Páginas

domingo, 17 de noviembre de 2024

Amazigen Atlas sentimentala

 

Marokoko Atlas Garaiko herrixketan murgildu gara milaka urteko kultura duen amazig herriaren eguneroko bizitzaz blaitzeko asmoz. Lurrari guztiz lotuta eta iraganean ainguraturik bizi den herri hau teknologiatik urrun bizi da. Lur hauetako negu ankerrak igarotzeko ez dute argindarrik, ez telefono mugikorrarentzat estaldurarik, ezta “zibilizazioarekin” lotuko luketen galipotezko errepiderik. Bere tradizioei men eginez luxuez gabeturik, mendeetan zehar hamaika borroka libratu behar izan ditu berezkoak dituen hizkuntza eta usadioak gorde eta belaunaldiz belaunaldi transmititzeko. Bere aspaldiko ohiturak gorde eta ohoratzen dituen herri zahar honek soilik naturari eman ohi dio bere egunerokoaren berri.


“Mendi bakoitzak du bere bidea”
Furgonetaren atzeko aldean hamar egunez burutu nahi dugun M’Gouneko haitzarteko trekkingerako motxila eta petateak sartu eta sei orduko bidaia luzeari ekin diogu. Gurekin batera, Atlas mendikatearen magaletan bizi diren Lahoucein mendi-gidaria eta Mohamed sukaldari amazigak. Erromatarren mendetik ihes egitean berbere edo barbaroak deitu zituzten, horregatik beraiek nahiago dute “gizon libreak” esanahia duen amazig terminoaz izendatzea.  Gidariaren ondoan, lurrerainoko  kolore bizi eta anitzeko soinekoa jantzirik duen emakume edadetua. Bere kokotsean tatuaturik amazigen tifinagh alfabetoaren yaz letra irudikatzen duen ikurra, “gizon askea” esanahia duen amazig nazioaren ikur nagusia. Emakume ezkonduen artean ohikoa omen zen tatuai mota hauek egun ez dira egiten. Esku ahurrean genaz margoturik amaierarik gabeko lerro eta irudiak. Soilik bere hizkuntza ezagutzen du, amazigera hain zuzen ere eta ezinezkoa gertatu zaigu berarekin hitz egitea. Hitzen ezinezko lurraldean irribarre atseginak bete du lekua.


Lehen kilometroak bete orduko, beroak bazter guztiak arakatu eta okupatu ditu. Leihoa ireki eta aire epelaren ferekak leundu du gure sargoria. Errepidearen alboetara lerrokaturik dauden hamaika herrixka atzean utzi eta bazkal orduan Azilal herrira heldu gara. Herriaren sarreran dagoen merkatuan etengabea da jendearen joan-etorria zalaparta eta hauts artean. Ez dugu bertan murgiltzerik izan eta bazkaltzera sartu gara sukaldeko paretak koipez blaiturik duen taberna goibel batean. Entsalada txikia lagun, buztinezko ontzi koniko batean arkume haragiz eta barazkiez prestatutako tajine bat jan dugu. Gozoa dago. Gure bidaide amazigek jateko eskuin eskua erabiltzen dute eta etxetik eskuin hankaz atera behar omen dela diote. Ezker eskuaz deabruak bakarrik jaten du eta horregatik bakarrik ipurdia garbitzeko erabiltzen dute. Haiek bezala, gu ere eskuin eskua erabiltzen saiatu gara.


Zeruak erre egiten du. Berriro martxan jarri, ekarri dugun errepide nagusia utzi eta Atlas mendikate aldera zuzentzen den bidetik jo dugu. Emakumeak zerbait galdetu digu eta Lahouceinek bete ditu itzultzaile lanak. Nire “Moleskine” koadernotxoan idatzita dudan hiztegi laburrean begiratu dut eta Sajah esanez bere interesa eskertu nahi izan dut. Errepide estu eta bihurriak Tizi N’Tirghiste mendatea gainditu eta Agouti aldera jaisten hasi gara mendi magal pikoetan marrazten den bidetik. Imin n’ Talat herrixkaren sarreran gelditu eta mendiak isurtzen duen ur-emari handiko iturriak gure egarria ase eta nekea arindu du. Ibaiak  zeharkatzen duen haranen artean ernatzen den ibar berdearen paraleloan Agoutira heldu gara, asfaltoa amaitu eta natura bere esentzian gordetzen den lekura. Lurrezko pista batek Ikhf n Ighir herri luzexkara gerturatu gaitu, gure abentura txiki honen abiapuntura hain zuzen ere.


