Erromatarrak, K.a. II mendean Ebro haranean zehar iritsi
ziren Euskal Herrira, baskoiak zeuden lurraldean kokatuz. Garai hartako
bizimoduaren lekuko diren makina bat arrasto ikus ditzakegu gaur egun, eta,
horien bidez ezagutu dugu haiek utzitako legatua. Proposatzen den ibilaldi
honetan, Iruñeatik (Pompaelo) gertu, Mendigorriako lurretan Andelo hiri
erromatarra bisitatzeko aukera izango dugu, bertan izan zen deskubrimendurik
garrantzitsuena ezagutzeko aukera izanik, hiria urez hornitzeko sistema hain
zuzen ere.
XIII. mendekoa den Andiongo Andre Mariaren baseliza
protogotikoaren ondotik abiatu, eskuinera Andeloko museoa utzi eta aurrez aurre
ikusiko dugun bidetik igotzen hasiko gara. Berehala helduko gara erromatarrek
hiria urez hornitzeko eraiki zuten sistemaren ondora. Lan-hidrauliko
garrantzitsu honek lau zati garrantzitsu ditu. Iturrandutzeko presa eta ur
biltegi erregulatzailearekin batera, ubidea eta uraren garraioa
amaitzen den eraikina (castellum aquae). Ura
presan bildu, ur biltokian gorde eta akueduktuaren bidez ailegatzen zen
hiriraino.
Ur biltegiak zazpi mila metro kubikoko biltegi-gaitasuna duen
eremua ikustean harri eta zur geratuko gara. Oso nabarmena da eraikitze
prozesuan izan zituen bi faseak. Biltegia oinez inguratu eta egurrezko dorrera
igoko gara eraikinaren ikuspegirik zabalena edukitzeko. Lurrezko pistara
itzuliko gara segidan eta, aldapa txiki bat igo eta gero, zereal lurren artean
hedatzen den bide zabaletik erraz egingo dugu aurrera. Berehala, bide bazterrean
miliario bat ikusiko dugu. Zutabe zilindriko eta obalatu hauek, antzinako
erromatar galtzaden ertzean jartzen ziren Italiako eta erromatar probintzietako
galtzada nagusietako distantziak adierazteko erabiliz. Ezkerretik ateratzen
diren bideak albo batera utzi eta zuzen jarraituko dugu bide nagusitik.
Errekasto baten ondora ailegatzean, egurrezko seinale batek
eskuineko bidea hartzera gonbidatuko gaitu eta bertatik iritsiko gara
Iturrandutzeko urtegi edo presa izan zenaren ondora. Mendigorria eta Zirauki
herrien arteko mugan kokatuta dagoen presa honi “Deabruaren zubia” ere deitzen
zaio. Eraikin honek ere bi mantentze-lan egin zirela erakusten du. Lehena
silarrizko 13 kontrahorma eta ura ateratzeko kutxatila batez osatua, bigarrena,
berriz, hormigoizko 9 kanpo kontrahormaz indartua. Egurrezko dorretik ederki
ikus daitezke bi fase horiek.
Andeloko hiria urez hornitzeko sistema ezagutu ondoren,
abiapuntura itzuliko gara, baina bide beretik bueltatu beharrean, aurrera
jarraituko dugu. Bidegurutzean berriro eskuinera joko dugu eta honaino heltzeko
hartu dugun pistaren paraleloan jaisten den pista zabaletik errepideraino
jaitsiko gara. Hirurehun bat metro bertatik egin eta berehala izango gara
Andeloko museoaren aurrean. Museoak duen erakusketa txiki eta interesgarria
ikusi eta gero, hiri erromatarraren aztarnak bisitatuko ditugu.
2009an ireki zuten Andelo, hiri erromatarreko aztarnategi
arkeologikoa. Induskatutako azalerak 15.800 metro kuadro ditu, hiri
erromatarrak izan zuen hedaduraren %10 baino gutxiago. Indusketa arkeologikoak
1980. eta 2000. urteen artean egin ziren, bi hamarkadatan eta gerora ez da
beste kanpainarik egin. Induskatutako
lurretan, erromatar hiriaz gain (termak, garbitegia, kaleak, peristiloa, etxeak…), Erdi Aroko herriaren arrastoak
ikusiko ditugu.
Klikatu
hemen ARGAZKIAK ikusteko
https://menditxiki1.blogspot.com/2024/04/andelo-hiri-erromatarra.html
No hay comentarios:
Publicar un comentario