Maladeta mendigunera
hurbildu ahala oilo-ipurdia jarri zitzaidan, nire begiek, zinez, denbora askoan
bilatzen aritu ziren harrizko kartzela hura aurkitu baitzuten. Paradoxikoa bada
ere, munduko kartzelarik politena iritzi nion.
Pletá de Llosas; Ibon de Llosas-era
gerturatzen, atzean Aneto eta Maladeta mendigunea.
Goizaldeko 6:30ak dira, eta iratzargailuak ametsen
epeltasunetik brastakoan iratzarri nau. Aspaldiko partez urduri nago. Ia-ia
loak hartuta, automatak bat bagina bezala, jantzi eta martxan jarri gara ni eta
nire bidelagunak. Nire begiak baldarki jardun badira ere, bihotza arinduz doa.
Izan ere, goizaldeko 03:00ak aldera Russell mendi lerroak –Maladeta
mendigunearen zaindaria– haize bolada zakarrak helarazi dizkigu, zelan edo
halan gu abisatu nahian, bere loa hautsiko duten eltxoak uxatu behar balitu
bezala. Heltzear dagoenaren zantzua ote? Berdin digu. Izarrak lagun egun
bikaina izango dugulakoan gaude.
Mahai gainean jar nitzakeen aukera guztietatik, oraingoan, Benasque hitzak
irabazi du. Tira, Benasque, eta berari atxikiak doazen hitz eta adjektibo
guztiak: basatia, bukolikoa, baketsua, arnasgunea…etab. Aitortu behar dut
gaztetatik erakarri nauen parajea dela, baina tamalez –edo zorionez–, ez dut
orain arte Erribagortzako basoetan barna murgiltzeko aukerarik izan. Ausardia
falta, agian. Baliteke Nafarroako Pirinioek eskaintzen duten epeltasunak gehiengoetan erakarri izana. Nork jakin. Edozelan ere, konfinamendua akuilu
ezin hobea izan dugu espekulazio hutsean aritzeko, Aragoiko Pirinioekin beste
behin amesteko. Azkenean, bada, behinola begiz jo genuen Russell mendia
eskalatzea erabaki genuen.
Ingurumariari dagokionez, Benasque erreferentziatzat hartu beharreko herria
dela esan genezake. Aragoiko txoko honen mendietako jarduera zerbaitek
bereizten badu, eskaintzen duen aukera anitza da. Huescako eta Erribagortza
eskualdeko udalerria dugu, Pirinioen bihotzean kokatua, hiriburutik 143 kilometrora,
ipar-ekialderantz. Benasqueko klima goi-mendikoa da, uda epelak eta negu hotzak
ditu, zero azpiko tenperaturarekin eta elurra maiz egiten du. Nahiz eta
mendeetan zehar abeltzaintzak pisu handia izan duen, herriaren jardun ekonomiko
nagusia turismoari zuzenduta dago: jatetxeak, hotelak, aterpetxeak, multi-abenturazko
enpresak, kanpalekuak, mendiko kiroletan espezializatutako dendak. Bestalde, paradisu
natural honek zailtasun desberdineko trekking zoragarriak eskaintzeaz ez ezik,
Pirinioetako tontor esanguratsuenak zapaltzeko parada eskaintzen digu. Kasurako,
hainbat motatako haitz zein izotz eskaladan aritzeko aitzakia ezin hobea dugu. Zelan
edo halan Chamonix txiki baten itxura barrundatu nion herriari.
Eskalatzeko aukeratutako mendiari dagokionez, zinez esan dezaket izenak
berak lehenengo egunetik erakarri ninduela. Interneteko atari desberdinetan
arakatzen ari nintzela jakin nuen Russell kondeari zor diola izena “gure
mendiak”. Okzitaniar-britaniar mendizale, abenturazale, bidaiari eta pirineista
izan zen Henry Patrick Marie Russell; alegia, mendian aitzindari eta
Piriniotako mendi ugari lehenengo igoerak sinatu zituen, Russell mendia kasu.