Gure traste guztiak atera eta gidaria agurtu ondoren, gurekin etorri den amazig andereak lastoz eta lurrez eraikitako bere etxean sartzera gonbidatu gaitu, gaua bere etxean igaroko dugula adieraziz. Sarrera nagusian petateak eta motxilak utzi, oinetakoak erantzi eta alfonbraz tapizaturik dagoen gelan sartu gara. Kanpoko pareten marroi koloreak margo bizi eta anitzez janzten du barruko aldea. Mohamed sukaldariak menda-belarrez eginiko tea eskaini digu zilar kolorezko teontzitik isuriz. Bat, bi, hiru… te gozo hartu eta aldameneko etxean dagoen dutxa moduko batean astindu ditugu gaurko neke eta izerdiak utzitako arrastoak. Etxearen atarian, agure zahar batek zumitzezko otar zapal batean zereal aleak zuritzen gure arbasoak legez. Irribarrea eta hitz batzuk eskaini dizkigu, baina argazkirik ez, ez du gustuko. Begirunez makina gorde eta aldamenean kukubilko jarrita bere esku zimurtuen mugimenduei so geratu gatzaizkio. Sinplea, baina ederra.  


Eguzkia Jbel Azourki mendiaren gibelean ezkutatu orduko giroa freskatu eta etxearen babesa bilatu dugu. Afaltzeko harira (Ramadan zopa) eta tajinea. Hiru belaunaldi bizi dira etxe honetan, oso abegitsuak diren eta apenas 60 urteko bizi-itxaropena duten amazig edo “gizon askeak”. Egunez jangela izan dena logela da gauez eta bertan zabaldu ditugu gure lo-zakuak. Etxekoei timansiwine (gabon) opa eta loak berehala garaitu gaitu. Goizeko 4:30ak aldera meskitako bozgorailutik ozenki airera barreiatzen diren otoitzek gure loaren sakonari amaiera eman eta esna arazi gaituzte bat batean. Laburra izan da eta erraz berreskuratu dugu ametsen paradisua.


Egunsentiaren argiak leihoaren kanpoko aldean dagoen forjatutako irudi-sarea zeharkatu du gauari bere azkena iragarriz. Lurrean jesarririk gosari oparoa. Ali, Omar eta Ali mandazainak gure petateak hartu eta trekkingerako behar ditugun traste guztiak (jaima, sukaldeko tresnak, janaria, kanpin dendak…) mandoen gainean atontzen hasi dira. Etxeko nagusiak agurtu, eskerrak eman eta abian jarri gara. Lahoucein eta Mohamed lagunekin batera ibar berde aldera jaitsi gara. Arto, tipula, pepinoa, patatak eta beste hainbat barazkiren labore lur artean zabaltzen den xenda barrena eman ditugu lehen urratsak. Kontraste handiko lurrak, mendi magal idor eta erreka ondoko freskotasuna, eremu biluzia eta lur aberatsen artekoa.


“Ura bizitza da”
Paradisua dirudien baratza berde honetan sagarrondoen presentzia nabarmena da. Horietan  hazten diren fruitu gozo eta ugarien pisuak adarrak makurtzera behartzen ditu Adanek izan omen zuen tentazioari ozta-ozta eutsiz. Lurrezko ubidez osatutako sistema batek ureztatzen dituzte aldaretan eraikitako baratzak. Gure jakin-mina ase nahian Lahouceini galdezka hasi gatzaizkio. Amazigentzat ura bizitza dela esan digu, urak bizitzeko behar duten oinarrizko elikagaiak eskuratzeko aukera ematen baitie. Erreketako ura baliatzen duen ureztatzeko ubide sistema honen bidez fruta-arbolak eta barazkiak ereiten baitituzte. Amazigen eguneroko lanaren puzzle astun eta neketsua. Baratzeko produktuez gain, familia bakoitzak zenbait ardi eta ahuntz, oilo batzuk eta behi bat izaten dituztela esan digu, urte batez beharrezkoak eta oinarrizkoak zaizkien esnea, arrautzak eta gurina bezalako produktuak eskuratu ahal izateko.  Egunerokotasunean murgilduta bizi diren herritarrek baratzeko lan anitzetan igarotzen dute goiz partea, eguzkiaren izpiek beren ikuspegirik ahulena erakusten dutenean. Emakume gaztea igitaia eskutan ihia ebakitzen dihardu eta bere ondoan dagoen mutila mandoaren gainera jaso eta etxaldera eramateko prest dago. Aurrerago, patata soro batean agureak aitzurra eskutan urari bide eman dio pasoa eragozten dion lurra kenduz. Horrela bizi dute goiza, beren bizitzaren biltegi eta iturri den paradisu txiki hauek zaintzen, atontzen, lantzen… errespetatzen.


