Páginas

jueves, 3 de octubre de 2024

Harri Kulunka


Harri Kukunka

Alba eta Hargibel mendien tontorrak lotuko ditugu ibilbide honetan eta horretarako Beartzun auzoraino joango gara. Aldudetako lurrekin muga egiten duen mendiaren gandorrean ibiliko gara eta oso berezia den Harri Kulunka izeneko harritzarra bisitatuko dugu. Paraje eder hauetan, pagadi trinko eta ederretan murgilduko gara eta goiko belazeetan ibiliz, gure begien gozamenerako izango den ikuspegi zabala agertuko zaigu. Isiltasuna nagusi den inguru hauetan naturak bere aurpegirik dotoreena erakutsiko digu.




Baztango Beartzun auzotik abiatuko gara PR-NA 3 ibilbide balizatuaren marra zuri eta horiek erakusten diguten norabidean. Tarte txiki batzuetan izan ezik, aldapak ez du atsedena hartzeko aukerarik ematen eta azken baserria atzean utzi eta gero, pista zabalak pagadian murgilduko gaitu.  Ordubete eskas beteko dugu Belaungo leporaino igotzeko eta bertatik Aldudetako ikuspegi ederra izango dugu. Puntu honetan, Berderitzeko lepoa aldera zuzentzen den bide balizatua utzi eta Eihartzeko kaskoa inguratzen duen bide nabarmenetik igotzen jarraituko dugu. Gertu ikusiko ditugu mugarriak eta aurrez aurre dugun Hargibeleko tontor aldera zuzentzen den aldapa pikoari aurre egingo diogu. Gora heldu aurretik, eskuin aldera jo eta Harri Kulunka izeneko harritzarraren ondora gerturatuko gara. Bere ezaugarririk nagusiena kili-kolo dagoen harri bat izatea da, bera baino txikiagoa den beste bloke baten gainean kulunkatu egiten baita. Hargibel menditik askatutako harearrizko bloke handi bat besterik ez da eta bere neurriak hauek dira: 4 metroko luzera, 3,65ko zabalera eta 1,40ko altuera. Bere perimetroak ia 12 metro neurtzen ditu eta masa 50 tonaren inguru. Beraren gainean jauzi eginez gero, nola kulunkatzen den ikus daiteke. Elezaharren arabera, Erroldanek Autza menditik jaurtitako harria omen da.




Harritzarra atzean utzi eta tontorreraino igoko gara eta segidan, lepora jaitsiko gara Albako tontorrera igotzeko dugun bide belartsutik aurrera eginez. Zaguako gainetik, altuera poliki irabazten jarraituko dugu azken metroak harlauzez betetako bidetik osatuz. Tontorrean, erpin geodesikoa eta metalezko baserri bat buzoi modura. Tontor honek ez du inguruan trabarik egingo dion beste gailur edo mendirik eta horregatik merezi du tarte bat hartu eta paisaiak eskaintzen digun ikuspegiaz gozatzea.




Zintzurra freskatu eta Urbilloko lepora jaitsiko gara. Hasiera deserosoa gertatuko zaigu, baina laster pagadira heldu eta erraz ailegatuko gara lepora. Aurrez aurre dauden Larrabeltzeko haitzak inguratuko ditugu eskuin aldetik zabaltzen den pista zabaletik eta laster altuera jaisten hasiko gara Ixtiko lepora iristeko. Lizardiko haitzera zuzentzen den bidea ezkerrera utzi eta eskuin aldetik jaisten den pista zabala hartuko dugu. Bidea oso erosoa da eta beheko aldera iristean, erreka gurutzatu eta pista zabaletik segituko dugu. Berriro erreka ondora heldu baino lehen, pista hau utzi eta aurrez aurre ikusiko dugun bide zaharra hartuko dugu Agerrealdeko bordaren ondoraino. Xenda nabarmenetik errekara jaitsi, hau gurutzatu eta malda txiki bat igoko dugu ibilgailua utzi dugun lekura heltzeko.





No hay comentarios:

Publicar un comentario