Páginas

sábado, 24 de febrero de 2024

Itziarko talaia

 


Zumaia, Itziar, Deba eta Mutriku osatzen duten Euskal Kostaldeko Geoparkearen zati interesagarrienetako batean murgilduko gara, paisaia protagonista bakarra den lurretan hain zuzen ere. Hamahiru kilometroko luzera duen ibilbidearen zati honetako paisaia liluragarri honetan, Mendatako portuari lotuta zegoen Itziarko Talaia ere bisitatuko dugu, labarren ertzetik aurrera egiten dugun bitartean. Ibilbide erraza eta ondo balizatua, Gipuzkoako Biraren (GR 121) marra zurigorriek eta bereziki inguru hau ere zeharkatzen duen PR-Gi 5001aren zuri eta horiek erakutsiko digute jarraitu beharreko bidea.

 



Errota Berri jatetxe eta landetxearen ondoan dagoen aparkalekuan kotxea utzi eta berehala ikusiko dugu hartu beharreko bidea, Itziar aldera doana utzi eta Itxasperantz zuzentzen dena aukeratuko dugu. Langa igaro eta haltzadian zehar marrazten den bidetik erraz egingo dugu aurrera. Kilometro pasatxo bete eta gero, kostara gerturatu eta goian ikusiko dugun Portutxikiko behatokira igoko gara. Lurraren historiako pasarteak gordetzen dituen paisaia ikusgarria agertuko zaigu begien aurrean. Panoramika zabala bezain erakargarria.

 


Behatokitik pistara jaitsi, artadia eta baratzaren ondotik pasa eta Sakonetako sarreran izango gara, itxasotik oso gertu. Garai batean, hemen Zentral Nuklearra egin nahi izan zuten eta zorionez, herritarren presioagatik lortu zen gaur egun gozatzen dugun ingurune paregabe hau zegoen bezala uztea. Egurrezko zubitxoa igaro eta xenda nabarmen batek aldapa pikotik eramango gaitu. Gure eskuinera Sakonetako puntara doan xenda txikia utzi eta goi aldera aterako gara. Gure mendean, Sakonetako hondartza bikainaren ikuspegi zabala edukiko dugu.

 


Maldan behera, Mendata aldera jaitsiko gara eta izen bera duen errekastoa igaro ondoren, porlanezko pistara igo eta eskuinetik Mendatagañako tontorrera iritsiko gara. Ikuspegi paregabe duen leku honetatik egin dugun bidea ikusteaz gain, Kantauriko marearteko zabalgune handienetakoaz gozatzeko parada izango dugu.

 



Maldan behera, porlanezko pistatik jaitsi eta trenbidea gurutzatuko dugu, GR zaharraren xenda bilatuz. Malda txikia igo, ataka igaro eta metro batzuk beherago Itziarko Talaia izandakoaren hondarrak ikusiko ditugu. Eta bertan, talaia honi buruz azalpen hau irakurriko dugu: “Balearen arrantza Erdi Arotik jarduera garrantzitsuenetakoa izan zen euskal kostaldean. Inguruko herrien artean egiazko lehia izaten zen balea nork harrapatuko, eta itsasoan zetazeoa bistaratzea zen lehen urratsa lasterketan ateratzeko. Talaia hau, Mendatako portuari lotuta zegoen. Itziarko biztanleek eta Itxaspeko baserriek abantaila txiki bat izan zezaketen dorre honetako seinaleak ezin baitziren bistaratu Deba, Mutriku eta Ondarroako herrietatik”.

 


Balearik ez dugu hemendik begiztatuko, beraz, maldan behera metro batzuk jaitsi eta lehen etorritako bidearekin bat egingo dugu. Hemendik abiapuntura itzultzeko ez dugu arazorik edukiko, berriro Sakonetako labarren gainetik marrazten den xendan barrena itsas ondoraino jaitsiko gara. Norbaitek nahi izanez gero, Sakonetako puntara igotzeko aukera izango du, baina beti ere kontu handiz. Portutxikiko talaia atzean utzi eta abiapuntura itzuliko gara.

 

 

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko

https://askemikel.blogspot.com/2016/10/itziarko-talaia.html




Powered by Wikiloc

No hay comentarios:

Publicar un comentario