Páginas

jueves, 28 de septiembre de 2023

Puron ibaiaren haitzartea

Powered by Wikiloc

 


Haitzartera abiatu aurretik, Parkeko bihotzean kokatzen den Lalastra herriko kaleetan murgilduko gara eta horrela, denbora atzera egiteko eta antzinako tradizioak gogora ekartzeko aukera izango dugu. 1954an, enparantzan dauden iturria eta askarekin batera eraiki zen ikuztoki zaharra dago. Inguruan dauden ogi-labea, bolera, errota eta ferratoki bat ere ikus daitezke oraindik. Azken honen ondoan kokatzen da Santa Ana eliza eta bere erloju berezia. Herrian bertan ere, etnografia museoa (nekazal ohituren erakustokia) dago, udaletxearen eraikin zaharrean. Museoak ibarraren historia eta ohiturak erakusten dizkio bisitariari modu ederrean. Lalastrako eskola zaharrak hartzen duen Parketxean, beste zerbitzuez gain, inguruko bideei buruzko informazioa ematen dute.

 


Parketxearen aurretik ateratzen den pista zabalean zehar abiatuko gara. Ibilbidea oso ondo markaturik dago. Bide-seinale borobil horiez gain, egurrezko zutoinetan jarritako seinaleek norabide zuzena aukeratzen lagunduko digute. Artzaintzaren Bidearen Bide Naturalaren (GR 282) 7. etapako zati bat ere partekatzen du. Berehala hesi bat pasa eta zuhaitzen arteko bide erosotik aurrera egingo dugu.  Mendi-mazelako zelaiak inguratuz, eskualdeko fauna eta flora ezagutzeko ibilbide didaktikoaren bide-seinalea ezkerrera utzi eta maldan behera jarraituko dugu pinudian murgilduz.

 


Basoa maldan behera zeharkatzen duen xendatik berriro pistara aterako gara, Puron ibaiaren ibilguaren ondora jaitsiz. Egurrezko zubi batek, ibaia zeharkatzen lagunduko digu eta aurrerantzean, ibaiaren uren soinua lagun izango dugu. Aurrerago, egurrezko hesi bat zeharkatu, eta jendez hustutako Ribera herriaren hondarren ondora ailegatuko gara. Azken hamarkadetan hutsik egon den herriaren goiko aldean, San Estebani dedikatutako eliza dago. 80ko hamarkadan, estilo gotikoko horma-pintura batzuk aurkitu ziren, Bibliako hainbat gai irudikatzen dituztenak, hala nola paradisutik kanporatzea. Elizako erretaula duela berrogeita hamar urte erreskatatu zuten, eta Arabako Arte Ederren museora eraman zuten.

 



Elizatik atsedengunera jaitsi, egurrezko hesia igaro eta, zelai berde zabal bat zeharkatuko dugu Puron ibaiaren haitzartea ezkutatzen duen mendien panoramikaz gozatuz. Egurrezko beste ate bat atzean utzi eta basoan sartuko gara. Bidezidor batetik jaisten jarraituko dugu ibaiaren ibilguaren ondora berriro heltzeko. Ondoren, egurrezko ate bat zeharkatu eta Puron ibaiaren haitzartearen lehen pasabide estuan barneratuko gara. Harkaitzezko hormari itsatsita, ur-jauzi batzuetatik amildegiaren hondoraino amiltzen diren ur berdeen ibilbide zorabiagarriari jarraituz gozatuko dugu.

 



Pasabide hori zeharkatu eta kareharrizko paretaren ondoko bidezidor batetik jarraituko dugu. Ezkerrera, Puron ibairaino jaisten den egurrezko eskailera piko bat ikusiko dugu. Behera iristean putzu bat eta ur-jauziaren panoramika bikaina aurkituko ditugu, haitzartearen lehen urratsetik sortzen dena. Gero, bidera igoko gara berriro, eta horma harritsua inguratzen jarraituko dugu.

 


Mendiaren hegalean dagoen pinudia zeharkatu, harrizko zubi bat igaro eta ibaiaren haitzartearen bigarren pasabidera helduko gara. Ia elkar ukitzen duten kareharrizko bi hormen artean kokatuta dagoen pasabide metaliko hestu batetik aurrera egingo dugu inguruaren edertasunaz gozatuz. Haitzartetik ateratzean, ezpel artean marrazten den bidezidorretik, El Chorro ur-jauziaren ondora iritsiko gara. Hemendik beste bi kilometro bete beharko genituzke Burgosko Herran herriraino jaisteko, baina etorritako bidetik atzera egin eta abiapuntura itzuliko gara.

 

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko

http://askemikel.blogspot.com/2023/02/puron-ibaiaren-haitzartea.html

 

Hai

 


No hay comentarios:

Publicar un comentario