Arabar Errioxa eta Nafarroako Erriberaren zati bat
menderatzen duen mendi hau ez da oso garaia baina gailurrera igotzea erraza
bezain ikusgarria suertatzen da edonorrentzat. Nafarroako udalerri honen izen
ofiziala Lapoblación da eta kilometro batera dagoen Meano herriarekin osatzen
du udalerria. Lehor-lurreko laborantza (garia, garagarra) eta abeltzaintza
(ardiak) dira ekonomia jarduera nagusienak. Nafarroako bigarren herririk
altuena da eta neguak gordinak izaten dira. Marañongo biztanleek sortu zuten herria
XII. mendean eta bertako gazteluaren menpe egon zen XV. mendean gaztelauek
herria erre eta beren esku geratu zen arte.
Oso egoera txarrean dagoen Erdi Aroko erromesen ospitale
zaharra eta eliza erromanikoa bisitatu ondoren, honen atzetik ateratzen den pista
zabala jarraituko dugu eskuinera kanposantua utziz. Haritz eta ezpel ugari
ikusiko dugu harrobia zenaren ondora heldu aurretik. Bidea gogortzen hasten da
eta pista erosoa amaitu bezain pronto, xenda batek sigi-sagan eramango gaitu
tontor aldera, karlistadetan gotorlekua izandako harresiaren aztarnen ondora
hain zuzen ere.
Euskal Herriko Mendien Katalogoan mendi hau Castillo de
Lapoblación izenez ezaguna da, hala ere, esan behar da gutxien erabiltzen dena
dela eta bertakoek, besteak beste, La Picota de la Aldea, El León Dormido, El
Castillo eta El Risco de la Aldea izenez izendatu ohi dutela. Honen arrazoiak
historiako gertakizunetan, duen itxuran eta abarretan bilatu behar dira. Egun,
emisore batek erabat desitxuratu duen tontor honetan aizkora eta enbor baten
irudia duen gutunontzi bat aurkituko dugu eta honen ondoan erpin geodesikoa.
Ikuspegia, berriz, paregabea: mendebalderantz Peña Alta eta Toloño mendizerra
osatzen duten beste mendi guztiak; iparralderantz Arabako Mendialdeko lurrak
eta Lokiz mendizerra; ekialderantz Kodesko mendiak eta azkenik hegoalderantz
Errioxa.
Panoramika honetaz gozatzeaz gain, hirugarren karlistadan gotorleku izandako honetan gertatutakoa labur kontatzea merezi du. 1870. urtean Toloño mendizerratik Kodes mendilerroraino doan ardatza oso garrantzitsua eta estrategikoa izan zen, bertan, La Picotakoaz gain, San Leon eta Vallehermosako gotorlekuen aztarnak aurki ditzakegu.
1.876ko martxoan tontor honetan dagoen
gotorlekua armetan zegoen bakarra zen, gudari gutxi batzuk Lantziegoko Jose Mª
Montoya brigadierra buru zutelarik. Karlisten erregeak guda galdutzat eman eta
Frantziara joan zen arte ez zuten amorerik eman.
Tontorra atzean utzi eta etorritako bidetik abiapuntura
itzuliko gara
Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko
https://menditxiki1.blogspot.com/2024/09/castillo-de-lapoblacion.html
No hay comentarios:
Publicar un comentario