Páginas

domingo, 12 de mayo de 2024

Lazkaomendiko parajeak

 


Lazkaoko biztanle gehienak herrigunean bizi dira, baina beste askok herria inguratzen duten lurretan barreiaturik dauden auzo txiki eta baserrietan ematen dute eguna. Ibilbide honen bidez, arrazoi desberdinak direla medio, Lazkaoko auzorik ezagunena bisitatzeko parada izango dugu, Lazkaomendiko auzoa hain zuzen ere.

 



Lazkaoko herrigunean dagoen monumentu multzoa osatzen duten eraikin artistiko-erlijiosoen (Beneditarren komentua, Lazkao jauregia, San Miguel eliza eta Moja zistertarren komentua) ondoan emango diogu hasiera ibilaldiari. Agauntza erreka zeharkatzen duen zubia igaro eta, Hirigoien kalean zehar, herriaren beste alderaino joango gara. Herrigunea atzean utzi eta Zubierreka auzora helduko gara, Lazkaoko presa txikia eta industrialdea kokatuta dagoen lekura. Bide zati honetan, San Joan Bataiatzailearen ermitaren ondotik pasako gara. Aurreko aldean, ermita eraiki zuten Iribe familiaren harmarria dago.

 


Agauntza errekaren paraleloan aurrera egingo dugu bidegurutze batekin topo egin arte. Egurrezko bide-seinaleen ondora iristean, ezkerrera zuzentzen den bide zabala hartuko dugu. PR-Gi 003 bide balizatu eta zaharraren arrastoari jarraituz, Ibarlaburu baserriraino igoko ginateke, baina nahikoa utzita dago, sasi eta belar altuek deserosoa eta ezatsegina egiten dute bertatik jarraitzea. Beraz, ehunen bat metro gorantz egin eta eskuin aldetik hedatzen den bide zabala hartuko dugu, bide balizatua utzita.

 



Kilometro eta erdian maldan gora egingo dugu, Sukitxikia baserriaren ondotik igaro eta Amundarain baserriraino igoko gara. Puntu honetan, berriro PRaren ibilbidearekin bat egingo dugu. Bidegurutze honetara heltzean bidea leundu egiten da. Iramendi mendia inguratuz, Larrunarri/Txindoki mendi ikusgarriaren ikuspegi ederraz gozatzeko aukera izango dugu. Pista erosoan zehar erraz iritsiko gara Abalinzar baserrira eta honen ondoan dagoen iturrira. Baserri honetan jaio zen Joxe Miel Iztueta Lazkao Txiki. Euskal Herriko makina bat txoko eta herritan ibili zen bertsolari ezaguna izan arren, Lazko Txikiren txokorik kuttunena Lazkaomendi auzoa zen, bertan jaio baitzen 1926an. Jaiotetxea leku garaian kokatuta egon arren, gure Joxe Miel ez zen asko hazi, eta berak honela erantzuten zien kazetariek bere jatorriaz galdetzen ziotenean: “Jaio, Lazkaomendin; hazi, inon ere ez!”.

 



Lazkao Txiki bertsolariaren jaiotetxeari bizkarra eman eta beherantz jarraituko dugu ingurune natural paregabe honetaz gozatuz. Atxubitetxe eta Goikoetxe baserrien ondotik igaro eta, eskola zaharrak izan ziren eraikinaren ondora jaitsiko gara. Egun, Lartsai elkarteak erabiltzen duen eraikin honetatik, ohikoa da  Larrunarri/Txindokiri argazkiak ateratzen jendea ikustea, batzuk oinez eta beste batzuk, berriz, kotxez bertaratuta. Bere irudi eder eta piramidalak Suitzako Cervino ospetsua gogorarazten du, horregatik  “Euskal Cervinoa” izenez ezaguna da ere.

 



GI-3491 errepidean zehar, baserri artean erraz galduko dugu altuera. Bide-seinale zuri eta horiak tarteka agertuko dira, baina bihurgune handira heltzean, bide balizatuak eskuinera egiten duen lekuan, hau utzi eta  errepidetik jaisten jarraituko dugu hilerriaren ondora iristeko. Leku honetan, ezkerretik marrazten den pista eroso batek berehala eramango gaitu Lazkao herrian dagoen Maizpide euskaltegiaren ondora, Moja zistertarren komentutik gertu.

 

 

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko

https://askemikel.blogspot.com/2023/10/lazkaomendiko-parajeak.html





Powered by Wikiloc

No hay comentarios:

Publicar un comentario