Iturriotz leku
estrategiko oso garrantzitsua izan zen XVIII. mendearen amaierara arte,
barnealdea eta Gipuzkoako kostaldea lotzen zituzten bideen bidegurutzea.
Mendeetan zehar, artzain, mandazain, gerrillari, kontrabandista, erromes eta
mendizaleen igarobide izan den bentaren ondoko aparkalekutik abiatu gara.
Eraikin zaharraren ezkerretik ateratzen den porlanezko bidetik, San Joan
ermitaren ondora jaitsi gara.
![]() |
| San Joan ermita |
San Joan ermita
Ermita honen lehen
erreferentzia dokumentalak 1541 urtekoak dira. Ermitaren hormetako batean,
inguruari izena ematen dion iturria dago (Iturri-hotz). Diotenez, ur hotzek
sarnaren eta beste gaitz batzuen aurkako propietate sendagarriak dituzte.
Iturriotzeko ermita Gipuzkoako ospetsuenen artean zegoen, bertan egiten zen
ganadu eta erromeria azokagatik. Azoka hori 1728ko Villafrancako Batzarrek
bertan behera utzi eta Aiara eraman zuten, San Esteban parrokiaren ondora.
Hernio eta Gazume mendigunearen inguruan zeuden Aia, Bidania, Goiatz, Beizama, Albiztur eta Errezilgo udalerriek pro indiviso partekatzen zituzten lurretan altxatu zuten ermita. Guztiak ziren San Joani eskainitako ermitaren jabe, eta bertan ospatzen zituzten beren batzarrak. Jabetza partekatu honi 1792an eman zitzaion amaiera, urte horretan, abuztuaren 11n, ermitaren profanazio larria gertatu ondoren, Iruñeko Eliza Auzitegiak santutxoa bihurtzea erabaki zuen. Lurrak herrien artean banandu zituzten eta tenplua, berriz, Aiaren eskutan geratu zen.
Oinplano angeluzuzena duen eraikinak, nabe bakarra, bi isuriko estalkia eta bi sarrera ditu. Ermita txiki honen barruko erretaula Juan de Arbiçak egin zuen 1608an. Bakuna, polikromatu gabeko egurrezkoa, erdian Gurutziltzatutako Kristoa dago, San Joan Bataiatzailearen irudi baten ondoan. Alboetan, San Roke eta San Inazioko bi tailu daude.
![]() |
| Maldan gora |
![]() |
| Hernio gertuago |
![]() |
| Zelatunera iristen |
Ermitaren ezker
aldetik igotzen den pista zabalean zehar, arrasto gorri eta zuriei jarraituz
(GR- Gi 35), Sagaraingo lepo eta zelaietara heldu gara, izen bereko gaina apur
bat ezkerrera utziz. Lepotik mendebalderantz jo dugu oso nabarmena den
bidezidorretik aldapa txiki bat igoz. Bide erosoak bidegurutze batera eraman
gaitu. Aurrera segi eta Herniora igotzeko makina bat mendizalek erabiltzen
duten bide nabarmenetik Zelatungo lepoan dauden borden ondora iritsi gara.
Gazume eta Hernio banatzen dituen lepo hau ezaguna da oso, ez bakarrik
historikoki igarobide garrantzitsua izan delako, baita ere iraileko
asteburuetan benta bihurtutako artzain-borden inguruan ospatzen diren
erromeriengatik.
![]() |
| Zelatungo lepoan |
| Antonioren borda |
Hamaiketakoa
itzulerako utzi, eta, bordei bizkarra eman ondoren, erraz antzeman dugu
Herniora zuzentzen den bidezidorra. Ez du galerarik. Altuera irabazten lagundu
digun sigi-saga baten ondoren, erraz heldu gara Erniozaleak Kultur Elkarteak
berreraikitako aterpetxora.
![]() |
| Tontorra gertu |
Honen ondoan, Gurutze
Zaharra izenez ezagutzen den gurutze
sendatzailea dugu. Gaur egun dagoen tokian baino lehenago tontorrean
zegoen, baina tximista batek bitan zatitu eta gero, gaur egun dagoen tokira
jaitsi zuten. Gurutzearen besoetatik burdinazko uztai batzuk daude, eta
tradizioaren arabera, uztaiak gorputzetik pasaz gero, erreuma edo artrosia
sendatzeko balio zuen.
![]() |
| Erniozaleak aterpea |
![]() |
| Gurutze Zaharra |
| Gurutze Zaharreko uztaiak |
Bideak bat-batean
ezkerrera jiratu, eta, Hernioko gailurrera eramango gaituen azken maldari eutsi
diogu.
![]() |
| Azken ahaleginean |
Talaia bikain honek
duen panoramika zabala da oso, eta
bertan dagoen orientazio mahaiak mendi, haran eta herrien izenak
identifikatzen lagunduko digu.
![]() |
| Koadrilla ederra tontorrean |
![]() |
| Gaztetxoak tontorrean |
![]() |
| Tontorrean |
Zelatunera igotzeko erabili dugun bide beretik
itzuli gara, eta, Iturriotzera jaisteko, GR-35aren bide-seinaleek erakutsiko
digute hartu beharreko norabidea. Gazume mendiaren magala zeharkatzen duen bide
zabal eta erosoan zehar altuera erraz galdu eta gero, segituan Sagaraingo
lepora jaitsi gara, Iturriotzko bentatik gertu.
![]() |
| Ikuspegiaz gozatzen |
![]() |
| Beherantz |
Iturriotzeko benta
Gipuzkoako kostaldea
eta barnealdea lotzen zituen bide zaharrean kokatu dago. Bertatik, erromes,
mandazain, kontrabandista, gerrillari eta bidaiariei zerbitzua emateko
sortutako benta da. Gaur egun eraikin bakarra egon arren, XVII. mendearen
erdialdean bi ziren zerbitzua ematen zuten etxeak. Bien artean zaharrena
Iturriotz behekoa da, 1514koa hain zuzen
ere. Hasiera batean jabetza Aiako Kontzejuarena izan zen, baina 1822an, udalak
saldu eta partikularren eskutan geratu zen. Bigarren etxea, Iturriotze goikoa,
Asteasuko Kontzejuarena zen eta 1745ean erre eta desagertu egin zen.
Gaur egungo eraikinak, behekoa harlanduz sendotutako solairuarekin batera, beste bi solairu eta egurrezko teilatupea ditu. Fatxada da eraikinaren alderik nagusi eta nabarmenena. Egurrezko bibaldura margotuen artean baoak ageri dira, modu erregularrean banatuta. Egurrezko bilbadurako baserri zaharrak, karez margotutako gurutze babesgarriak erakusten ditu fatxadan.
Ramon Soraluce idazleak XIX. mendean utzi zuen idatziz Iturriotz baserrian belaunaldiz belaunaldi iraungo zuen ahozko tradizioa. San Inaziok bere bidaia bat Azpeitira itzultzean, prestatzen ari zitzaizkion omenaldiak eta probintzian piztu zuen ikusmina ezagututa, Azpeitiarako bide nagusia saihestu eta beste bide bat hartzea erabaki zuen, gau batez Iturriotz bentan atseden hartuz. Oraindik ere lo egin zuen gela omen dago (nahiz eta egungo egitura geroagokoa izan). 2002ko otsailaren 11n, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.
| Iturriotzeko benta |
| Iturriotzko bentako gurutzeak |














