Gure herriko
mendietan maiz ikusi ditugun bide-seinale zurigorriek erakutsi ohi digute
aukeratu beharreko norabide zuzena. Horietako bi, Euskal Herriko Pirinioak bere
osotasunean zeharkatzen dituztenak dira, GR-10 eta GR-11 ibilbide luzeak hain
zuzen ere. Lehena Iparraldeko lurretan zehar hedatzen da, eta bigarrenak,
berriz, Hegoaldeko herri, baso eta mendiak zeharkatzen ditu.
Artikulu honetan, GR-10ak Hendaiatik
Donibane Garaziraino marrazten duen bidea erakusten da, Bizkaiko Golkoko
itsas-bazterretik atera eta Nafarroa Behereako hiriburu ederrean
amaitzeko. Mendien magaletan barreiatzen
diren borda, baserri, zelai, baso, tontor eta abarretan murgildu gara tarteka bertako elezahar eta istorioak gogora
ekarriz. Gure herri zahar hau zipriztintzen duten hamaika paisaia ederrez
gozatzeaz gain, gure kulturaren eta historiaren pasarte esanguratsuak gogora
ekarri ditugu, hots, euskararen herria ezagutzeko eta maitatzeko hamaika
arrazoi.
Hendaia
Zeharkaldi honen lehen zatia nahikoa laua da eta ez du
ahalegin berezirik eskatzen. Hondarraitz hondartzaren beste muturrean dauden
Bikiak edo Dunbak izenez ezagutzen diren bi haitzei bizkarra eman eta martxan
jarriko gara. Txingudiko badiaren ertzetik aurrera egin eta Hendaia zeharkatuko
dugu kale artean ibiliz. GR-10aren bide-seinale zurigorriek erakutsiko diguten
norabidean, herriko azken urbanizazioak atzean utzi eta zelaien artetik igaroko
gara, muino txikien gainetik. Atzera begiratuz, Txingudiko badia eta Hendaiaren
ikuspegi ederraz gozatzeko parada izango dugu, beste aldera, berriz, garoz
estalitako muino berdeak.
Hego-ekialderantz joko dugu segidan, D 810 errepidea
zeharkatu eta berehala, landa-errepide txiki bat hartu eta urratsez-urrats Biriatuko
auzo de Garlatzera helduko gara. Auzoa atzean utzi eta A63 autobidea
zeharkatzen duen tuneletik kilometro bat egingo dugu Biriatura iristeko. Etxe
ederren artean malda txiki bat igo eta San Martin elizaren aurrean dagoen
plazatxora igoko gara, udaletxea ere bertan ikusiko dugu.
Biriatu
San Martin elizaren ondotik igaro, hilerriaren hormen ondotik pasa eta
berehala, Kukutxoa etxearen aurretik pasatu eta gero, GR-10ari dagozkion bide
seinaleek erakusten diguten norabidean igotzen hasiko gara. Laster, bide
balizatua utzi, eta aurrez aurre ditugun Perdrixko haitzen ondora joko dugu,
malda pikoari aurre eginez. Argindar poste erraldoien azpitik igaro eta gero,
xenda nabarmenetik egingo dugu aurrera. Bide nagusiarekin bat egin, eta gandor
biribilduan zehar erraz helduko gara Xoldoko gaineko tontorrera. Ikuspegi
zabalaz gozatzeko tartea hartuko dugu. Euskal kostaldeko herrien eta gertuko
mendien ikuspegi bikaina izango dugu. Pirinioetako zeharkaldia egiteko lehen
oztopoa den mendiari bizkarra eman, eta Osingo lepo aldera jaisten hasiko gara,
malda bizian. Segidan, Bizkarsoro leporantz jaisten den bide zabala hartuko
dugu. Horra heltzean, gertu dagoen lakura zuzentzen den pista zabala gure
ezkerrera utzi, eta Manddalerantz igotzen dena hartuko dugu.
Faalegiko gaina ekialdetik igaro eta Joncs lepora erraz ailegatuko gara.
Azken aldapa ez da oso luzea, eta urak higatu duen bidezidorra jarraituz,
Manddalera iritsiko gara. Han, guda garaiko lubakien aztarnen ondoan, Lapurdi
eta Nafarroa banatzen dituen 9. mugarria eta gutunontzia aurkituko ditugu.
