Páginas

miércoles, 10 de agosto de 2022

Antoñanako behatokia

 

 

Izki, Arabako hego-ekialdean kokatu dagoen Parke Naturala da. 1998an jaso zuen izendapena eta gaur egun 9143 hektareako hedadura du. Ingurune babestu honetaz gozatzeko hamaika zidor eta bide balizatuak aurkituko ditugu, eta bakoitzak, natura eremu babestu honek bere erraietan izkutatzen dituen sekretuak erakutsiko dizkigu. Basoz eta harkaitzez janzten diren lur hauetan, Europako baso kontserbatu eta zabalenetako den Quercus pyrenaica (ameztia) nagusia izan arren, bestelako zuhaitz motak ere ikusiko ditugu, hala nola, pagadiak, haltzadiak, urkidiak, hariztiak, ezkameztiak… Bioaniztasun handia duen eremu honetan kokatzen da Korres herria, Izkiko Parke Naturalaren barruan dagoen gune bakarra eta oraindik harresien eta gazteluaren zati bat kontserbatzen duena. 

Parke Naturaleko Interpretazio Zentroa ere bertan dago eta honen ondoan dagoen aparkalekuan emango diogu hasiera ibilaldi zirkular honi. Itzulia burutzeko, ondo seinalatuta dauden bidezidor desberdinetatik ibiliko gara. Herriko kale nagusitik aurrera egin eta berehala helduko gara, herriko Done Eztebe elizaren ondora. Porlanezko bideak kanposanturaino eramango gaitu eta hau atzean utzi eta gero, pista zabala jarraitzea besterik ez dugu izango. Muela eta Peña del Santoren mendien ikuspegi zabala bezain ederra izango dugu basoan murgildu aurretik.

 


Pixkanaka altuera irabaziz egingo dugu aurrera. Bidegurutzera iristean, Antoñanako bidea erakusten duen egurrezko seinaleak erakutsiko digu hartu beharreko norabidea. Pista zabala bidezidor erosoa bihurtu eta berehala baso trinkoaren bihotzean sartuko gara. Bide eroso honek, Korres eta Antoñanako lurrak bereizten dituen langaraino eramango gaitu. Soilaren magalean marrazten den xenda erosoan zehar jarraituko dugu, erkamezti, ezpel eta pago artean, eta aurrerago, gure eskuinera, ikusgaitz den beste xenda batek behatokiraino eramango gaitu. Haitz baten gainean dagoen talaia paregabe honetatik gertu Gaztelua haitzen pareta tzarrak altxatzen dira. Hegaztien hegaldiak behatzeko leku aproposa.

 

Bide nagusira itzuli eta jaisten jarraituko dugu, Antoñana eta Bujanda herrietako bideak elkartzen diren punturaino. Hemen, Antoñanakoa utzi eta eskuinera zabaltzen den Bujandakoa hartuko dugu. Hemen utziko ditugu ere, Korresetik atera garenetik bidelagun izan ditugun GR 282ren (Artzaintza Naturbidea) arrastoak. Bidegurutze honetatik urruti ez badaude ere, eta aukera izanez gero, merezi du ehun urtetik gorako hagina eta gertu dagoen ezkia ezagutzea.

 

Lurrezko pistatik aurrera egin eta erraz galduko dugu altuera Izki errekara gerturatuz. Ibilaldi honen azken zatiari ekin aurretik, ezker aldetik jaisten den zidor txiki eta estu batetik jaitsiko gara Aranbaltzako urtegia ezagutzeko. Bere uretan dauden ihiek eta islatzen diren harkaitzen postal ederra erakusten dute. Bide nagusira itzuli eta Izkiko sakanetik gora egingo dugu herriraino iristeko azken aldapari aurre eginez. Erdi Aroko kaleez eta herribilduaren aztarnak bisitatu eta gero, Interpretazio Zentroa ezagutzeko aukera baliatuko dugu.

 


 Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko 

http://askemikel.blogspot.com/2022/08/antonanako-behatokia.html


Powered by Wikiloc

No hay comentarios:

Publicar un comentario