Timit eta Agoutiko kafesne koloreko etxeak itsaso berde honen gainetik altxatzen dira. Horietako zenbait teilatutan ikus daitezkeen antena parabolikoak dira elementu arrotz bakarrak, guztiaren armonia hausten duen modernitatearen lekuko desiratuak. Marokoko gazte askoren ametsen ispilu, mendebaldeko balizko paradisuaren erakusleiho erakargarria.


Baratze hauek eskaini diguten freskotasunak ibilera erraztu digu, baina bertatik ateratzean bero lehor eta sargoriaren zamak lur hauetako errealitate gordinera ekarri gaitu. Pikondo handi batek eskaintzen duen itzal luzearen mendean bilatu dugu atsedena hartzeko beta. Ait Said herrixkatik gertu dagoen arboladian bazkaltzeko tartea hartu dugu. Ubidetako uretan jolasti dabiltzan umeen algarak ozenki aireratzen dira. Ura ere jolas leku, ura ere jostailu.  Intxaurrondo bikain baten gerizpean zumitzezko estalkiak jarri eta bertako produktuez osatutako entsalada eta meloia jan ditugu. Ez da menda-belarrez egindako terik falta. Bat batean, gure bost kideak desagertu egin dira eta berehala ohartu gara otoitzerako unea dela. Herriko meskitako bozgorailutik muezinaren otoitzerako deia (Allahu Akbar) hedatu da  ibarraren bazter guztietara. Egunean zenbat alditan egiten duten otoitz  galdegin diegu gure bidaideei eta gure jakin-mina asetzearren edo, Meka aldera jarrita egunero gutxienez bost aldiz egin behar dutela otoitz argitu digute, nahiz eta eskubidea duten maiztasun handiagoz egiteko. Salateko derrigorrezko bost otoitzak egunsentian, eguerdian, arratsaldean, arratsean eta gauen egin behar dituzte. Erritual gisa, otoitza eskuak, aurpegia, belarriak eta ukondoak urez garbitu eta gero egiten dute. Orain ulertu dugu zer demontre egiten zuten gure lagun amazigek plastikozko kubo urdin txiki bat eskutan hartu eta bertan daramaten urez beren gorputzeko atal horiek igurtziz. Ura bizitzeko, ura jolasteko, ura otoitz egiteko.


Orain arte ekarritako bide laua atzean utzi eta bere hormak erorita dituen bihitegi zahar baten ondotik lehen aldapari eutsi diogu, mendi aldera zuzentzen den xenda nabarmen batetik. Eguzkiaren beroak ez du barkatzen eta gure ibilera moteldu egin du. Lepora heldu eta atzera begiratuz ibar berdearen ikuspegi zabalaz gozatu dugu, urak sortu duen baratze bizia, bizitzeko urak zizelkatu duen eremu aberatsa eta emankorra, amazigen lantoki eta bizileku miresgarria. Postal honen beste aldean gaude, dozenaka ahuntzek bazkatzen duten erreinuan eta gertu harrizko borda, artzainaren eta ahuntzen gordeleku. 


Egunaren azken argiak itzali aurretik, Taghia n Ait Hamoudou errekastoaren ertzean jarri ditugu jaima eta kanpin dendak, Jbel Tafenfent mendiaren magaleko lur gorrietan. Mohamedek afaria prestatzen duen bitartean botak erantzi, oinak errekan sartu eta kantinplorak urez bete ditugu. Gaur ez dugu dutxarik, errekaren ur korronteak eskaini digun freskotasun eta gardentasunak lagundu du gure asmoa. Ilargiak hartu du eguzkiaren lekua eta jaimaren babesean afaldu ostean, gure lagunak agurtu eta lo-zakuaren epela bilatu dugu. Zerua oskarbi dago eta ezin izan diogu eutsi izartegiak erakusten duen ikuskizunari so geratzeari. Soilik errekaren murmurioak hausten du espektakulu honen handitasunari darion isiltasuna. Ezin ederragorik!