Iparraldean, Txingudiko badian hasi, eta Errobi ibaiaren bokaleraino marrazten
den kostaldean barreiaturik, Lapurdiko herriak han eta hemen ikusi ahal izango
ditugu. Mendebalderantz begiratuz gero, Aiako harriko granitozko tontor
bikainak, eta, ekialdean, berriz, Larhun mendiko gailurrean, ostatu erraldoiak,
TDFko antena itzela... turismo eta teknikaren izenean eraikitako monumentu
eroak. Azkenik, hegoaldean, Saioa, Mendaur, Arxuria eta Nafarroako mendi anitz.
Ibardin
Begien aurrean dugun guztia identifikatzen luze joko genuke, eta, gure
interesa ase ostean, martxan jarriko gara. Ekialderantz hedatzen den gandorrari
helduko diogu. 10. mugarria atzean utzi ondoren, garolekuaren ondotik doan
aldapan behera jaisten hasiko gara. Azkar galduko dugu altuera, eta, haitzen
artean bidezidorra bilatu aurretik, Manddaleko harrespilaren ondotik pasatuko
gara. Historiaurreko monumentu megalitiko horretatik gertu, egungo
zibilizazioaren aztarnak daude: Ibardingo bentak. Dendak, tabernak, jatetxeak,
aparkaleku mordoa... ohikoa da inguru hauek asteburuetan jendez mukuru egotea,
egun-pasa egiteko leku aproposik ez balego bezala.
Beratik datorren errepidea gurutzatu eta, berriz, bide ederrari eutsi eta
aurrera egingo dugu, lehenik ipar-mendebalderantz eta gero, ekialderantz.
Hasierako malda gogorra berehala leunduko da eta bideak Intzolako paraje
ikusgarrietara eramango gaitu. Bailaran murgiltzean, gerizpea, freskotasuna eta
Intzolako errekaren ur gardenek harrera egingo digute. Erreka ondoko
galtzadatik (Napoleonen galtzada deiturikoa) jarraituko dugu Intzolako bentatik
gertu dagoen zubitik erreka gurutzatzeko.
Beste aldera pasa eta maldan gora abiatuko gara Deskargahandiko lepora
iritsi arte. Larhunera zuzentzen den
bidea eskuinera utzita, aldapan behera abiatu eta Olheta errekaren ondoan
dagoen Manttobaita Gîte d’Etaperaino jaitsiko gara.
Manttonbaita
Manttonbaita
aterpetik gertu dagoen aparkalekutik abiatu eta honen ondotik ateratzen den
bide nabarmenetik martxan jarriko gara. GR-10aren marka zurigorriak lagun
pixkanaka altuera hartuko dugu. Basotik atera eta berehala ikusiko ditugu
Larhun mendiaren gailurra desitxuratzen dituzten antenak. Konturatu orduko,
Errepausuko lepora iritsiko gara. GR-10aren bide-seinaleek erakusten diguten
norabidean jarraituz, berehala iritsiko gara Larhun mendiaren tontorreraino
igotzen den tren txikiaren trenbidearen ondora. Hau gurutzatu eta gero,
Altsanga muinoaren oinean dagoen bidegurutzeraino jaitsiko gara.
Trenbidea zeharkatu eta
sakanetik jaisten den bidea hartuko dugu hego-ekialderantz. Otadien arteko
tarte baten ondoren, pista zabal batetik jarraituko dugu, amildegiaren
ezkerreko hegaletik maldan behera. Larhun mendiaren ezproi harritsua azpiko aldetik inguratu ondoren,
asfaltozko errepide batera iritsiko gara eta bertatik jarraituko dugu pista eta
hartxintxarrezko bidezidor batzuk hartuz. Asfaltatutako bidetik jarraitu
eta berehala iritsiko gara baserri baten ondora eta gertu, metro batzuk gorago,
otoizleku zaharrena den San Antonekoa ikusiko dugu basoan txertaturik. Berriro baserrira jaitsiko gara eta honen
ondotik ateratzen den lurrezko pistatik (GR-10aren bide-seinale zurigorriak)
iturrira jaitsiko gara. Bertakoek diotenez ur honek begietako gaitzak eta
ekzemak sendatzeko balio omen du. Lurrezko pista amaitu eta berriro etxe
ederren artean zabaltzen den errepidera aterako gara. Gertu ikusiko dugu Sara
herria eta bere elizako dorrea.
