Páginas

sábado, 2 de marzo de 2024

Elizagorriako lurretan

 


Elizagorria herriko nekazal lurretan higadurak erliebe bitxi eta harrigarriak zizelkatu ditu mendeetan zehar. Lubaki, mendixka eta beste hamaika forma koloretsu zereal lurren artean altxatzen dira inguruari itxura berezia emanez. Sasoiaren arabera erliebe hauek soineko  dotorez janzten dira; udaberrian berde biziaz eta udaran, berriz, hori distiratsuaz. Ibilbide zirkular hau burutuz gero, ingurune bakarti eta bitxi honetaz gozatzeko parada izango dugu eta bide batez gogora ekarri ahal izango dugu Ramoncitoren elezaharra.

 

Elizagorrian kotxea utzi eta gero, kale nagusitik beherantz egingo dugu, ekialderantz hain zuzen ere. Odron ibaia gurutzatu eta bidegurutze batera heltzean, gure ezkerretik ateratzen den pista zabala hartuko dugu. Salado izenez ezaguna den sakanean murgilduko gara eta lehen bidegurutzera iristean, ezkerretik igotzen den lurrezko beste pista bat hartuko dugu. Erraz iritsiko gara La Raicilla eskortaren hondarren ondora. Honen ondotik, ikusgaitz den bideak gertu dugun lepora eramango gaitu eta bertara iristean gertu ikusiko dugu Agudilloko tontorra. Motoek utzitako arrastotik azken aldapa motz eta pikoa igo eta gainera helduko gara. Ez dago ez buzoirik ezta bestelako markarik. Bertatik, gertu ikusiko ditugu Cerrorroyo eta Raposos tontorrak.

 

Lehenik Cerrorroyo aldera joko dugu eta horretarako, tontorretik beste aldera jaisten hasiko gara eta zertxobait aurrerago mendiaren magala zeharkatzen duen xenda bilatuko dugu. Laster okre koloreko lurrak zapalduko ditugu eta pista zabalera ateratzean gorri koloreko Cerrorroyo (Cerrorojo egokiago?) mendixkara gerturatuko gara. Bidetik at, ipar aldetik igoera erraza du. Pistara itzuli eta aurrera egingo dugu Raposos izeneko mendixkaren ondora gerturatuz. Sumendi txiki baten itxura duen mendi honetara igotzeko ipar ekialdetik ikusiko duzun xenda moduko bat hartuko dugu eta aldapa motz eta pikoa gainditu ondoren, gain alde zabalean agertuko gara. La Planillako goi-lautadatik bereizten den uharte honek ez du erakarmen berezirik, baina bada elezahar bat gogora ekarriko duguna. Kondaira horren arabera, inguru hauetan ba omen zen Ramoncito izeneko lapur bat mendi honetan leize txiki batean bizi zena. Inguruko muinetan txorimaloak jartzen zituen lapur askoz lagundurik zegoela irudikatzeko eta estrategia hau baliatuz, oihuka jaisten zen, jendea ikaratu eta lapurreta burutzeko.

 

Igotako bidetik lepora itzuliko gara eta hemen bi aukera izango ditugu: eskuin aldetik ateratzen den euri-bidetik gorantz egin dezakegu edo aurrez aurre ikusiko dugun pinudian murgildu eta maldan gora igoko gara bide jakinik gabe. Goiko aldera ateratzean, La Planillako zereal lur zabalak ikusiko ditugu eta pinudiaren paraleloan aurrera egingo dugu apenas altuerarik irabazi gabe.  Pistak bidegurutze batera eramango gaitu eta eskuinekoa aukeratuz erraz egingo dugu aurrera. Elizagorria aldera zuzentzen den lurrezko pista zabal honetatik, beste bidegurutze batera iritsi, ezkerrekoa hartu eta Salado sakanaren hasierako puntura jaitsiko gara. Abiapuntura heltzeko denbora gutxi beharko dugu.   




Powered by Wikiloc

No hay comentarios:

Publicar un comentario