarako eremu sakonena
inguratuz.
Uda honetan Lanzaroten
egon gara eta han ere “caldera” batzuei buelta emateko aukera izan dugu.
Caldera Blanca etorri zaigu burura. Sumendi baten Kraterra ere ematen du
batzuetan gure Galdara honek. Horrela, Geologiaren ildotik jarraituz,
Islandiako espatora iritsi gara eta nola, hor nonbait, ahaztuta eta galduta,
mineral honen meategi bat omen dagoela azaldu diet Olatzi eta Uxueri. Zein
interesgarria izango litzateke hura topatzea, baina ia ezinezkoa ematen du
erreferentziarik gabe eta ez dugu haren kokapenaren erreferentziarik topatu
inon ere ez. Ez diogu utziko baina bilatzeari. Agian beste batean…
4,65 km | 630 m | 9ºC | 12:55ak dira.
Belatxikietako saroira heldu gara, han 4. bide-seinalea topatu dugu. Aitzinean
saroi zena orain atsedenleku bilakatu da eta artzainen bordak txoko eta elkarte
bihurtuta aurkitu dugu. San Inazioren baseliza ere ikusi dugu bertan eta
haren atzean Belatxikieta gailur belartsua. Euria ari du eta behe-lainoa
aspaldi sartu da. Baselizaren babesean, indarrak hartzeko, zer edo zer jan
ostean aurrera egin dugu. Bidebanatzean, gure markak jarraituz, ezkerretarantz hartu
dugu, mendebalderantz, Belatxikietatik Lemoako Gandarias auzora bajatzen den
bidezidorra hain zuzen ere. 750 m ibili ondoren, beti beherantz, kortxila edo
saletxe batera heldu gara eta segidan pista batera. Guk norabidea mantenduz ezkerretara
egin dugu. Pista hau jarraituta berehala heldu gara gure ibilbidearen 5. bide-seinalera.
5,75 km | 540 m | 10ºC | 13:30ak
dira. 5. bide-seinalera heldu gara. Hemen Lemoako saihesbideak beherantz
jarraitzen du. Guk aldiz, Artaunera doan bueltako bidea hartu dugu, ezkerretara
eta gorantz, hego-mendebalderantz, abiatu gara. Hemendik Artaunera bide osoa
pistatik egin dugu eta ez gara berriro Galdaran sartu. Galdara hegoaldetik
inguratzen duten mendi-lerroaren hego-aurpegitik doa pista hau. Horretarako,
lehenik eta behin, Burbillara igotzen duen tontorretik oso gertu pasatuz.
Beraz, biraren zati interesgarriena egin dugunez, eguraldiak hobetzen ez
duenez, eta 14:30etarako Artaunen egon behar garenez, hango jatetxe famatu
batean mahaia erreserbatua daukagulako, gure martxa bizkortu dugu. Pago eta
lizar landaketek inguratzen dute pista Burbillako igoera honetan.
6,50 km | 640 m | 9ºC | 13:45ak dira.
Burbilla gailur ondotik pasatu gara baina ez dugu pista laga buzoiraino
joateko. Atertu egin duen arren lanbropean jarraitzen dugu eta ez dugu izango
bistaz gozatzeko aukerarik. Beraz, ez joatea erabaki dugu, gainera, justu samar
gabiltza aurreikusitako ordurako heltzeko. Hemendik aurrera pistak beherantz,
mantso-mantso, eta hego-ekialderantz egiten du. Ibilbidearen zati honek pinudi
polit bat zeharkatzen du eta oso erosoa eta atsegina da. Pinudia pasatu
ondoren, Arritxikietara heldu baino lehenago, lainoa altxatu eta Pagazelaiko
hego-aurpegia ikusteko beta izan dugu une batez.
7,45 km | 595 m | 9ºC | 14:00ak dira.
Arritxikieta gailur ondotik pasatzen gara baina hemen ere bistaz gozatzeko aukerarik
izango ez dugunez, Tontorreraino
ez hurbiltzea erabaki dugu. Beraz, gelditu barik jarraitu dugu aurrera.
Hemendik aurrera jaitsiera areagotu egiten da nabarmen.
7,65 km | 580 m | 9ºC | 14:10ak dira. 6. bide-seinalera heldu
gara. Eguraldiak ateri eusten dio. Markak jarraituz eskumara egiten dugu.
Hasiera batean hegoaldera egiten du pistak baina 250 m ibili ondoren,
hego-ekialdera egiten du berriro ere eta norabide hori mantendu dugu
Kortamendietako ipar-magaleko pinudian dagoen bordara heldu arte.
8,70 km | 510 m | 10ºC | 14:30ak
dira. Kortamendieta inguruko bordara heldu gara. Euria hasi du berriro ere.
Borda pinudi batean dago, sasiek estalita. Hala ere, oraindik errez ikusten da.
300 m aurrerago pistak norabidea aldatu du hegoalderantz eta jaitsiera oraindik
gehiago areagotu da baina beste 500 m ibili ondoren, berriro ere,
hego-ekialderantz egin du eta horrela jarraitu dugu, beti ere beherantz,
Artaunera iritsi arte.
10,11 km | 355 m | 11ºC | 14:45ak
dira. Artaunera heldu gara. Gutxi gorabehera aurreikusitako denboran, ibilbidea,
11 urteko bi neskatxoekin egin dugula kontuan hartuta. Euria barra-barra ari du
eta mela-mela eginda gaude. Espato meategiaren edo Patakonen arrastorik topatu,
ez dugu topatu ez, baina amestu, pila amestu dugu paraje zoragarri hauek
zeharkatzerakoan. Horregatik, oso pozik gaude. Ibilbide hau ikaragarri polita
da. Benetan gomendagarria.
Ibilaldia amaituta,
arropaz aldatu eta goxo-goxo bazkaltzera joan gara Artaunen bertan, baina hau,
beste kontakizun bat izango litzateke.
FITXA TEKNIKOA
|
|
IRTEERA
|
DIMAKO
ARTAUN AUZOA (BIZKAIA)
|
HELMUGA
|
DIMAKO
ARTAUN AUZOA (BIZKAIA)
|
DISTANTZIA
|
10,11
Km
|
METATUTAKO
ALTITUDEA
|
447
m
|
DENBORA
|
4
h
|
ZAILTASUNA
|
ERTAINA-TXIKIA
|
DATA
|
2018/10/7
|
KARTOGRAFIA:
MTN ráster CC-BY 4.0,
Instituto Geográfico Nacional (IGN)
Ortofoto PNOA CC-BY
4.0, Instituto Geográfico Nacional (IGN)
BIBLIOGRAFIA ETA WEB
ORRIAK:
Ibilbideak – Bizkaiko
Mendizale Federazioa
Mendikat
Manuel Antonio
Madariaga – Wikipedia, entziklopedia askea
Mineralesagus.blogspot.com
Salida geológica a Dima
Artaun Vizcaya.
No hay comentarios:
Publicar un comentario