
San Juan Xar Igantziko udalerrian
dago, Igantzi eta Arantza herriak lotzen dituen SL-NA 1 bide balizatuaren
erdialdean. Arantza herritik abiatu, eta, Erreserba Naturalean dauden ermita
eta ur sendagarriak omen dituen iturriaz gain, paraje hauetan dagoen Xarma
arrunta (Carpinus betelus) zuhaitz
berezia ikusi ahal izango dugu.
Arantzako sarreran dagoen
aparkalekutik abiatu eta, herriko sarreratik gertu dagoen Apezenea etxearen
ondotik ateratzen den galtzadan barrena abiatuko gara. Ibilbide osoa SL-NA
1aren margo zuri eta berdez balizaturik dago. Galtzada desberdinak, Arantzako
Aientsa, Bordalarrea, Eguzkialde eta Azkilarrea auzoetako baserriak
herrigunearekin lotzeko eraiki ziren. Galtzada baserriaren ondorik pasa, eta,
oso ondo kontserbatzen den galtzadan barrena, Arratoko errekaren ertzeraino
jaitsiko gara.
Zubia igaro eta gero, errekaren
paraleloan zabaltzen den zementuzko pista zabaletik aurrera egingo dugu. Ola
eta Igeriketa baserrik ondotik pasa, eta, presa bat eskuinean laga eta gero,
erraz beteko dugu Aranibar jauregiaren ondorainoko bidea. XV. mendean harlanduz
eraikitako jauregi hau, Arantzako eraikin zaharrenetarikoa da. Puntu honetan,
zementuzko pista utzi, eta, ezkerretik ateratzen xendan barrena abiatuko gara.
Bidea harriz altxatutako hormaren
ondotik marrazten da, eta, beratik kilometro erdi eskas ibili eta gero, San
Juan Xarreko sarrera ixten duen atearen ondora ailegatuko gara. 1987an, San
Juan Xar natura erreserba izendatu zuten. Horrela, inguru honetako natura balio
nagusia babestu nahi izan zuten: basoa. Nahiz eta zuhaitz espezie asko dituen
(lizarrak, hurritzak, haritzak...) nabarmenena Xarma arrunta (Carpinus betulus) da. Izan ere, espezie
hori oso urria da Iberiar penintsulan, eta hementxe dago penintsula osoko xarma
arruntaren baso bakarra. Zuhaitz honek eta bertan ikus daitezkeen beste guztiek,
habitat berezia osatzen dute baselizaren inguruan.
Itxuraldaketa handia izan zuen
baselizak XX. mendearen erdialdean. Lehenik iturriak, eskailerak eta
Arantzarako bide ondoko harkaitzean Saindua hartzen zuen zulotxoak osatzen
zuten baseliza. Gaur egun, 1940 inguruan egindako aldaketei esker, jende kopuru
ederra biltzeko gai den leizea dago, orduan paratutako San Juanen harrizko
irudi handia eta errepidetik zuzenean kobazulora etortzeko bidea. Bestetik,
urte guzian zehar ikusiko ditugu beheko hiru iturrien inguruan zabaldutako
oihalak, baselizak izaten dituen etengabeko bisiten lekuko. Izan ere, aspaldiko
denboretatik heldu zaigu San Juan Xarreko urek zenbait gaixotasun –larrua
azalekoa, besteak beste- sendatzeko
duten ahalmenaren fedea. Hiru iturrietatik bustitako oihalez norbera igurtzi
eta bertan hedatuz sendatzen omen du San Juan Xarrek.
Igantzira doan bide balizatuari
bizkarra eman eta etorritako bidetik atzera egingo dugu. Erreserba naturala utzi, Aranibar jauregiaren ondotik
pasa eta aurrerago ikusiko dugun bidegurutzeraino joango gara. Bide-seinaleek
erakusten diguten norabidea hartu, eta, Arratako erreka zubi zahar batetik
igaro ondoren, igotzen hasiko gara. Errepidera atera aurretik, galtzada zahar
baten arrastoen gainetik altuera erraz irabaziko dugu. Azken kilometro erdia
Arantzaraino doan errepidetik beteko dugu.
Auzoak herrigunearekin lotzen dituen galtzada
zaharrez gain, Arantzan ezagutzea merezi duten beste zenbait eraikin zibil eta
erlijioso daude: XVI. mende hasierako eraikin ederra den Apezenea, XVIII.
mendean egin zen Herriko Etxea, 1567. urtera arte, Baionako elizbarrutiaren
mende zegoen Jasokundeko Andra Mariaren eliza eta antzinako ikuztegiak esate
baterako.
 |
| Arantzako udaletxea |
 |
| Apezenea |
 |
| Galtzada zaharra |
 |
| Galtzada zaharra |
 |
| Aranibar jauregia |
 |
| San Juan Xarreko sarrera |
 |
| San Juan Xar |
 |
| San Juan Xarreko ermita |
 |
| San Juan Xarreko ermita |
 |
| San Juan Xarreko iturria |
 |
| Gaztaiondo ale bikaina |
 |
| Kanala |
 |
| Erroitzeneko borda |
 |
| Arantzako etxeak eta eliza |
 |
| Arantzako etxeak |
No hay comentarios:
Publicar un comentario