![]() |
Lokizko harresia |
Lokizko
mendizerrak edo Cordillera de Valdellin deitutakoak Lizarrako arroa erabat
menderatzen du mendebaldetik. Hamar kilometroko hedadura duen karaitzezko
harresi bikain honek Urederra eta Erga ibaien haranak banatzen ditu. Hainbat
pasabidez baliatuz, harrizko pareta garaien gainetik puntatik puntara zeharkatu
daiteke mendizerra ikusgarri hau.
![]() |
Lokizko harresia |
Ganuza
herrian kotxea laga ostean, Santa Eulalia baselizaren ondotik ateratzen den
pistari heldu diogu. Bide-seinale zuriak eta horiak jarraitu eta La Chopera
izenez ezaguna den lekura iristean pista
utzi eta makalen artean marrazten den zidorra jarraitu dugu. Bi lerrotan
kokaturik dauden makalditik barrena abiatu gara. Bidea oso nabarmena da eta
pareta bertikaletara gerturatu ahala aldatsa gogortzen hasi da. Lehen izerdi
tantak irristatzen hasten direneko, oharkabean horma handiaren azpira iritsi
gara. Atzera begira jarri eta Ganuza, Ollobarren eta Ollogoien herriak ikusi
ditugu. Metro gutxiren buruan altuera nabarmena hartzen baita.
![]() |
Berria harratea |
Ezpel eta ipuruen artean igoz, gaindiezin dirudien hormaren oinera heldu gara, baina bide-seinaleak jarraituz, harkaitzen artean zabaltzen den leize txiki batean murgildu gara. Aurrera egin dugu eta dozena bat metro ilunpean bete ostean, argia ikusi dugu beste aldean. Zelako sorpresa! Harri eta zur geratu gara. Sinesgaitza!. Aurrera jarraitu eta berehala iritsi gara horma bertikalen gain aldera, ezpelez eta artez betetako sapaldara. Lizarrako arroa eta Jurramendi aurrez-aurre eta zertxobait harantzago Deioko gazteluaren aurriak Monjardin herriaren gainean. Bidea oso nabarmena da eta bidegurutzearekin bat egitean eskuinera jo dugu gorantz. Bat batean, parez-pare Lokizko Santiago baselizarekin egin dugu topo. Badira baseliza honen inguruan zenbait kondaira.
![]() |
Lokizko hormatzarrak |
Lokizko
Santiago da Ameskoa, Allin eta Lanaibar bitartean dagoen baselizarik
ospetsuena. Tomas Lopez Selle, nafar etnologo ezagunak, tenplu honek gerratetik
ihesi etorritako jendeei babesa eskaini ziela esaten digu. Perez Ollok idatzi
zuenez, baseliza hau hasieran San Kukufateren izenean sortu omen zen, eta
dagoeneko 1357an aipatzen da bere izena. San Kukufat martirizatutako santu
kataluniar bat zen. Itxura denez, XVII. mendean aldatu omen zen Santiagorena
bihurtuz. Eta apostolu honen egunean biltzen baitira mendizerraren magaletan
kokaturik dauden herri guztietako ordezkariak (25 herri guztira). Dena dela,
700 urteko historia duen baselizaren inguruan bada kontakizun zahar bat esaten
duena Santiago Apostoluak mendi bakarti hauek zeharkatu zituela Galiziako
bidean.
![]() |
Santiago baseliza |
Baselizaren inguruan dauden mahai eta
aulkietan leku aproposa aurkitu dugu hamaiketakoa egiteko. Ez baitugu presarik,
beraz belarretan etzan eta atsedena hartzeko aukera izan dugu. Atsedena hartu ostean,
baselizari bizkarra eman eta Puerto Nuevo edo Berria harraterantz jaisten hasi
gara pistaren eskuin aldetik ateratzen den zidorrari helduz. Lokizko pareta
bertikaletan dauden pasabide gutxienetako bat aurkitu dugu hemen eta Ganuza
herrira jaisteko bertatik egin dugu beherantz. Harkaitzek pixkanaka igarobidea
estutzen dute eta ordu erdi eskas behar izan dugu ezpel eta harizti artean
abiapuntura iristeko.
Klikatu
hemen ARGAZKIAK ikusteko
https://askemikel.blogspot.com/2015/03/lokizko-harresia.html
No hay comentarios:
Publicar un comentario