Páginas

martes, 26 de julio de 2022

Las Gobas eta Santorkariako leizeak

 

Lañuko leizeak Trebiñuko herri horretan dauden bi leize-multzo dira: Las Gobas eta Santorkaria. Kobazulo horiek artifizialak dira, eta, antza denez, ermitau-komunitate batzuek bizitoki gisa erabiltzen zituzten. 1978. urtean monumentu izendatu zituzten. Arabako inguru hauetan antzeko leize ugari aurki daitezke. Gaur egun aztarnategi hauei buruzko oso informazio gutxi ezagutzen da. Jose Maria San Sebastian "Latxaga"ren hitzetan hori omen da Euskal Herriko Kapadozia. Ikertzaile horren ustez, komunitate horiek bisigodo eta arabiar inbasioaren garaikoak dira.

V. eta VIII. mendeen artean eremitismoa hedatu zen Iberiar penintsulan. Kristau monjeek bakardadea bilatzen zuten arrazoi erlijiosoak zirela-eta. Lañun kareharrian landu zituzten leizeak, mendialdean, ohiko bideetatik urrun. Zaharrenak V. mendekoak direla uste da. VII. eta VIII. mendeetan bertako nekazariek erabili zituzten bizileku gisa baina IX. eta X. mendeetan bertan behera utzi zituzten eta Lañu herria sortu zuten mendiaren oinean. Hurrengo mendeetan leizeak hilerri gisa ere erabili zituzten. XII. mendetik aurrera, haien inguruko izpiritualtasuna galdu eta handik aurrera korta eta biltegi bihurtu zituzten.

Lañu herria haran baten barruko aldean dago kokatuta; haranaren sarreran, iparraldetik, bi aldetara, labar batzuk ikusten dira. Haitzetan zulatuta sarrerak eta leihoak ikusten dira. Hor bizi ziren kristau-komunitate ezezagun batzuk, eskuinean Las Gobas eta ezkerrean Santorkaria. Ganbera nagusietan aldareak ere aurkitu dira.

Las Gobas

Eskuineko multzoa hesi batez babestuta dago, baina ohikoa da hesia puskatuta topatzea. Multzo honetan 11 leize daude, guztiak gizakiak egindakoak. Leizeetan ganbera edo gela desberdinak ikus daitezke. Handienak ziur aski tenplu moduan erabiltzen ziren. Beste batzuk, txikiagoak, gelak izango lirateke. Horrez gain, harrian egindako hilobiak ikus daitezke. Leize horiek Jose Migel Barandiaranek aztertu zituen 1968an. Barandiaranen ustez, aurkitu diren nekropoliak tenpluekin lotura zuzena dute. Aztarna berrienak XII. eta XIV. mendekoak dira.

Santorkaria

Las Gobasen aurrez aurre kokatuta daude. Izenak nolabait kristautasunaren erreferentzia dakar. Multzo honetan 18 esparru aurkitu dira, batzuk erabat txikituta; hauetako hiruk basilika baten oinplanoaren itxura dute, eta, argi dago tenplu funtzioa bete zutela. Francisca Saenz de Urturiren ustez Santorkaria izendapenaren azpian Santa Leokadia egon liteke, Markiz herriko leize artifizialetan izen bera aurkitu baita. Lehendabiziko leizean habeak jartzeko zuloak aurkitu dira eta, ondorioz, pentsatzekoa da eraikuntza bat egon zela bertan. Las Gobasen bezala hemen ere tenpluak izan zitezkeen espazioak, gelak eta hilobiak aurkitu dira.

(Informazio iturria: wikipedia)

 Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko 

http://askemikel.blogspot.com/2022/07/las-gobas-eta-santorkariako-leizeak.html



Powered by Wikiloc

No hay comentarios:

Publicar un comentario