Jatorriz eliza
errenazentista zen, baina barroko estiloan berregin zuten Jesusen Andra Mari
elizaren ondoan emango diogu hasiera ibilaldiari. Honen ondotik igotzen den
aldapan gora egingo dugu, PR-Bi 168aren bide-seinale zuri-horiek erakusten
diguten norabidean. Aldats gogorrari aurre egin, pinudian murgildu eta berehala
aterako gara Bedaroara zuzentzen den errepidera. Metro gutxi batzuk aurrerago
San Bartolomeko ermita eta kirikiñausia ikusiko ditugu. Antzina, amesgaiztoak
uxatzeko herritarrek kandelak jartzen zizkioten santuari. Izen bereko
baserriari erantsita dagoen ermita baino lehenago atsedenlekua dago eta bertan
dagoen eraikin berezi batek gure arreta erakarriko du: kirikiñausia.
XX. mendeko mendearen
lehenengo hamarkada bitartean, gaztaina oinarrizko elikagaia izan zen, batik
bat nekazarien etxeetan. Kirikiñausiak, gaztainadian bertan, harriak bildu eta
masarik egin gabe horma biribila osatzen zuten, gutxi gorabehera metro eta
erdiko altuera zuten biltegiak osatuz eta hauen barruan kirikiñoak uzten
zituzten. Tamaina gaztainadiak zuen garrantziaren araberakoa zen, eta batzuk
zortzi metro edo gehiago izatera iritsi zitezkeen. Honek 3,5 metroko diametroa
eta 0,8 metroko altuera du. Kirikiñoak gutxienez bi hilabetez egoten ziren bertan
gordeta, barruko gaztainak beratu eta egozteko. Gogoan izan behar da, urtean
sei edo zazpi hilabetez bertakoentzat eguneroko janaria ia bakarra izaten zela.
Inguru hau guztia gaztainadi handi bat izan zen XIX. mendean, baina gerora
“tinta” eta “txankroa” gaixotasunengatik desagertu egin ziren. Gaur egun, ia
desagertu egin da eta zoritxarrez, pinu eta eukaliptoek hartu dute bere tokia.
Biltegi hauek, gure ondare etnografikoaren monumentuak dira.
Kirikiñausiari
bizkarra eman eta Bedaroara zuzentzen den errepidean zehar gorantz egingo dugu
segidan. Olabe baserria gure eskuinera utzi eta bidegurutzera helduko gara.
Eako herrigunea eta Natxitua auzoekin Ea herria osatzen duen Bedaroa auzorantz
zuzentzen errepidea utzi eta Portu baserriaren ondotik telefonia mugikorreko
antena aldera doan bidea hartuko dugu. Antzina, bide hau Eatik Bedaroara
igotzeko erabiltzen zen. Antenetara doan bidea ezkerrera utzita, pinudian zehar
jarraituko dugu berriro errepidera atera arte. Hau gurutzatu eta gertu ikusiko
dugu Biax baserrirantz joko dugu.
Bide-seinaleek
erakusten diguten pistatik aldapan behera abiatuko gara, itsasoko
labarretaraino amiltzen diren eukaliptoen artean. Ikusgaitz den xenda hestu
batek Talako Amaren ermitara jaisten lagunduko digu. Barruan XVI. mendeko bukaerakoa
den Ama Birjinaren Sortze Garbiaren irudia dago eta honekin batera, Kristo bat
zutabe bati lotua (XVIII. mendekoa) eta San Erroman (XX. mendekoa) agertzen
dira. Kondaira baten arabera, ama birjinaren irudia olatuen artean aurkitu omen
zuten arrantzale batzuek eta gero ermita altxatu zuten. Jainkoa gurtzeko asmoz,
bertaratzen ziren fededunek opariak uzten zituzten, ohikoena olioa zelarik
(gaur egun kandelak). Garai batean, herriak itsasoarekin zuen lotura dela eta,
bertako arrantzaleek babesa eskatzen zioten ama birjinari. Arrantzale
tradizioak bezala, ohitura zaharrek ere indarra galdu dute arren, urtero,
abenduaren 8an, Talako Amaren eguna ospatzen da. Ermitaren aurrean dauden
eserlekuak aproposak dira itsasoari so geratu eta lasai egoteko.
Ibilbide honen azken
gune erlijiosoa atzean utzi eta kaia aldera jaisten den gurutze-bidetik
Beletxera iritsiko gara, belaontzien belak gordetzen zituzten etxera hain zuzen
ere. Eako portua eta hondartzaren ondotik herrigunera helduko gara eta ibaiaren
ibilguaren paraleloan marrazten diren kaleetan ibiliz, ateburuan izenak
zizelkatuta edo margotuta dituzten etxe zaharrez gain, herriko armarrian
agertzen den erromatar deritzon zubia ikusi ahal izango ditugu. Herrian dauden
etxeek eta lau zubiek izaera berezia ematen diote herri eder honi.
Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko
No hay comentarios:
Publicar un comentario