Zallako Ibarra auzoko
Longar poligonoan dagoen KZgunearen ondoan emango diogu hasiera ibilaldiari.
Gertu dagoen Bi-R6 Zalla-Balmaseda bidegorrira malda txiki batetik igo eta
aurrera egingo dugu. Kadagua ibaiaren ondora iristean, Donejakue bidearen
seinaleak ikusiko ditugu. Bide honi Ahaztutako Bidea deitzen diote, Bilbon hasi
eta mendebalderantz abiatzen da Alonsotegi, Güeñes, Zalla eta Balmasedan zehar.
Balmaseda zeharkatu ostean, Bizkaia atzean laga eta Burgosen murgiltzen da
Menako haranean.
Laster, bidegorria
utzi eta ezkerretik ateratzen den xendan barrena abiatuko gara. Xenda bitan
banatzen den lekuan, ezkerrekoa aukeratuko dugu, Kukubidexka izena duena hain
zuzen ere, begiratokira doana bueltakoan ezagutuko dugu. Errepidearen gainetik
pasatu eta gero, xenda pista zabala bihurtu eta maldan gora jarraituko dugu.
Errekaren paraleloan marrazten den bide zabalaren malda pikotik altuera
irabazten jarraituko dugu. Eskuinetik ateratzen den lehen pista utzita, beste
bidegurutze batera helduko gara eta bertan, harri batean idatzitako “kastroa”
izenak erakutsiko digu aukeratu beharreko bidea. Bide zabalak xenda hestu bati
txanda eman eta bertatik igoko gara Bolunburuko kastroaren sarreraraino.
Juan Luis Diéz
basozainak ustekabean aurkitu zuen kastroa. 1988an, paraje hauetan sute bat
piztu eta harresi baten arrastoak aurkitu zituen. Lau urte beranduago, 2002tik
aurrera, hainbat zundaketa eta indusketa arkeologikoak egin izan dira. Kastroa
txiki xamarra da, lau mila metro koadro ingurukoa. Bigarren Burdin Aroko
herrixka gotortua da Bolunburukoa, K.a. IV. mendetik eta K.o. I. mendera arte
landa-komunitate txiki bat bizi izan zen bertan modu egonkorrean. Harresitutako
esparru bat eta kanpoko lubaki bat dauzka, hegoaldeko aurrealde guztian; horixe
baita sarbiderik errazena.
Kastroaren
barrualdean, etxaldea terraza hestu batean antolatu zen. Etxebizitzak oinplano
angeluzuzeneko etxola arruntak ziren, eta material galkorrekin eraiki ziren.
Eraikuntza horitako batzuk identifikatu ahal izan dira herrixkaren mendebaldeko
muturrean, baita zeramika eta esku-erroten hondakinak ere. Burdin Aroan,
kastroak botere guneak ziren, eta horietatik antolatzen ziren inguruko
lursailak, modu hierarkizatuan. Garai nahasia izan zen, eta defentsa premiak
erabakigarriak izaten ziren bizitzeko guneak aukeratzeko; hain justu leku
garaiak eta inguruak begiz erraz kontrolatzeko modukoak aukeratzen ziren. Zalla
haraneko eremu zabal bat kontrolatzeko aukera ematen du eta, gainera, sarbide
zaileko harkaitz-irtengune batean kokatuta zegoenez, harresia hegoaldean baino
ez zen eraiki behar izan.
Kastroaren eremua
bisitatu ondoren, herri gotortuak duen sarrera bakarretik aterako gara.
Etorritako bidetik maldan behera egingo dugu eta, bigarren bidegurutzean,
ezkerrera joko dugu. Aldapa labur bat igo eta eskuinetik jarraituko dugu. Basoa
zeharkatu eta aldapa pikoak aurrez aurre ikusiko dugun begiratokira eramango
gaitu. Talaia eder honetatik Bolunburu auzoko altxorrak ikusiko ditugu,
burdinola zaharraren aurriak Kadagua ibaiaren ertzean lehenik eta, aurrerago,
Santa Ana ermita eta dorretxea.
Bertara joateko, bide
nagusira itzuliko gara eta egurrezko maila batzuen laguntzaz altuera erraz
galduko dugu bidegorrira helduz. Bertatik aurrera egin eta berehala, ezker
aldean Sorginen zelaia (seinalean “Las brujas“ multzoa jartzen du) ikusiko
dugu. Ibaiaren ondoan akelarreak egiten eta biribilean dantzatzen omen zutela
dio kondairak. Bidegorrira itzuli eta zubitik ibaiaren beste aldera pasa eta,
berehala iritsiko gara Bolunburuko burdinolaren hondarren ondora. Kadagua
ibaiaren arroan, hainbat eta hainbat burdinola eraiki zituzten, eta gaur egun
aztarna gutxi batzuk baino ez daude, horietako bat dugu Bolunburukoa. Gertu
dauden dorretxea (XVI. mendea) eta Santa Ana ermitarekin (1610. urtea) monumentu
multzoa osatzen dute.
Abiapuntura
itzultzeko tenorean, buelta eman eta etorritako bidegorritik aurrera egingo
dugu. Bolunburuko atsedengunea zeharkatu eta ibaiaren ertzean kokatzen den
Gobeo auzoaren etxe ondotik Ibarra auzora iritsiko gara, abiapuntura hain zuzen
ere.
Klikatu
hemen ARGAZKIAK ikusteko
http://askemikel.blogspot.com/2023/02/bolunburuko-kastroa.html