Sara
Herrian 14
otoizleku daude eta horietatik zazpi, Erdi Aroko galtzada zaharrean aurkituko
ditugu herrigunetik oso gertu. Tradizioaren arabera, otoizleku hauek XVII.
mendean altxatu ziren Sarako itsasgizon eta arrantzaleen eskariei men eginez.
Otoizleku bat monumentu erlijioso txiki bat da eta santu bat gurtzeko eraikita
dago. Sara, eraikin erlijioso gehien duen euskal herria da.
Turismo
bulegoaren aurrean, pixka bat gora doan kalea hartuko dugu eta, amaieran,
oinezkoentzako bidetik jarraituko dugu. Harriztatuko galtzadatik San Petri
otoizlekuraino joango gara. Eskailerak igo eta zolatutako bide horretatik
jarraituko dugu D306 errepidera iritsi arte. Errepidean 400 bat metro egin eta
ezkerrera egingo dugu. Kanpina eskuinera utzi eta zubia zeharkatuko dugu. Bide
honek lehenengo bentetara eramango gaitu. Bi kilometro jarraitu eta ezkerretik
ateratzen den pista hartuko dugu 64. mugarriaren albotik pasatuz. Errobi ibaia
inguratzen duen pista ongi seinaleztatu honek Deabruaren Zubira eramango gaitu.
D4 errepidea zeharkatu eta oihanpearen artean jarraituko dugu ibaiaren
ertzetik. 600 metro geroago, ibaia hormigoizko zubi batetik zeharkatuko dugu,
arrain-haztegia inguratu eta goranzko bidezidor batetik jarraituko dugu
errepide txiki batera iristeko. Ainhoa herriaren sarreraraino jarraituko dugu.
Ainhoa
Herriko
elizaren aurrean ekialderantz ateratzen den bidea jarraituko dugu eta, Gurutze-bidean,
GR-10aren bide-seinaleei jarraituko diegu segidan. Hasieran asfaltatuta dagoen
eta ondoren pista bihurtzen den bidetik ordubete baino gutxiago behar izango
dugu zuhaizti batean babesturik dagoen ermitara heltzeko. Gertu, hiru gurutze
erraldoi hilarriz inguraturik. Arrantzeko Ama Birddinaren (Arantzako Ama
Birjina) kapera honen istorioa irakurri ahal izango dugu bertan dagoen testu
batean: “ Iturri miragarri baten ondoan, artzain bati
agertu zitzaion, Ama Birddinari eskainia zaio Kapera hau. Ez dakigu noiz
gertatu den agertze hori, baina erraite ahal dugu Oñateko (Gipuzkoa)
Arantzazuko Ama Birddinaren agertzearekin berdintasun aunitz badituela.
Aspalditik Ainhoarrak eta, inguruko herrietako biztanleak igaiten dira
kaperarat prozesioan, Mendekosteko astelehenean, meza nagusia entzuteko.
Mendian den kapera ttikitik, Arantzeko kaperaraino, 1886an egin 14 gurutzeko
bide bat bada. Bide honen ondoan, harpetxo batean, Ama Birddinaren itxurarekin
batean, iturriño bat agertzen da. 1898an San Mattin Etchartek eraikiarazi zuen
kalbario bat kaperaren aurreko ordozi ttikian, geroxeago 1900ean, Ama
Birddinaren itxura bat emana izan zen, kaperaren aurreko kaperatxoan, eta
berrikitan (2001) hilharriak (gizonarriak) emanak izan dira kalbarioaren
inguruan”. Kapera atzean utzi eta Errebi
mendiaren magalean hedatzen den GR-10aren bide-seinale zurigorriek erakusten
diguten norabidean abiatuko gara. Mendia inguratu, Soporro tontorrera zuzentzen den bidea
ezkerrera utzi eta Gainekoborda lepora jaitsiko gara, izen bera daraman
bordaren ondora.
