Arbileko tontorrera iristean, buzoiaren funtzioa
betetzen duen hegazkin bat ikusiko dugu. Mendi borobil eta garbi honek, ikuspegi
ederra da bai kostaldea ikusteko, bai inguruko eta urrutiko mendiak
identifikatzeko. Itziar eta Andutz mendia ekialdetik, mendebaldetik, berriz,
Arnoko mendigunea, biak ala biak itsasoaren urdinarekin koloreen kontrastea
osatuz.
Etorritako bidetik atzera egingo dugu eta, Olloki
baserrira heldu aurretik, ezkerretik jaisten den pista hartuko dugu. Malda
bizian erraz galduko dugu altuera eta, San Roke ermitaren ondora iristean
geldialdi txiki bat hartuko dugu eraikin erlijioso honen egituraz erreparatzeko.
Itziarreraino zabaltzen zen galtzada zaharraren ondoan dagoen ermita honen
lehen datuak XVII. mendearen hasierakoak dira. Bere arkitekturan, aipatzekoak
dira dauzkan zurezko arkupea eta sarrerako atariaren gainean dagoen korua.
Abuztuaren 16, herriko patroia den San Roke egunean, santuaren irudiarekin
prozesioan igotzen dira, ibilbidean eta ermitan bertan “Eskudantza” dantza
dantzatzen delarik.
Prozesioa egiten den bidetik jaisten hasi eta
berehala, galtzada zaharra hartuko dugu. Etxe artean, herrigunera jaitsiko
gara. Gurutze ermitaren ondotik pasako gara lehenik, iturri zaharraren ondoan
eta Itziarretik datorren Errege-Bidearen sarreran. Foruen plazatik Santa Maria
elizaraino joango gara, Gipuzkoak duen eraikin erlijioso ederrenetarikora. XV.
mendean eraikitzen hasi eta XVII. mendean amaitu zen. Atari polikromatu bikaina
du eta, Gipuzkoan klaustro gotikoa izan zuen lehenengoa. Gipuzkoako kultura
ondasun izendatuta dago. Abiapuntura itzultzeko, zumardira atera, trenbidearen
azpitik pasa eta hondartzara itzuliko gara.
Klikatu hemen
ARGAZKIAK ikusteko
http://askemikel.blogspot.com/2020/01/arbil.html