Parkearen informazio
bulegoa eta elizaren aurrietatik gertuen dagoen aparkalekuan emango diogu
hasiera ibilaldiari. Egur-plataforma luze batek hondartzaren ertzera
gerturatuko gaitu eta bertatik izango dugu urtegiaren lehen panoramika zabala.
Ibilaldia zirkularra denez, edozein norabidetan burutu daiteke. Bidearen zati
handiena ondo seinalatutako xenda eta pisten barrena egiten da, baina tarteka
aukera izango dugu bidea utzi eta bestelako lekuetatik ibiliz uraren ertzera gehiago
gerturatzeko. Zadorra ibaiaren bokalean kokatuta dagoenez, urtegiak habitat
ezin hobea eskaintzen die txokoen artean aterpe bila dabiltzan ehunka
hegaztiei: ahate, zikoina, lertxun, kaskabeltz, buztanikara, eskinoso eta
txantxangorriak, besteak beste.
Urtegiaren ondotik
hiru kilometro bete ondoren, autokarabanentzat prestatutako aparkalekura
iritsiko gara. Parkearen eremutik atera gabe, eta bide-seinaleek erakusten
diguten norabidean, egurrezko pasabide luze batek lagunduko digu Uribarri
Ganboako urtegiaren hezegunea zeharkatzen. Aurrerago, hegaztien behatokira
heltzean pista hartuko dugu, baina laster hau utzi eta zereal lurrak
zeharkatzen dituen xenda bat jarraituko dugu. Aldapa txiki bat igo eta
berehala, bidearen ondoan aurkituko dugun egurrezko eserlekuan pausatu eta
urtegiaren panoramika zabal eta ederraz gozatzeko aukera izango dugu.
Pistara ateratzean
bideak behera egiten du eta, pasabide txiki batetik aurrera egingo dugu Urizar
aldera, Mendixurko ornitologia parkea Uribarri Ganboako urtegitik bereizten
duen presaren gainetik igaroz. Tarte batean, urtegiaren ertzetik doan pista
zabalaren paraleloan bide zaharra hartuko dugu, baina aurrerago berriro pistara
aterako gara. Erraz egingo dugu aurrera eta konturatu orduko, egurrezko
eserleku batek aukera emango digu aurrez aurre izango dugun Azuako eliza izan
zenaren irudia ikusteko. Atseden txikiaren ostean, garai batean Azua herria
altxatzen zen ingurura gerturatuko gara.
Herria izandakoaren
lurrak igaro eta gero, berehala helduko gara urtegia zeharkatzen duen Azuako
pasabide luzera. 400 metro pasatxo duen zubia zeharkatu eta honen azpitik
zabaltzen den pistan barrena aurrera jarraituko dugu. Urtegiaren ertzetik
hedatzen den bide honek, Zadorrako pasabidearen ondora eramango gaitu. Urtegia
alderik alde zeharkatzen duen pasabide hau lur zingiratsuetan erabiltzen den
teknologia bera erabiliz eraiki zuten. Pistan barrena jarraituz denbora gutxi
beharko dugu Garaioko hondartzaren ondora iristeko, abiatu garen lekutik oso
gertu.
Klikatu
hemen ARGAZKIAK ikusteko
http://askemikel.blogspot.com/2022/10/garaioko-urtegia-inguratuz.html
No hay comentarios:
Publicar un comentario