Páginas

domingo, 28 de julio de 2024

Basagaindik Osintzulora

 


Anoeta herritik abiatu eta oso desberdinak diren bi leku ezagutzeko aukera eskaintzen digu ibilbide zirkular honek. Alde batetik, Burdin Aroko Basagaingo herri harresituaren aurriak bisitatuko dutugu, eta bestetik,  Osintzuloko ur-jauzia eta putzua.

 

  

Anoetako herriko plazan dagoen San Joan Bataiatzailearen elizaren ondotik abiatuko gara. Etxe artean, San Juan kaletik Oria ibaia aldera jaisten hasiko gara eta, Villabonaraino zuzentzen den bidetik lehen metroak bete eta berehala, ezker aldetik maldan gora ateratzen den mendi bidetik jarraituko dugu. Basotik aurrera egingo dugu altuera irabaziz. Xenda pista zabala bihurtu eta eroso beteko dugu hurrengo tartea.

 

  

Ur-xirripa duen iturriaren ondora iritsi eta metro batzuk aurrerako bidegurutze batekin egingo dugu topo. Orain arteko pista zabala utzi eta ezkerretik marrazten den xendan barrena igotzen jarraituko dugu berriro beste pista zabal batekin topo egin arte. Metro batzuk aurrerago, izen bera duen mendi muinoaren magalean kokatuta zegoen Basagaingo lehen aurriekin egingo dugu topo. Berez, Oria ibaiaren ibarreko mendi-muinoetan kokatutako Burdin Aroko herrixka multzoetako bat da, Buruntza, Iruntxur eta Murumendikoaren antzera.

 

Anoetako udalerriko lurretan kokatuta dagoen Basagain, Burdin Aroko herrixka gotortu bat izan zen. Bertan jarrita dauden argibide-taula desberdinetan, herrixka honen arkitekturaren eta bizimoduaren azalpenak jasotzen dira. Herrixkaren mugak erraz antzematen dira, haren perimetroan eraikitako harresi exentuaren arrastoak ikus daitezkeelako. Harresitik barnera igarotzeko, ateren batek behar zuen ekialdeko hegalean. Gaur egun egitura zuzenean ikus daiteke ekialdeko bi tokitan egin diren indusketa arkeologikoei esker. Hemen egindako indusketa sistematikoetan aurkitu diren lurpeko aztarnek erakusten digute nola moldatzen ziren orduko gizaki haiek beren etxeak egiteko, nolako ekoizpen-moduaz baliatzen ziren eta nolakoa zen haien bizimodua. Horma barruko aldearen zati bat, gaur egun, indusketa fasean dago; beraz, sektore bat irekita dagoenez, lanak jarraitzeko zain, egiturak plastiko batez estalita daude, babestu ahal izateko.

 

  


Gure ibilaldi honen lehen helburua bete eta gero, bigarrenaren bila abiatuko gara. Gure historiaren arrasto hauek atzean utzi eta bide nabarmenetik aurrera egingo dugu muinoan zehar. Basoan murgildu eta berehala maldan behera jarraituko dugu Anoeta eta Asteasu lotzen dituen Goi Bailarako errepidearekin bat egin arte. Errepidetik kilometro bat beteko dugu Alkiza errekaren ondora jaisteko. Zubi txiki bat igaro eta eskuinetik, errekaren paraleloan jarraitu, harrizko zubi baten ondotik pasa eta Osintzuloko ur-jauzia eta putzuaren ondora helduko gara. Urte sasoiaren arabera ur-emaria ez da berdina, horregatik komeni da sasoi heze eta euritsuetan bertaratu eta paraje eder hauetaz gozatzea.

 


Abiapuntura itzultzeko, etorritako bidetik ehunen bat metro atzera egin eta eskuinetik ateratzen den xenda hestutik segituko dugu. Berriro altuera irabaziko dugu Isastiko parajeetara iristeko. Gertu, Anoeta herriaren guneraino jaisten den errepidea hartuko dugu ibilaldiari amaiera emanez.

 

 

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko

https://askemikel.blogspot.com/2024/06/basagaindik-osintzulora.html

 



Powered by Wikiloc

No hay comentarios:

Publicar un comentario