Izki,
Arabako hego-ekialdean kokatu dagoen Parke Naturala da. 1998an jaso zuen
izendapena eta gaur egun 9143 hektareako hedadura du. Ingurune babestu honetaz
gozatzeko hamaika zidor eta bide balizatuak aurkituko ditugu, eta bakoitzak,
natura eremu babestu honek bere erraietan izkutatzen dituen sekretuak
erakutsiko dizkigu. Basoz eta harkaitzez janzten diren lur hauetan, Europako
baso kontserbatu eta zabalenetako den Quercus pyrenaica (ameztia) nagusia izan
arren, bestelako zuhaitz motak ere ikusiko ditugu, hala nola, pagadiak,
haltzadiak, urkidiak, hariztiak, ezkameztiak… Bioaniztasun handia duen eremu
honetan kokatzen da Korres herria, Izkiko Parke Naturalaren barruan dagoen gune
bakarra eta, oraindik, harresien eta gazteluaren
zati bat kontserbatzen duena.
Parke
Naturaleko Interpretazio Zentroa ere bertan dago eta honen ondoan dagoen
aparkalekuan emango diogu hasiera ibilaldi zirkular honi. Itzulia burutzeko,
ondo seinalatuta dauden bidezidor desberdinetatik
ibiliko gara. Herriko kale nagusitik aurrera egin eta berehala helduko gara,
herriko Done Eztebe elizaren ondora. Porlanezko bideak kanposanturaino eramango
gaitu eta hau atzean utzi eta gero, pista zabala jarraitzea besterik ez dugu
izango. Muela eta Peña del Santoren mendien ikuspegi zabala bezain ederra
izango dugu basoan murgildu aurretik.
Pixkanaka altuera irabaziz egingo dugu aurrera. Bidegurutzera
iristean, Antoñanako bidea erakusten duen egurrezko seinaleak erakutsiko digu
hartu beharreko norabidea. Pista zabala bidezidor erosoa bihurtu eta berehala,
baso trinkoaren bihotzean sartuko gara. Bide eroso honek, Korres eta Antoñanako
lurrak bereizten dituen langaraino eramango gaitu. Soilaren magalean marrazten
den xenda erosoan zehar jarraituko dugu, erkamezti, ezpel eta pago artean, eta
aurrerago, gure eskuinera, ikusgaitz den beste xenda batek behatokiraino
eramango gaitu. Haitz baten gainean dagoen talaia paregabe honetatik gertu
Gaztelua haitzen pareta tzarrak altxatzen dira. Hegaztien hegaldiak behatzeko
leku aproposa.
Bide nagusira itzuli eta jaisten jarraituko dugu, eta lehen bidegurutzera heltzean, ezkerreko bide zabala hartuko dugu Antoñanatik igotzen den bidearekin bat eginn arte. Ekialdeko isurialdetik zuzenean baso polit batetik igotzen den bidexka atsegina izango dugu, basoaren amaierara iritsi arte. Hortik aurrera, bidezidorrak, maldari aurre egiteari uzten dio, kareharrizko harresira heldu eta malda leundu egiten da. Soilako eremu somitaletik, parkeko zuhaitz bereziena ikusiko dugu, ehunka urte dituen hagina. Bidezidorra mendi-hegalean zabaltzen da, tontorraren kontrako norabidean, baina Avellanedo ataka irabazi behar da mendilerroaren goialdera iristeko, ataka hori da isurialde horretatik igaro behar den pasabide bakarra, harresia gainditzen duena.
Atakara iritsi baino pixka bat lehenago, ezkerrerantz eroritako erlaitz
batetik igaro behar da (martxaren noranzkoan). Soka batek lagunduko digu,
zailtasun teknikorik ez duen inguru hau gainditzen. Erlaitz labur hori
gaindituta, Avellanedoko ataka estrategikora iritsiko gara. Hortik aurrera,
ezpel arteko bidezidor bat, tontorrerantz gerturatuko gaitu, aurrez Soilako
Begia edo Hiru Begi leizea izeneko irekidura naturaletik igaroz, gailurretik
oso gertu. Soilako Begia bisitatu ondoren, tontorrera berehala iritsiko gara
(gailurreko postontzia eta erpin geodesikoa).
Korresera itzultzeko etorritako bidetik atzera egingo dugu eta, harri pilo batez seinalaturik dagoen bidegurutzera heltzean, ezkerrekoa hartu eta harritza artean jaisten hasiko gara. Pista zabalera heldu eta hasierako bidearekin bat egingo dugu. Kanposantua atzean utzi eta herrian sartuko gara.
Klikatu hemen ARGAZKIAK
ikusteko
http://askemikel.blogspot.com/2023/04/soila-korresetik.html
No hay comentarios:
Publicar un comentario