Páginas

sábado, 7 de octubre de 2023

Donostiako itzulia

 


Gipuzkoako hiriburua inguratzen duten paisaiak ezagutzeko ibilbide zirkular honek, mota guztietako postalak erakutsiko dizkigu. Gune turistikoenak zeharkatu eta gero, oraindik nekazaritza lanbide duten hamaika baserriren ondotik pasako gara, haien zelai eta landak zeharkatuz. Uliako itsaslabarretan marrazten diren xendetan murgildu aurretik, Pasaiako portu inguruko joan-etorriak gertutik ikusi ahal izango ditugu. Eta azkenik, hiriko auzo mota desberdinen egunerokotasuna bertatik bertara dastatu. Bide osoa marra zuri eta urdinez balizaturik dago eta hauek segituz ez dago galtzerik. 


1.      etapa

Udaletxearen ondoan elkartu eta bertatik abituko gara Kontxako pasealekuan zehar. Ondarretako hondartza atzean utzi eta Erregeneako etxe handiaren ondotik Valentin merenderora igoko gara. Segidan, Igeldo herrirantz zuzenduko gara hormigoizko pistan zehar. Kantauri itsasoa aurrez, herria zeharkatu eta Igeldoko Metereologia Behatokiaren ondotik pasa ostean, mendiaren hego magaletik Igarako erriberara jaitsiko gara. Bertan, hegoaldeko zuhaitz-igel endemikoaren habitat naturala ikusi ahal izango dugu. Usurbilgo lurrekin muga eginez, autobidearen azpiko aldetik igaro eta Añorga auzora jaitsiko gara baserri eta nekazal lurren artean. Etapa amaitzeko, bidegorritik Añorga Txikira helduko gara. 





Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko

http://askemikel.blogspot.com/2015/11/donostiako-itzulia-1-etaparezola.html



2.      etapa

Añorga Txikitik abiatu, trenbidea gurutzatu eta malda piko bati ekingo diogu Miramongo lurretan dagoen Katxola baserri birgaituaren ondora iristeko. Maldan behera jarri eta Miramongo Parkean murgilduko gara. Gertu dauden Arbideko dorre dotoreen ondotik pasako gara eta aurrerago Zientzia Museotik. Oriamendi gainera heltzean, Hernaniko lurrekin muga egiten duen Basozabaleko nekazal ingurunetik beherantz Urumearen ibarrera jaitsiko gara. Trenbidearen paraleloan hedatzen den pista zabaletik Martutene auzoan sartuko gara. Sagardotegien erreinutik gertu dagoen Antondegi muinora igoko gara behean ikusiko dugun 27 Poligonoko industrialdera zuzenean jaitsiz. 





Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko

http://askemikel.blogspot.com/2015/12/anorga-txiki.html



3.      etapa
Urumea ibaiaren paraleloan, kainaberen artean aurrera egingo dugu Loiola auzora iritsi arte. Zubia gurutzatu eta berehala maldan gora jarriko gara militarren kuartelaren ondotik Ametzagañako Parkera igotzeko, garai batean gotorlekua zegoen punturaino. Gaur egun gotorlekuaren hondarrak ikus daitezke. Garbera merkatalgo gunearen ondoan dagoen Lauaizetara zuzenduko ditugu gure urratsak. Hormigoizko pistatik Pasaiako lurrekin muga egiten duen Molinao auzorantz jaitsiko gara eta bertan sartu aurretik, berriro maldan gora jarriko gara Altza auzora (garai batean herri) igotzeko. Auzoko kale artean, behean ikusiko dugun Pasaiako portura jaitsiko gara segidan eta kaiaren paraleloan Intxaurrondoko Parkera iritsi eta Mirakruz gaina zapalduko dugu. 







4.      etapa

Etaparik gogorrena, baina ziurrenik ederrena dugu hau. Arzak jatetxearen ondotik malda pikoari eutsi eta garai batean gotorleku egon zen lekuraino igoko gara. Malda azkar batek, Platako itsasargiren ondoraino jaitsiko gaitu, Pasaiako portuaren bokalaren gainera. Puntu honetatik aurrera, Uliako itsaslabarretan marrazten den zidor eroso eta eder batek Uliako atsedengunera eramango gaitu lehenik eta gero, maldan behera Sagues auzora, Zurriolako hondartzaren parera. Kursaal Jauregia atzean utzi eta Alde Zaharra zeharkatu eta gero, Urgullera igoko gara, hiriaren talaiarik ederrenetako batera eta bertatik lau etapen ikuspegi ia osoa edukiko dugu. Urgulletik jaitsi eta udaletxean emango diogu bukaera azken etapa honi.



 

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko

http://askemikel.blogspot.com/2016/02/blog-post.html



Powered by Wikiloc

No hay comentarios:

Publicar un comentario