Egunsenti zoragarri batek esnatu gaitu. Ali eta Omar mandazainek mandoak prestatzen dituzten bitartean jaimaren babesean Mohamedek prestatutako jaki gozoak dastatu ditugu gosaltzeko orduan. Goiz da eta oraindik eguzkiaren izpiek ez dute berotzen. Argiak lurraren kolore gorria areagotzen du, erretzen bailego. Martxan jarri eta Lahouceinen arbasoek erabili ohi zuten artzain bide zaharretik aurrera egin dugu intsentsu-miter (Juníperus thurífera) zuhaitz berezien artean. Atlas mendikatean bereziki ederrak dira enbor bihurritua duten zuhaitz hauek. Giro lehorrak bere enbor eta adarren kolore grisa areagotzen du hosto iraunkorren berdetasunarekin kontrastatuz. Ganaduaren eraginez eta egurretarako  erabileraren ondorioz, basoak oso degradaturik daude eta bestelako neurririk hartu ezean, egoera konponezina izango da laster.


Gorabehera txiki eta igarobide estuen artean bete ditugu hurrengo bi orduak. Fruitu lehor batzuk jaten ditugun bitartean, goi lautadako lurrean eseri eta Abachkouko ibar aldera begiratzean, lurrak erakusten duen koloreen sinfonia gure begien ninietan txertatu zaigu bat batean. Idorra eta iradokitzaile den paisaia honetan ibarrak eta herrixkak guztiz mimetizaturik agertzen dira, lugorrien eta barazki soroen berde biziaren arteko kontrastearen unibertso txikian txertaturik. Ikuspegi atsegina lagun, mandoen atzean jarri eta aurrera egin dugu. Aurrez aurre, hiru mila metro gaindi dituzten mendiez osaturiko Jbel Tarkeddit mendikatearen horma bertikalak ikusi eta Ghougult aldera jaisten hasi gara. Herriaren sarreran lehen umeak gerturatu zaizkigu “un stylo” eskatuz. Harrigarria bada ere, paraje hauetako umeentzat bolaluma edo lapitza dira desiratzen duten oparia. Askok idazten eta irakurtzen jakin gabe hauen bidez magia egin dezaketenaren esperoan edo beraien ezkutuko sentimenduak orri puska ziztrin batean dituzten ametsak marrazteko itxaropenez. Zein gutxi behar den apenas dagoen lekuan eta zenbat soberan oparotasuna dugun lurraldean. Lehenak gutxirekin zoriontsu, gu, aldiz, ugaritasunean zoritxarreko. Hauxe da gure munduaren erretratu desorekatua.


Herria eta errealitate gordina gibelean utzita, Ghougulteko haitzartean murgildu gara intxaurrondo baten gerizpean atsedena hartu eta bazkaltzen geratu garen arte. Mohamedek kubo txiki urdina hartu, errekastoan urez bete eta otoitz egitera abiatu da. Eguneroko erritoa. Umeak lanean ikusi ditugu, batzuk ahuntzak zaintzen eta hauen kakak mando gainean herrira garraiatzen, neskatxak errekaren ertzean arropak ikuzten. Janari eske gerturatu zaizkigu batzuk, urrutitik mesfidati zelatatu gaituzte bestek. “Us stylo” “un stylo”… Haitzartea amaitzean, kanpatzeko lekua bilatu dugu beste lautada txiki batean. Kanpin dendak eta jaima muntatu, gertu dagoen iturri txiki batetik ateratzen den urez hala moduz garbitu eta afaltzera bildu gara. Gaurkoan ere, ortzian marrazten diren izarrek espektakulu paregabea eskaini digute.


