Páginas

sábado, 20 de mayo de 2023

Arantzetako hilarriak

 


Nafarroarekin muga egiten duen Ainhoa udalerriaren lehen aipamenak XIII. mendekoak dira. Erdi Aroan Nafarroak Donejakue bideko erromesentzat sortutako bastida zen, bertakoak Baztango jaunaren menpe zeudelarik. Herriaren kokagunea dela eta kontrabando-gune izan da historian zehar. Udalerri honen ekonomia jarduera nagusiak abeltzaintza eta nekazaritza badira ere, azken urte hauetan turismoa asko garatu da. Bertan aurkituko dugun elizaren zatirik zaharrena XIV. mendekoa da.

 


Herriko elizaren aurrean ekialderantz ateratzen den bidea jarraituko dugu eta, gurutze-bidean, GR-10aren bide-seinaleei jarraituko diegu segidan. Hasieran asfaltatuta dagoen eta, ondoren pista bihurtzen den bidetik, bigarren bihurgunera heldu eta eskuinetik joko dugu bidezidorra bilatuz. Aldapa pikoari aurre egin eta berehala helduko gara zuhaizti batean babesturik dagoen Arantzetako Ama Birjinaren kaperara. Gertu, hiru gurutze erraldoi hilarriz inguraturik.

 


Arrantzeko Ama Birddinaren (Arantzetako Ama Birjina) kapera honen istorioa irakurri ahal izango dugu bertan dagoen testu batean: “ Iturri miragarri baten ondoan, artzain bati agertu zitzaion, Ama Birddinari eskainia zaio Kapera hau. Ez dakigu noiz gertatu den agertze hori, baina erraite ahal dugu Oñateko (Gipuzkoa) Arantzazuko Ama Birddinaren agertzearekin berdintasun aunitz badituela. Aspalditik Ainhoarrak eta, inguruko herrietako biztanleak igaiten dira kaperarat prozesioan, Mendekosteko astelehenean, meza nagusia entzuteko. Mendian den kapera ttikitik, Arantzeko kaperaraino, 1886an egin 14 gurutzeko bide bat bada. Bide honen ondoan, harpetxo batean, Ama Birddinaren itxurarekin batean, iturriño bat agertzen da. 1898an San Mattin Etchartek eraikiarazi zuen kalbario bat kaperaren aurreko ordozi ttikian, geroxeago 1900ean, Ama Birddinaren itxura bat emana izan zen, kaperaren aurreko kaperatxoan, eta berrikitan (2001) hilharriak (gizonarriak) emanak izan dira kalbarioaren inguruan”.

 


Kapera atzean utzi eta Errebi mendiaren magalean hedatzen den GR-10aren bide-seinale zurigorriek erakusten diguten norabidean abiatuko gara. Mendia inguratuko dugu Artzaingo lepora iritsiz. Aurrera segi eta Hirugurutzetako lepora ailegatzen, aurrez aurre dugun Soporro tontorrerako zuzentzen den bidea hartuko dugu garo artean aurrera eginez. Belarrezko gandorretik segi eta berehala, malda motz baina gogor bati ekin beharko izan diogu tontorrera heltzeko. Ez dugu gailurrean gaudela adierazten duen seinalerik aurkituko eta hori neurri batean ez dago batere gaizki. Hobe horrela eta ez Euskal Herriko zenbait mendi gailur desitxuratzen duten oroigarri askoren feria ikustea baino (estelak, gurutzeak, plakak, monumentuak...). Nahikoa eta soberan genuke mendiaren izena eta altuera jartzen duen gutunontzi txiki batekin (edo batez). Parez pare, gotorleku garaiezin baten itxura duen Mondarrain mendia, ederra, erakargarria. Beste ordu pare bat edukiz gero, merezi du bertara igotzea, baina guk beste baterako utziko dugu.

  


Inguruaz gozatu ondoren, abiapuntura itzultzea falta zaigu eta horretarako, Hirugurutzetako lepora itzuliko gara. Ezkerretik jarraitu eta gandor belartsua jarraitu besterik ez dugu izango Errebiko tontorrean gaudela adierazten duen harri baten ondora heltzeko. Lapurdiko ikuspegi zabal eta ederra eskaintzen du mendi honek. Aldapa pikoan zehar altuera galduko dugu kaperaren ondora heltzeko. Honen ondotik marrazten den pistan barrena abiapuntura jaitsiko gara.

 

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko

http://askemikel.blogspot.com/2017/06/errebi-eta-soporro.html




 

Powered by Wikiloc

No hay comentarios:

Publicar un comentario