RUSSELL MENDILERROA
Kontuak horrela, Benasque inguruko
Pla de Senartara iritsi, plangintzari eta motxilei azken zertzeladak eman, eta
Coronas izeneko aterpetxera eramango gintuen autobusa hartu genuen. Gerora
konturatuko ginen aterpetxeak izen desberdinak zituela: Ballibiernakoa, Refu de pescadores...etab. Lehenengo
eguna izanik, vivac-era heldu bezain laster, aurretiaz posibletzat genituen
aukeretako bati ekitea erabaki genuen, Ibon de Llosáseko El último ribagorzano bideari hain zuzen (280 m, V+). Hurrengo
egunerako, ordea, aktibitate nagusiak utzi nahi genituen, Russell mendilerroko Gran Diedro (210m, V+) eta Vi amb Gasosa (195m, 6ª+) lerroak
eskalatzea.
1. EGUNA
SENARTA-VIVAC-IBON DE LLOSAS
Aurreikuspenek astebururako
iragartzen zuten eguraldi bikaina medio, ostiralean goizean goiz irtetea
erabaki genuen, 5:00ak aldera, Senartatik goizean atera behar zen azken
autobusa garaiz hartzeko 11:15etan. Urtean zehar posible da norberen
kotxearekin igotzea Coronaseko aterpetxeraino, baina uda garaiko auto pilaketak
saihestu nahian, galarazita dago autoz igotzea. Beraz, ohiko gerturatzea
egiteko aukera bi besterik ez dugu; oinez edo autobusez. 8km-ko pista izanik,
zalantzarik ez genuen izan; izan ere, gure 23kg-ko motxilekin nahikotxo
sufrituko genuen errebueltaz beteriko ibilbide sigi-sagatsuan.
Coronaseko aterpetxean autobusetik jaitsi
eta oinez hasi ginen, primeran markatutako bidezidor batetik. Hasieran, lautu
egiten zen, ondoren, igoera gogor bati ekiteko, beti harri ugariko lursail
batetik. Ballibierna ibaiaren ondoko bidezidorrean gora gindoazela, errekak
ateratako hotsak lagun, bat-batean oso polita den lautada batera irten ginen.
Llosáseko pletara, alegia. Belardi ederra, non ibaiak meandroak eratzen dituen,
Llosás eta Ballibiernatik jaisten diren errekek zeharkatzen duten landaretza
ugarirekin. Ikuspegi hori Ibón de Llosás dagoen kubetarantz irekitzen da,
hustubide-ur-jauziarekin, eta Ibon de Ballibierna dagoen kubetarantz,
eskuinetara. Behin hor, ibilbide desberdinak jasotzen zituen zutoin adierazle
batekin topo egin genuen. Guk Llosasena hartu genuen; izan ere, Ibon edo laku honetara iristeko bi
aukera daude. Guk mugarriz markatutako bat hartu genuen igoeran, ezkerretara
joateko joerarekin, non hasieran oso azkar irabazi genuen altuera. Hala ere,
eragozpen bat aurkitu genion aukera horri: harrizko bloke handiko lursail
batetik doa, eta horrek nekagarri egiten du aurrerapena.
Ordu bete eta erdi pasatxo ibili ostean,
belaunak eta zama puztuta, Ibon de Llosasera (2480m.) iritsi ginen; ur jarioz
betetako horma beltzez inguraturik dagoen laku glaziarra. Ikusgarria benetan. Orduantxe
pisua arintzeko eta atsedena hartzeko tartea hartu genuen. Bistak zoragarriak
ziren arren, aurretiaz posibletzat genituen eskalatzeko aukerak tupustean
desagertu ziren, Llosaseko hormak goitik behera bustita baitzeuden. Kasu
batzuetan ur jauziak eta guzti antzeman zitezkeen. Haatik, krokisak hartu, eta
arratsaldean eskalatzeko aukerak aztertzen hasi ginen. Ezkerreko alderdian
nahiko etzanda zegoen plaka bat siku zegoela iritzi genion. Gero gerokoak.
