Páginas

viernes, 4 de agosto de 2023

Artzamendi eta Mondarrain

Powered by Wikiloc

 


Errobi eta Baztango haranen artean gailentzen diren mendien sakan eta mazeletan zehar, gizakiaren bilakaeraren lekuko izan diren aztarnekin batera, naturak bortizki zizelatutako gutiziak aurkitu ahal izango ditugu. Errolanen ataka mitikotik abiatu, Artzamendiko tontorra desitxuratzen duten eraikuntzetatik pasa eta Mehatze lepoko monumentu megalitikoen ingurura helduko gara, historian zehar bidaiatzeko parada izango dugularik. Itzulera, berriz, Mondarraindik burutuko dugu.



Errolanen Atakan emango diogu hasiera ibilaldiari. Errolan euskaldunengandik ihesi zihoala, bere zaldiak kolerak harturik mendi-ataka hau ireki zuela diote batzuk, eta Karlomagnoren ilobak bere tropekin Zaragozara zihoala ezpata-kolpez irekitakoa dela diote bestek. Elezahar desberdinak daude Errolanen atakaren jatorriari buruz, baina errealitatea bestelakoa da, Laxiako baserritarrak Itsasu herrira heldu ahal izateko Ategaitzetako haizpitartean zehar bidea egin beharrak ataka irekitzera bultzatu zituen.



Zubia igaro eta Errobi ibaiaren ertzeko errepide txikiari jarraituko diogu. Bidarrairaino luzatzen den bidea laster utzi eta eskuinera joko dugu maldan gora. Betiribitartea baserrira heltzean galipotezko errepidea amaituko da eta Artzamendira igotzeko bide-seinale horiak jarraituko ditugu. Ordeka Berdera daraman bide zaharrari helduko diogu eta kasik 600 metroko altueran dagoen ordeka hau zeharkatzean, teilatuak hareharrizko harlauez eginak dituzten bordak han-hemenka barreiaturik ikusiko ditugu. Arrosa koloreko hareharrizko harkaitzen artetik zuhaitz bakar baten ondoan dagoen bordatik ikusiko dugu lehen aldiz, Artzamendiko “erraldoia”. Azken malda pikoari ekingo diogu eta gailurraren ondoan dagoen sapaldara iritsiko gara.



Lapurdiko tontor garaiena desitxuratzen duten eraikuntza erraldoiak ahal dugun moduan saihestuz, ikuspegiaren edertasunaz gozatzeko tarte bat hartuko dugu: Larhun, Mondarrain, Hauza, Baigura, Haltzamendi, Urtsua, Alkaxuri, Orhi... Gizakiak, zientzia eta komunikazioaren izenean eraikitako “monumentu” zatar horiei bizkarra emanez, Mehatzeko lepora jaisteko mendia zeharkatzen duen errepidearen paraleloan jaisten hasiko gara xenda batetik. GR-10aren marka zurigorriek lehen zatian jarraitu beharreko bidea erakutsiko digute. Bidetik at, metro batzuk gorago, harrespil osatuenetako bat aurkituko dugu eta bere zazpi harri handiek osatzen duten zirkuluaren barruan “81” mugarria.



Errepidean zehar beteko dugu hurrengo tartea, beti ere GR-10aren markak segituz. Bihurgune handi batean, hau utzi eta ezker aldetik marrazten den xendatik jaisten hasiko gara Iguzkimendiko magalean zehar. Laster altuera galdu eta Veaux lepora helduko gara. Errepidea gurutzatu eta Esteben bordara igoko gara. Bide-seinaleak bilatu eta etxearen atzeko aldetik abiatuko gara eta altuerarik galdu-irabazi gabe, ia hiru kilometro beteko ditugu xenda eroso batek Zuharretako lepoan utzi arte. Parez-pare Urreztiko haitzak izango ditugu eta atzerago Mondarraingo gotorlekua. Errebi eta Soporroko gainak inguratuz Ainhoa herriraino doan bide zabala utzi eta malda piko bati ekingo diogu. Haitzetara heldu eta Mondarrainera igotzen hasi aurretik biak banatzen dituen lepora jaitsiko gara.



Gure aurrean, kuartzitazko blokeez inguratutako harkaitzeko frontea ageriko da. Belardian ikusgaitz den xenda bilatuko dugu eta azken metroak haitzen artean bete. Erromatarren gotorleku baten hondakinak gordetzen dituen mendi eder honek Lapurdiko eta euskal kostaldeko panoramika bikaina eskaintzen du. Tontorra atzean utzi eta Amezketako lepo aldera jaisten hasiko gara. Hasieran haitz artean, gero pagadian murgilduz eta azkenean belarretan aldapa pikoa jaitsiz. Lepotik, Ezkondrai tontorra gure ezkerrera utzita, Legarre mendatera helduko gara. Errepidetik atzera egin, kilometro erdi pasa eta ezkerretik ateratzen den bidea hartuko dugu. Bide eroso honek Laxia errekako uren murmurioa eta autoen motorren hotsak nahasten dira lehen etxeetara eramango gaitu.

 

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko

http://askemikel.blogspot.com/2018/07/artzamendin-eta-mondarrain.html

No hay comentarios:

Publicar un comentario