 “Nahi ez duenari ezin zaio zerua erakutsi”
Gau haizetsuak eta inguruan bizi diren nomaden zakurren zaunkek esnatu gaituzte nahi baino goizago. Gosaldu ostean, igoera zorabiagarri bati ekin diogu mendiaren magalean sigi-sagan marrazten den xendatik. Tizi ri Wani mendi lepora heltzean eta arnasa berreskuratzeko atsedena hartu ondoren, Tarkedditeko ordeka aldera abiatu gara. Xendaren alboan bi ume gu noiz iritsiko zain. “Un stylo” eskatu eta guk eman. Nomaden etxe eta ahuntzen bazkalekuen artean ibili eta gero, errekaren ondoko zelaitxo berdean altxatuta dagoen  Lahouceinen lagun baten jaimaren ondoan menda-belarren tea dastatu dugu. Botak erantzi, oinak errekan sartu eta belarretan zeruari so etzanda eman ditugu hurrengo minutuak  eguzkiaren izpien ferekaz gozatuz.


Jbel Tarkeddit eta Ighil M’Goun mendikateen artean hedatzen den lautada luzean zehar ibiliz lehen aldiz ikusi ahal izan dugu M’Goun mendia, gure ibilaldi honen punturik gorenena.  Tarkedditeko aterpearen ondoan dagoen oasi berdean gure lagun mandazainek altxatu duten kanpalekura iritsi gara. Motxilak bertan laga eta gero, aterpean dagoen dutxan aurreko egunetako izerdiak eta hautsak gure gorputzean utzitako arrastoak ezabatu ditugu. Gaua laburra izango da, goizeko laurak aldera altxatu behar dugu eta. Afaldu, zeru izartuari begiak tarte batez josi eta lo-zakuaren epela bilatu dugu agudo.


Mohamedek kanpin dendako kremailera ireki eta mendi aldera abiatzeko ordua dela esan digu. Bapo gosaldu, hotzetik babesteko arropa egokiak jantzi eta frontalaren argiaz baliatuz ilaran  maldan gora jarri gara. Mandazainak jaimaren babesean geratu dira lotan, ez dira gurekin etorriko eta gauean berriro elkartuko gara Oulilimteko ibarrean. Hotsik gabeko gau beltzean beste talde batzuk ipurtargiak bailira marrazten dira mendiaren magalean. Zeru izartsuan, aldiz, izarren anabasak marrazten duen irudi mugagabea. Lepora iristean, mendi tontorraren gibeletik ateratzen ari den ekiaren argitasun itsugarriak agurtu gaitu. Azken metroetan Amaiak ezin izan dio emozioari eutsi eta negar malkoen eztandak bete du haren aurpegi hotza. M’Gouneko gailurraren magal grisean eseri gara bostak haizearen txistuak musikatzen duen konpasean murgildurik. Zeruak eta lurrak bat egiten duten lurralde amaigabeari so, bertan marrazten diren naturaren kolore eta irudiez gozatu dugu. Jaitsiera, mazizoaren erdialdeko kono pikotik egin dugu eta beheko aldera iristean M’Gouneko iturrien bila abiatu gara, Oulilimtera.


Zerua ilundu eta ekaitzaren hotsak entzun ditugu gertu. Kanpamendura iristerako txingorrak bisita egin digu. Ekaitzaren ostean, barea. Gaur ez dugu jaimarik, bertan dagoen nomaden harrizko etxean hartu dugu atseden eta ostatu. Inguruan dagoen nomaden beste etxaldera joan nahi, baina ez gerturatzeko oihukatu digute. Lahouceini galdezka hasi natzaio jarrera honen arrazoiak bilatu eta ulertu nahian. Nomaden bizitzaz luze hitz egin dugu, baita ere haiek “zibilizatzeko” gobernuak egindako ahaleginaz, hala nola, ume nomadak eskolaratzeko edota herrixketako bizitzan txertatzeko xedez. Lurralde honetako nomadekin izandako harremanen emaitzak ez omen dira onak izan eta askok bere isolamenduan bizitzen jarraitzea erabaki omen dute. Sentimendu kontrajarriak azaleratu zaizkit Lahouceinen azalpenak entzutean, nahia eta ezinaren arteko borroka latza. Gaur bizi dugun mundu globalizatu honetatik ihesbide izan daitekeelakoan, baina… dagoeneko berandu. Bizimoduaren oasi honi bizkarra eman eta kanpalekura itzuli gara nomadei argazki bat ateratzeko aukerarik eta kemenik izan gabe. Errekaren ertzean jesarri eta gure bizitzaren zentzuaz eta esanahiaz gogoeta egin nahi izan dut. Istant bat izan da, ezin dut (edo ez dut nahi). Lagunen ondora bildu eta menda-belarrezko tea eskutan, belarretan etzan eta zeruari so geratu natzaio, nahi ez duenari erakutsi ezin zaion zeru horri begira.