Lehenengo eta behin, Vivac-era heldu behar ginen kanpaleku nagusia muntatzeko, izan
ere, altura horretan gauak nahiko hotzak eta haizetsuak izan daitezke; hargatik,
lo egiteko aukera desberdinak dauden arren, premiazkoa genuen “bost izarretako”
vivac-a aurkitzea.
Beste behin, bada, motxila tzarrak
hartu eta eskuinetik Llosáseko ibonetera jo genuen, gorago bailara txiki batean
barna dagoen aintzira txikia. Horretarako, harrizko mugarriak eta bidezidorreko
marra berdeak jarraitu genituen bloke handiko lursail batetik. Buelta ugari
eman ondoren, azkenean, triku harriaren antza hartu genion Vivac-a aurkitu
genuen. Libre gainera. Parajea ederra benetan, bakartia, basatia… Patagonian
sekula egon ez naizen arren, nire kordada kideak –El Chaltén egondakoa– istant
batez horren traza barrundatu zion. Halaber, gure buruen gainean, ezkerretara,
Russell mendilerroa gure zain aurkitu genuen, guri begira aurkitu genuen,
hurrengo egunean egin behar genion bisitaren berri izango balu bezala.
Bost
izarretako vivac-a
Eskalatzeko genituen gogo itzelak
medio, zakuto guztiak arteztu, arin batean bazkaldu eta arratsaldeko laurak
aldera egindako bidearen zati bat desegiteari ekin genion. Ibon de Llosasera
heldutakoan, eta gure eskalada aukerak patxada handiagorekin aztertu ondoren,
aldez aurretik fitxatuta genituen bi lerroren konbinaketa egitea erabaki genuen,
ozta-ozta gure aitzindariek krokisetan gomendatzen zuten bezala. El último ribagorzano bidea (280 m, V+),
Luychi ezizena duen eskalatzaile
famatuak beste lagun batzuekin 2017an zabaldutako bidea begiz jo genuen. Goragoan
esan bezala, horma guztia bustita zegoen, ezkerraldean ikus zitekeen plaka eta
sabai bat salbu.
Aukeratutako lerro nagusia plakaren
ezkerreko aldean kokatuta zegoen, baina bertara heltzeko eskumaldetik sartzen
zen beste lerro batetik (Zig-zag bidea) zeharkaldian eskalatu behar izan
genuen jatorrizko bidearen bigarren bilgunera iristeko. Hormako lehen zatian
granitoan marraztutako erregleta txikiak, eta harkoskoak tartekatzen ziren.
Eskalada ez zen guztiz zuzena, zatika sigi-saga eskalatu behar izan baikenuen,
soken urratzea kudeatuz. Inguruko eskalada lerroetan ez bezala, guk,
halabeharrez, hautatutako bidea nahiko ekipatua zegoen, han-hemenka paraboltak
aurki daitezke eta. Hala ere, horrek ez du esan nahi Llosaseko lerroen izaera
kirol eskaladakoa denik; krokisetan maila apaleko bideak agertzen badira ere,
eskalatu beharra dago seguru artean. Bigarren zatian, lehenengoan ez bezala,
hormak autoprotekzioarako bidea ematen zigun, bereziki guk egindako azken
aurreko luzean, berau garbi baitzegoen bilera izan ezik.
Luze gehienak IV. edo V. gradu
artean kokatzen ziren, eta aurkituko genituen arrakalek aukera ezin hobea eman
ziguten geure burua trabagailuz aseguratzeko. Horretaz gain, bilera guztiak
ekipatuta zeudela esan beharra dago, nahiz eta amaieran “garbi” zegoen 60m-ko
luzea egin behar izan genuen krokisak markatzen zuen H2O kanala saihesteko.
Beharbada babes gailuekin “jolasteak” xarma berezia eman zion ostiral
arratsaldeko eskaladari.