Mehatze
Bizkailuze
eta Gorospil mendien hegalak zeharkatzen dituen pista belartsu eta ia
horizontala hartuko dugu. Bidezidorrak Esteben Bordara eramango gaitu segidan
Veauxeko lepora jaisteko. GR-10ari dagozkion bide-seinale zurigorriek erakutsiko
diguten bidea jarraituz, berehala hasiko gara maldan gora. Errepidera iristean
bertatik Mehatzeko leporantz igoko gara. Leku honetan Lapurdi eta Nafarroa
Garaiko lurraldeak elkartzen dira eta inguruan Burdin Aroko zenbait harrespil
daude. Metro batzuk beherago, garotan etzanda dagoen iruinarri ederra. Bidetik
at, Artzamendi aldera metro batzuk igo eta harrespil osatuenetako bat aurkituko
dugu, eta bere zazpi harri handiek osatzen duten zirkuluaren barruan “81”
mugarria.
Bidera itzuli eta garo artean zabaltzen den bide zabala
jarraituko dugu. “82” eta “83” mugarrien ondotik pasatzean ezkerrera pagadi
trinkoa lagako dugu. Bat batean, aurrez aurre panoramika ikusgarria zabalduko
zaigu: Iparlako harresi luzea eta Alkaxuriko piramide zorrotza. Aurrera segi
eta, Zelaiburuko lepora iristean, gure mendean sakan zirraragarria amaitzen den
lekuan, Aritzakun eta Urritzateko haranak elkartzen diren Sumutsuko borda
ikusiko dugu. Atsedena hartu ostean, bidezidorrari helduko diogu eta oso pikoa
den malda sigi-sagan jaisten hasiko gara.
Itsusiko lehen haitzera igotzeko garo artean zabaltzen
den xenda gure eskuinera utzita, GR-10aren markak jarraituko ditugu Arruxiako
baserrira iristeko, aurrez, Harpeko Sainduaren koba bisitatzeko aukera izango
dugularik. Koba honetan dagoen estalaktita bati eman zaion deitura da eta duen
giza itxura santu bati omen dagokio. Sinesmenaren arabera, estalaktita
honetatik isurtzen den urak larruazal eta begien gaixotasunak sendatzen ditu.
Baserrian hasten den errepidetik zubiraino jaitsiko gara eta Baztan ibaiaren
eskuineko ertzaren ertzetik jarraitzeko. Bigarren zubira iritsi aurretik,
Bidarrairaino doan bidezidorra hartuko dugu.
Bidarrai
Bidarrai eta
Baigorri artean hedatzen den Iparlako harresia bi zirko bikainek mugatzen dute:
Gapelu eta Talatzekoa. Gandor luze honek, Errobi ibaiaren ezkerreko ertza
menderatzen du Bidarrai eta Baigorri artean. Garo, belar eta txilarrek jazten duten harresi honen kolorea sasoiaren
arabera aldatu egiten da, udaberrian eta udan berdez janzten dira magalak,
baina udazkena heltzean, garoa gorritu eta erabat itxuraldatzen da. Bi
garaietan bisitatzea merezi du
Herriko
frontoiaren ondotik abitu eta, berehala ikusiko ditugun bide-seinale
zurigorriak (GR-10) bidelagun izango ditugu Baigorrira iritsi arte. Hau da
Iparlako harresia zeharkatzeko gehien erabiltzen den bidea, oso nabarmena da
eta bakarrik lainoa sartuz gero ibili behar da kontu handiz.
Urdakobordia
baserriaren ondotik pasa eta Olarrepeako bidea ezkerrera utzi ondoren,
Harriondi inguratu eta Pagalepora helduko gara. Lehen atsedena hartuko dugu
hemen, zintzurra freskatu eta gandorrari helduko diogu segidan. Inguru harritsu
bat zeharkatu eta mendi hegaletik Talatzeko zirko estua ikusi ahal izango dugu.
Bertan hartzen du altuerarik handiena harresiak, 350 metroko malkar
zorabiagarriak. Aurrera segi, Larrateko hegia inguratu eta Iparlako lepotik
gertu ikusiko dugu gailurra.
Iparla
Presarik gabe
Nafarroa Behera eta Nafarroa Garaia banatzen duen gandorrean zehar Iparlara
igotzen hasiko gara. Azken metroak belarrezko alfonbra zapalduz beteko dugu.
Hamaiketakoa egin baino lehen merezi du tarte luze bat hartzea, gure gorputza
poliki jiratzen hasi eta 360ºko itzulia emanez ikusten dugunaz gozatzeko.
Iparlako tontorra talaia paregabea da Euskal Herriko mendi gehienak ezezik,
iparraldeko kostako eta barruko herriak ikusteko.