“Auzokoa etxea baino garrantzitsuagoa da, eta laguna bidea baino”
Gure seigarren egunsentia agurtu eta ibarrean zehar abiatu gara mandoen atzetik. Mendien magaletan ahuntz-talde ugari eta gertu nomada bakartien harrizko etxolak. Xendaren albo batean mutil gaztetxo batek bere uzta saldu nahi digu, barraskilo zuri batzuen oskolak eta ahuntzen artile zakarrez egindako eskumuturrekoak. Nomada gazte honek ez digu “un stylo” eskatu eta bere irribarrerik zabalena eskaini digu eskuen ahurrean bere altxorra erakutsiz. Hiruzpalau eskumuturreko erosi eta 300 dirham eman eta gero, aurpegian distira apartekoa erakutsi du, diruaren distira saltzailea ote? Oulilimteko penitenteak altxatzen diren lekura ailegatzean, harri eta zur geratu gara haizeak zizelkatu dituen formazio geologiko erraldoi hauek duten itxura magikoarekin. Paradisu txiki hau zeharkatzen duen errekaren ondotik jaitsi gara paisaia zipriztintzen duten hamaika intsentsu-miter zuhaitzen artean. Garai batean bihitegia izandako Tighremt n Ait Ahmeden aurrien ondora iritsi eta bere itzalean bazkaldu dugu. Hemen denbora astiroago igarotzen dela dirudi.


Gertu dagoen Mrabitine herrixka atzean utzita, azkar heldu gara Taghreftera, gaurko nekeak eta pozak pausatuko ditugun Chez Jamal Gîte d’etapera edo aterpera. Logela koloretsuan trasteak utzi eta herria bisitatzera abiatu gara. Ume andana dabil harrapaketa eta ezkutaketetan jolasean. Guztiak mutilak, neskak errekastoan makurturik arropak ikuzten eta beraiek baino gazteagoak diren anai-arrebak zaintzen. Gizarte patriarkatua izanik, emakume amaziga familiaren oinarri da eta ezkontza da bere halabeharreko patua. Gizona da familiaren kide guztiengan duen kontrol zorrotza, eta emakumeak, aldiz, familiaren morala eta bizitza pribatua zaintzen ditu. Emakumea da beren gizarteko habea, beraiek garbitzen dituzte arropak, otorduak prestatzen, igitaiez ihiak moztu, ogia egin eta sutarako egurra ekartzen. Hala ere, emakume amazigak bere mugen barnean jakin izan du bere rola bilatzen. Lahouceini egoera honetaz galdegin diogu eta hori guztia beren tradizio eta ohituretan txertaturik dagoen antzinako egoera dela esatearekin batera, berehala ohartu gara bat datorrela emakumearekiko dagoen ikuspegi honekin. Entzundakoak sortu duen amorrua gure erraietan gorde dugu. Ulergaitza gertatu zaigu eta soilik mendiko jendeak prestatzen duen kus-kus ederrak arindu du gure haserrea eta mina. Mutiko txiki bat gerturatu zait, poltsan dudan lapitza eta paper puska bat eman eta korrika aldendu da bere lagunei lortutako altxorra erakustera.