Ibon de Llosaseko hormak eskalatzen.
Haitz zatia amaitutakoan, Llosaseko
hormak eskainitako panoramikaz gozatu genuen, ur-jauziak jaurtitako ur
zipriztinek geure belarriak estaltzen zituzten bitartean. Halaber, etorkizunean
bisitatu nahiko genukeen Ballibierna mendia begiekin agurtu genuen. Katu-oinak
botengatik aldatu eta ezkerreranzko joerarekin jaitsiera egiteari egin genion.
Han-hemenka Anetoko elurrek isuritako errekastoak zeharkatu behar izan
genituen, baina zailtasun tekniko berezirik gabe.
Lakura heldu bezain laster,
azkenengo eguzki izpiak edateko beharrizana sentitu genuen noizbait, eta hantxe,
nekatuta baina pozik, Bartzelonatik heltzear zeuden beste bi lagunen zain
geratu ginen, harik eta eguzkia bere amagana joan arte. Ez genuen estaldurarik
gure eskalada lagunekin kontaktatzeko, ezta azken autobusa hartu zuten
jakiterik ere. Haatik, menturaz, ia-ia izarrekin batera agertu ziren vivac-aren
epeltasunera Russell mendia gurekin eskalatzera zetorren bikotea. Etxetik irten
eta 18 ordu beranduago, gure gorputz nekatuek barre eta zahatoari emandako
tragoxkaden artean agur esan zioten egun luzeari.
2. EGUNA
RUSSEL MENDILERROA
Eguna jaio eta txorien lehenengo
kantuekin esnatu ondoren, goizeko 6:30ak aldera, vivac-aren epeltasuna utzi eta
ohiko gosari goiztiarrari hasiera eman genion; kordada kideak Patagoniatik
ekarritako mate infusioa eta guzti. Eguraldi iragarpenak bereziki onak zirenez
gero, umorez eta patxadaz hartu genuen egunaren hasiera. Izan ere, bezperan
lasaitasunez eta metodikoki prestatutako motxilak dagoeneko aktibitaterako
prest utzi genituen. Gauzak horrela, 8etarako martxan ginen, eta gure
kanpalekutik ikus zitekeen Russell diedroan jarri genituen begiak. Horrek
markatuko zigun noranzkoa hurbiltzeko bidean.
Vivac-etik, eskumatara jo genuen,
ipar-ekialderantz, eta belarrezko eta harkaitzezko maldak igo genituen, bai eta
ondoren etorri ziren haitz blokeak ere. Bidezidorrik ez genuen aurkitu, bai,
ordea, mugarri andana, eta horiei esker ordu bete eta erdi eskasean horma azpira
heldu ginen.
Batzuetan, guri gertatu zitzaigun moduan, hormaren oinean elurtegi bat geratzen
da, amaieran bertikalago egiten dena. Hala ere, bezperan aurkitutako mendizale
batzuei galdetu ostean, elur metaketa txikia zelakoan, material teknikoa
vivac-ean uztea erabaki genuen. Horrelakoetan garrantzitsua da indarrak eta
pisuak dosifikatzea. Esan bezala, mendiko botekin, harri koskor gutxi batzuekin
eta makilekin erraz zeharkatu genituen hormatik banatzen gintuzten hamabost
metro eskasak. Azkenean, bada, diedro
handi, ikusgarri eta zoragarri baten azpian kokatuta geunden.
Russell
tontorra vivac-etik ikusita.
Materiala prestatu eta gure txanda
iritzi arte itxaron genuen, lasai, gure aurretik eskalatzen hasi zen beste
kordada bat gure begietatik urruntzearen zain. Aita-semeak ziren, eta neure
buruari galdetu nion ea inoiz horixe bera egiteko betarik izango nuen. Sakon
hartu genuen arnasa, 3000 metroetara geunden jada, eta altuera nabaritzen
genuen. Istant batez, eskalada bera bigarren maila batean geratu zen.
