![]() |
Haitzartean |
1992an Parke Naturala
izendatu zuten Valderejok, ekosistema eta paisaia ugari ditu. Parkearen erraiak
ezagutzeko seinaleztatutako bederatzi ibilbideen artean, Puron ibaiaren
haitzartea da bisitari gehien jasotzen dituena. Lalastra herritik abiatu,
jendez hustutako Ribera herriaren hondarren ondotik igaro eta ibaiaren ibilgu
apetatsuari jarraituz, naturak zizelkatutako bazter magikoak ezagutzeko parada
izango dugu.
Lalastrako Santa Ana eliza |
Bide-seinaleak |
Haitzartera abiatu
aurretik, Parkeko bihotzean kokatzen den Lalastra herriko kaleetan murgilduko
gara eta horrela, denbora atzera egiteko eta antzinako tradizioak gogora
ekartzeko aukera izango dugu. 1954an, enparantzan dauden iturria eta askarekin
batera eraiki zen ikuztoki zaharra dago. Inguruan dauden ogi-labea, bolera,
errota eta ferratoki bat ere ikus daitezke oraindik. Azken honen ondoan
kokatzen da Santa Ana eliza eta bere erloju berezia. Herrian bertan ere,
etnografia museoa (nekazal ohituren erakustokia) dago, udaletxearen eraikin
zaharrean. Museoak ibarraren historia eta ohiturak erakusten dizkio bisitariari
modu ederrean. Lalastrako eskola zaharrak hartzen duen Parketxean, beste
zerbitzuez gain, inguruko bideei buruzko informazioa ematen dute.
![]() |
Bidean |
![]() |
Iristeko irrikaz |
Parketxearen aurretik
ateratzen den pista zabalean zehar abiatuko gara. Ibilbidea oso ondo markaturik
dago. Bide-seinale borobil horiez gain, egurrezko zutoinetan jarritako
seinaleek norabide zuzena aukeratzen lagunduko digute. Artzaintzaren Bidearen
Bide Naturalaren (GR 282) 7. etapako zati bat ere partekatzen du. Berehala hesi
bat pasa eta zuhaitzen arteko bide erosotik aurrera egingo dugu. Mendi-mazelako zelaiak inguratuz, eskualdeko
fauna eta flora ezagutzeko ibilbide didaktikoaren bide-seinalea ezkerrera utzi
eta maldan behera jarraituko dugu pinudian murgilduz.
![]() |
Riberako eliza |
Riberako elizaren detailea |
Basoa maldan behera
zeharkatzen duen xendatik berriro pistara aterako gara, Puron ibaiaren
ibilguaren ondora jaitsiz. Egurrezko zubi batek, ibaia zeharkatzen lagunduko
digu eta aurrerantzean, ibaiaren uren soinua lagun izango dugu. Aurrerago,
egurrezko hesi bat zeharkatu, eta jendez hustutako Ribera herriaren hondarren
ondora ailegatuko gara. Azken hamarkadetan hutsik egon den herriaren goiko
aldean, San Estebani dedikatutako eliza dago. 80ko hamarkadan, estilo gotikoko
horma-pintura batzuk aurkitu ziren, Bibliako hainbat gai irudikatzen
dituztenak, hala nola paradisutik kanporatzea. Elizako erretaula duela
berrogeita hamar urte erreskatatu zuten, eta Arabako Arte Ederren museora
eraman zuten.
![]() |
Haitzartea |
Elizatik
atsedengunera jaitsi, egurrezko hesia igaro eta, zelai berde zabal bat
zeharkatuko dugu Puron ibaiaren haitzartea ezkutatzen duen mendien panoramikaz
gozatuz. Egurrezko beste ate bat atzean utzi eta basoan sartuko gara. Bidezidor
batetik jaisten jarraituko dugu ibaiaren ibilguaren ondora berriro heltzeko.
Ondoren, egurrezko ate bat zeharkatu eta Puron ibaiaren haitzartearen lehen
pasabide estuan barneratuko gara. Harkaitzezko hormari itsatsita, ur-jauzi
batzuetatik amildegiaren hondoraino amiltzen diren ur berdeen ibilbide
zorabiagarriari jarraituz gozatuko dugu.
![]() |
Haitzartea |
Pasabide hori
zeharkatu eta kareharrizko paretaren ondoko bidezidor batetik jarraituko dugu.
Ezkerrera, Puron ibairaino jaisten den egurrezko eskailera piko bat ikusiko
dugu. Behera iristean putzu bat eta ur-jauziaren panoramika bikaina aurkituko
ditugu, haitzartearen lehen urratsetik sortzen dena. Gero, bidera igoko gara
berriro, eta horma harritsua inguratzen jarraituko dugu.
![]() |
Haitzartea |
Mendiaren hegalean
dagoen pinudia zeharkatu, harrizko zubi bat igaro eta ibaiaren haitzartearen
bigarren pasabidera helduko gara. Ia elkar ukitzen duten kareharrizko bi hormen
artean kokatuta dagoen pasabide metaliko hestu batetik aurrera egingo dugu
inguruaren edertasunaz gozatuz. Haitzartetik ateratzean, ezpel artean marrazten
den bidezidorretik, El Chorro ur-jauziaren ondora iritsiko gara. Hemendik beste
bi kilometro bete beharko genituzke Burgosko Herran herriraino jaisteko, baina
etorritako bidetik atzera egin eta abiapuntura itzuliko gara.
Klikatu
hemen ARGAZKIAK ikusteko
https://menditxiki1.blogspot.com/2025/10/puron-ibaiaren-haitzartea.html
No hay comentarios:
Publicar un comentario