Goizaldean aterpeko jendea agurtu eta baratza eta fruta-arbolek osatzen duten oasi berde artean zabaltzen den xendetan barrena igaro dugu goiza. Herritik ateratzean, harresi txiki bat ikusi dugu, eta barruan belarrak eta sastrakak. Lahouceini galdetu eta hilerria dela esan digu. Hilarririk gabeko hilerria? Bai, zutikako harri gutxi batzuk ikus badaitezke ere, gehiengoek hildakoak lurperatu eta ez omen dute inolako ikurrik jartzen. Gurean ez bezala, paisaiarekin guztiz bat egiten du. Gaurko ibilaldi laburrak Imi Nirktera eraman gaitu. Iraganean ainguraturik bizi den herrixka honetako korta baten ondoan kanpin dendak jarri eta erreka aldera jaitsi gara ur korrontearen murmurioak eskaintzen digun lasaitasuna bilatuz. Gertu, mutil talde handi bat futbolean ari da, lastoz, oihalez eta sokaz egindako baloi bati ostikadak emanez. Bertan, kafesne koloreko pareta baten kontra jarrita dauden hiru neskatxa keinuka ari zaizkigu, lotsati eta mesfidati. Burua zapiz estalita eta oinutsik daude. Amaiak eskutan duen mugikorrari begira, arrotza egiten zaien tresna txiki batek sortzen dien harriduraz ohartu gara, gure seme-alabentzat “ezinbestekoa” den jostailuak eragiten dien liluraz. Luze jo dugu postal honi begira, luzeago jo beharko genuke gure “bizitza zibilizatu eta aurreratuak” ekarri dituen ondorioez hausnartu eta gogoeta egiten. Baina, ihes egin ohi dugu beti, ez dugu kemenik errealitate gordinari aurre egiteko. Eroso bizi gara eta ez zaigu interesatzen bidean eten txiki bat egin eta gure bizimodua zalantzan jartzeko, gure kontraesanak azaleratzeko. “Lapikoa” irakiten jarri zait eta kostata hartu dut lo.


Gaur, M’Gouneko haitzartean sartuko gara zizelkatu duen errekaren uretan murgilduz. Oinetako zaharrak jantzi eta gustura ibili gara ur-korrontearen ibilgua jarraituz. Eguzkiaren izpiek apenas iristerik duten pareta bertikal horixka eta erraldoiek gordetzen duten espazio estu eta erakargarri honek “mandabide” baten antza du, haran honetako herriak lotzen dituen “autobidea” baita. Hiru ordu pasatxo oinak bustitzen, hiru ordu pasatxo naturaz gozatzen ibili eta gero, Tiranimineren sarreran dagoen etxe bakarti batean hartu dugu ostatu. Arratsean, etxearen ondoan dagoen eraikin txiki eta ilun batean suaren argia ikusi eta gerturatu gara. Etxeko bi neskak afaria prestatzen dihardute, Fatima lurrezko labean ogi opilak egiten eta Sara sutondotik ateratako txingarrekin tajinea prestatzen ari da. Sukaldea, izkina bateko sua izan ezik, argilunez beterik dago. Ali mandazainak berbaldi luzean ari da Fatimarekin, amazigeraz etenik gabeko berbaldian. Sutondoaren epelean eseri eta guretzat arrotza den hizkuntzan esaten zutena jakin guran Lahouceini bien arteko hizketaz galdegin diogu. Alik Fatimari esan omen dio bere herrian badela mutil gazte bat berarentzat senar egokia litzatekeena eta berak ezagutu nahi izanez gero, harekin hitz egin eta elkar ikusteko eguna eta lekua finkatzeko prest dagoela. Fatimak ez omen du etxe honetan lau gizonezkoentzat bizitza osoan lanean jarraitu nahi eta begi onez ikusi du Alik egindako proposamena. Hala ere, mutil gazte horrek arrebarik ba ote duen galdetu dio eta Alik baietz esan. Hitzik gabe geratu gara. Tajinea jan eta lotara.



Gure abentura txiki honen azken egunari egin diogu aurre. Etxeko jendea agurtu eta atzo bezala, gaur ere oinetako zaharrak jantzita errekatik ibili gara. Aguerzaka herrira iristean, berehala ohartu gara bestelako bizimodu bat dutela, dendak, aterpeak, meskitetako bozgorailuak, kale-argiak eta kotxe gutxi batzuk. Galipotezko errepidea aterpearen atariraino iristen da eta lurrezko futbol zelaiaren ondoan 4x4 kotxetzarrak eta furgonetak. Iluntzean azken afaria egin dugu mandazainekin, Omar, Ali eta Ali lagunak etxera bueltan  dira. Ez dute amazigera ez den beste hizkuntzarik ezagutzen, baina ez dugu arazorik izan bederatzi egunez haiekin komunikatzeko, nahikoa izan da keinu edo hots bat elkar ulertzeko. Umilak, zintzoak eta langileak diren lagunekin argazkia atera eta besarkada luze batez agurtu ditugu. Beraien mandoak hartu eta beren herrira itzuli dira, egun hauetako lanaren ordaina jaso eta datozen astetan bizi irauten jarraitzeko. Iawnk lagunak, zorte on! Mohamed sukaldaria eta Lahoucein mendi-gidaria gurekin geratu dira eta elkarrekin Quarzazate, Taroudant eta Essaouirako herriak eta bazterrak ezagutzera abiatu gara. Atzean utzi dugu beren ohiturei estuki lotutako eta geografia ez abegitsura egokitu den amazigen bizitza, ekosistema zehatz bati lotutako nekazaritza eta abeltzaintza prekario batez inguraturik, bere erliebe malkartsuak komunikazioa zaildu egiten duen gizarte txikia. Naturaren mirari liluragarria.
Sajah!


