Zumaiak,
Itziarrek, Debak eta Mutrikuk osatzen dute Euskal Kostaldeko Geoparkea, eta
haren zati interesgarrienetako batean murgilduko gara, paisaia protagonista
bakarra den lurretan, hain zuzen ere. Lau kilometro luze den ibilbidearen zati
honetako paisaia liluragarrian, Mendatako portuari lotuta zegoen Itziarko
Talaia ere bisitatuko dugu, labarren ertzetik aurrera egiten dugun bitartean. Zumaiatik Mendatako puntaraino hedatzen den kosta zati
honetan “flysch” egiturak azaltzen dira, Erdi eta Goi Kreatzeoko kareharriz,
margez eta, neurri txikiagoan buztinez osatuak. Ibilbide erraza eta ondo balizatua
da; Gipuzkoako Biraren (GR-121) marra zuri-gorriek eta, bereziki, inguru hau
ere zeharkatzen duen PR-Gi 5001aren zuri eta horiek erakutsiko digute zer
bideri jarraitu behar diogun.
 |
| Itziarko talaia |
Ibilbideari
hasiera emateko abiapuntu desberdinak ditugu: Elorriaga auzoa, Errota Berri
jatetxea edo Itsaspe auzoa. Azken
honetatik gertu dagoen aparkaleku txikitik abiatuko gara. Mendatako kalara
jaitsi aurretik, Mendatagainako muinora igoko gara horretarako bereziki
landutako bidetik. Ikuspegi paregabea duen begiratoki honetatik egingo dugun bidea ikusteaz gain, Kantauriko
marearteko zabalgune handienetakoaz gozatzeko parada izango dugu.
 |
| Sakonetako flyscharen ikuspegi orokorra Mendatagainatik |
Etorritako
bidetik atzera egin eta, aparkalekuaren ondoan dagoen hesia pasa eta gero, porlanazko pistan barna jaisten hasiko gara.
Lehen bihurgunera heldu eta ezkerretik, zelai txiki batean marrazten den xenda
hartuko dugu. Egurrezko zubitxo batek Mendatako erreka gainditzen lagunduko
digu. Aurrera eginez Mendatako kalara gerturatuko gara eta flischaren gertuko
lehen irudia izango dugu. Geoparkean dagoen flyscharen garrantzia eta irudiak
zabaldu zirenetik, paraje hauek bisitari ugari jaso izan ohi dituzte. Honek
orografian eragin negatiboa izan du, bidearen zenbait tartek higadura handia
jasan dute eta horren ondorioz, bide berri bat ireki da zenbait tartetan.
 |
| Sakonetarako bidean |
Mendatagainari
bizkarra eman eta aurrez aurre izango dugu aldapa txikiari aurre egingo diogu
moldatutako bide horietako batetik. Gain txiki batera heltzean, bide nagusia
utzi eta eskuinetik zabaltzen den maldan metro batzuk gorago, Itziarko Talaia
izandakoaren hondarrak ikusiko ditugu. Eta, bertan, talaia honi buruz azalpen
hau irakurriko dugu: «Balearen arrantza Erdi Arotik jarduera
garrantzitsuenetakoa izan zen euskal kostaldean. Inguruko herrien artean
egiazko lehia izaten zen balea nork harrapatuko, eta itsasoan zetazeoa
bistaratzea zen lehen urratsa lasterketan ateratzeko. Talaia hau, Mendatako portuari
lotuta zegoen. Itziarko biztanleek eta Itxaspeko baserriek abantaila txiki bat
izan zezaketen dorre honetako seinaleak ezin baitziren bistaratu Deba, Mutriku
eta Ondarroako herrietatik».
 |
| Sakonetako flyscha |
Balearik
ez dugu hemendik begiztatuko; beraz, maldan igotako xendatik bide nagusira
itzuliko gara. Aurrera segi eta berehala iritsiko gara Sakonetako lurretara.
Labarren gainetik marrazten den xendan
barrena itsas ondoraino jaitsiko gara. Inork nahi izanez gero, Sakonetako
puntara igotzeko aukera izango du, baina betiere kontu handiz. Zubitxo batek
Sakonetako erreka gainditzen lagunduko digu eta metro batzuk aurrerago
atsedengune bat ikusiko dugu. Garai batean, Zentral Nuklearra egin nahi izan
zuten hemen, eta, zorionez, herritarren presioagatik lortu zen gaur egun
gozatzen dugun ingurune paregabe hau zegoen bezala uztea.
 |
| Sakonetako flyscharen ikuspegi orokorra Mendatagainatik |
Atsedena
hartu aurretik, artadi eta baratza baten ondotik marrazten den bide aurrera
jarraituko dugu Portutxikiko behatokira iristeko. Lurraren historiako pasarteak
gordetzen dituen paisaia ikusgarria agertuko zaigu begien aurrean. Panoramika
zabala bezain erakargarriaz gozatu eta gero, etorritako bidetik abiapuntura
itzuliko gara, baina merezi du Sakonetan pausatu eta itsasertzeko babestutako
biotopo hau gertuagotik ezagutzea, beti ere kontuan izanik erreserba gune
batean gaudela. Horretarako, bidean
dauden informazio-tauletan agertzen den araudia irakurri eta errespetatzea
ezinbestekoa da.