Jarraitzeko
unea iristean, argazki pare bat atera, traste guztiak jaso eta hegoalderantz
ibiltzen hasiko gara. GR-10ari dagozkion bide-seinaleak jarraituko ditugu eta
lepo txiki batera heltzean metro batzuk bete beharko ditugu Tutuliako
gailurrera iristeko. Iparla eta Tutulia dira Gapeluko zirkoa mugatzen duten bi gailurrak. Putreek ere
lekua bilatu dute zirko honetako malkarretan. Altuera azkar galduko dugu eta
Harrietako lepora iristean, Urdozera doan bidea ezkerrera utzi eta igotzen
hasiko gara. Astateko tontorrean gertuago ikusi dugu helmuga, baina oraindik
izen bera duen lepora jaitsi beharko dugu Buztanzelaira igotzeko azken maldari
aurre egiteko.
Buztanzelaiko tontorrera heltzean,
tentazioa izango dugu aurrera jarraitzeko, Izpegiko mendateraino jarraitu eta
zeharkaldia oso osorik burutzeko, baina Baigorri herria dugu zain eta
bide-seinale zurigorriei kasu eginez herrirantz abiatuko gara. Lepora jaitsi
eta Aintziagako harkaitzak gure eskuinera utziz, Atxueneako errepide aldera
joko dugu. Ibilbidearen azken zati hau luzea eta aspergarria suertatuko zaigu,
baina Iparlako gandorrean zehar hartu dugun gozatuak dena ahantzi araziko digu.
Baigorriko erdigune bihurgunetsua kale-errepide bakarretik zabaltzen diren
etxeek osatzen dute, eta bertatik
kilometro eta erdian ibiliko gara elizaren ondora ailegatzeko.
Baigorri
Udaletxearen
aurretik abiatu eta GR-10aren bide-seinaleek erakutsiko digute jarraitu
beharreko bidea. Eskuinean Iparlako harresia goititzen delarik berehala helduko
gara Aldudetik datorren Errobi ibaiaren adarra gainditzeko zubira. Gure
eskuinean zubi “erromatarra” ikusiko dugu. Metro gutxi batzuk bete eta
ezkerretik jarraitu, errepidea azpitik pasa eta maldan gora jarriko gara.
Bidegurutzetan seinale zurigorriek lagunduko digute bide zuzena aukeratzen.
Asfaltatutako
bidea amaitu eta lurrezko pista batetik igotzen jarraituko dugu basoan zehar.
Balizatutako bidearen malda gogorrenak gainditu eta gero, Ahartza leporaino
igotzen den errepide txikira iritsiko gara. Puntu honetan, GR-10ak norabide
berria hartzen du, ezkerretik igotzen da Oilarandoiko magalean zehar. Lepora
iristean, pistatik igotzen jarraituko dugu Urdantzia lepora heldu arte. Aldapa
goxoak erraz eramango gaitu Munhoako tontorrera. Nafarroa Behereko
hiribururantz joko dugu segidan. Beharriako haitzen ondotik marrazten den
aldapa pikotik erraz galduko dugu altuera eta hau leuntzen denerako Lasa
herriraino eramangon gaituen errepidera aterako gara. Beste hiru kilometro
beteko ditugu Donibane Garaziko hiribildu zaharrera ailegatzeko.
Donibane Garazi
Zeharkaldi hau
amaitu eta gero, merezi du Nafarroa Behereko hiriburuko kale zaharren artean
murgildu eta bere eraikin historikoak ezagutzea. Ondare militarra osatzen duten
Mendiguren gaztelua eta Donibaneko zitadelaz gain, harresien barruan lehen
Zubiburuko Andredena Maria bezala izendatzen zen eliza dago, gaur egun
Jasokuntza eliza deitua. Gotorlekutik eta Errobi ibaitik gertu dagoen elizak,
Erdi Aroko harresiaren zati bat osatzen du eta, bere ondoan dagoen eraikinak
Andredena Mariaren ospitalea izan zen mende askoan. Elizaren dorreak, zubi
erromatarra Zitadelako karrika ederrarekin lotzen du. Merezi du bertako
karriketan murgiltzea, plazak, zubiak eta dauden bost ateak ezagutzea, eraikin
bakoitzak iraganean murgiltzeko aukera ematen baitio bisitariari.
No hay comentarios:
Publicar un comentario