Marrakexko Jemaa el Fna plazan dagoen zalaparta amaigabean murgildu gara. Ohi bezala, bazter guztiak jendez gainezka daude. Musikarien soinu eta kanta amaigabeak, laranja-zuku saltzaileen deiadarrak, suge-sorgintzaileen txirula hotsak, dantzarien jira-bira eroak eta jatetxeetako burruntzietatik ateratzen den ke artean galdu gara. Atzean geratu dira bederatzi egunez Lahoucein, Mohamed, Omar eta Ali lagun amazigekin ezagutu eta gozatu ditugun Atlas mendietako magal koloretsuak, lastoz eta lurrez altxatutako herrixkak, ibar berdeetako freskotasun eta oparotasuna, haitzarte estu eta amaigabeak, errekastoen murmurio lasaigarria, ezti koloreko lurrak, umeen jolas eta irribarreak, bideetako isiltasuna eta meskitetako otoitzerako deiak… atzean utzi ditugu ezkutuko sentimenduak ernetzen dituen lurralde abegitsua. Mutua ez den paisaia ederra. Bizirik dirauen amazig herria. 


Amazig herria
Amaziga jatorri ezezaguneko herria da eta tribu independente askoz osatuta dago. Erromatarren mendetik ihes egitean, peioratiboki berbere edo barbaroak deitu zituzten, horregatik beraiek nahiago dute “gizon libreak” esanahia duen amazig terminoaz izendatzea. Mendeetan zehar kanpotik zetorren eraso eta mehatxuei (greziar, feniziar,  erromatarrak, bandaloak…) aurre egiteko bat egiten jakin arren, amazig nomadak erabat sakabanaturik bizi izan ziren eta bizi dira gaur egun. Hasieran arabiarren erasoei aurre egin bazien ere, ezin izan zuten erasoa gelditu. VII. mendearen bukaeran Afrikako iparraldeko kostaldean musulmanak ziren nagusi eta barnealdea amazigen esku zegoen. Hala ere, Islama hartu zuten erlijio. Islamismoa onartu arren, XI. eta XII. mendeen artean beren kultura eta aginte politikoa berreskuratzen saiatu ziren. Almorabide eta almohade dinastiak nagusitu eta txandakatuz estatu independenteak sortzea lortu zuten, XV. mendean arabiarrek erabat mendean hartu arte. Marokoko biztanleriaren erdia baino gehiago amaziga da, Aljerian gutxiengoa, Tunisian talde txiki batzuk baino ez dira geratzen eta Libia eta Egipton kasik desagertu egin dira.


Historiaurretik Afrikako iparraldean bizi den (Maroko, Aljeria, Tunisia, Libia, Mauritania eta Egipto) gizatalde honen berezko hizkuntza amazigera da, zona horretan hitz egiten diren hizkuntzen artean zaharrena. Sei milioi hiztun baino gehiago daude dialekto askotan banaturik. Amazigen lurretan arabiera da nagusi eta amazigeraren hiztunen eskubideak ez dira errespetatzen. Lurralde desberdinetan elkarrengandik urrun eta sakabanaturik dauden hizkuntza komunitate hauek erabili ohi duten amazigerak Marokon eta gainerako estatuetan ez du ofizialtasunik, eta hainbat eskualdetan etxeko eta  kaleko hizkuntza den arren baztertuta dago. Gaur egun  arabiera nagusitzen ari da amazigeraren kaltetan.
 

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko

https://askemikel.blogspot.com/2015/02/amazigen-atlas-sentimentala.html




No hay comentarios:

Publicar un comentario