Gurekin etorritako bikotea gu baino
lehenago eskalatzen hasi zen, ozta-ozta 15 metro eskumatara. Itxura batean Vi amb gasosa bidea eskalatzen bakarrak
izango ziren. Zorionekoak eurak; hau da, gure bidean kontuz ibiltzeko esan
ziguten azken luzetik eror zitezkeen harriengatik, bereziki gure aurretik eskalatzaileak
sartuz gero.
Gran Diedro Russell bidearen hasierari begira
Vi amb
gasosa, Lehen luzea
Bistak izugarri onak ziren, eta
egindako ahaleginak gogotik sarituak izan ziren. Ballibierna mendia guri begira
genuen, oso-osoan, inguru mariko jaun eta jabe. Ez zen hodeirik agiri, eta
han-hemenka zebiltzan txorien kantuek bat egin zuten noizbait gure bihotz taupadekin.
Aita-semeak hirugarren luzera heldu
orduko martxa hartu genuen, eta granito perfektuan eskalatzeari ekin genion.
1. Luzea: Aita-semeek bidearen
noranzkoa erraztu ziguten arren, eskalatu aurretik, parabolt bidezko txapa bat
aurkitu behar izan genuen, bidearen hasiera adierazten zuena. Arrakala txiki
batetik igo nintzen arroka zubi batera iritsi arte. Hemen, gora jarraitu
beharrean, eskuinerantz jo nuen terraza batetik, harik eta pitzadura horixka
bat aurkitu arte, eta hortik gora igo nintzen. Sokekin tentuz jokatu behar izan
nuen, gerora sor zezaketen tentsioa murrizteko. Hor aurkitu genuen bidearen
gakoa, pausurik gogorrena, (V+) hala ere, bideko aseguru bakarrarekin babestuta
zegoen. Hori egindakoan, itsaspen-pasabide baten amaieran, diedroan sartuta, 2
parabolt eta uztai dituen bilera aurkitu nuen. (55 metro V+)
2. Luzea: Luzea diedro handian
hasten zen, eta eskalatzeko atsegina zela iritzi genion. Diedroarekiko
paraleloan eskalatu behar izan genuen, eta bidetik bi harkaitz-zubi eta
kordinoak aurkitu genituen. Kontuak horrela, bilerara heltzear nengoela, nire
kordada kideak harria! oihukatu zuen.
Istant batez zur eta lur geratu nintzen bi metrora pasa zen harri tzarra ikusi
nuenean; misil bat bailitzan, 20 metro beherago horman kontra talka egin eta
mila puxketan kraskatu zen. Antza, goiko eskalatzaileek oharkabean jaurtitako
harria izan zen, soken marruskaduraren erruz eroritakoa. 5 metro eskas falta
zitzaizkidan bilerara heltzeko, hala ere, “misil” gehiagoren beldurrez, hormak
eskaini zidan sabai baten azpian ostendu nintzen eta arnasa hartzeko tartetxoa hartu
nuen. Metro batzuk gorago bilera eta nire bikotea aurkitu nituen. Eskerrak onik
eta osorik amaitu genuela luze hura. (45 metro, V).
Gran
Diedro Russel. bigarren luzea
3. Luzea: Zalantzarik gabe bide osoko
tiradarik onena izan zen. Izugarri polita. 50 metroko diedroa, non pontza txiki
bat gainditu behar izan genuen. Dena oso ondo babestu ahal izan genuen,
gainerako luzeetan bezala. Gogoan dut, bereziki, babes gailu ertainak erabili
genituela, eta nonahi sartzeko aukera eman zigula hormak. (50 metro, V).
4. Luzea: Ordura arte bezala, diedroan
gora eskalatzeari ekin genion, pasabidea mozten zuen bloke handi bateraino. Blokera
heldu orduko, ezkerrerantz jo eta berehala iritsi ginen bilerara. (30 metro,
IV).
5. Luzea: Goragoan esan bezala
luzerik arriskutsuena; ez horrenbeste eskalatzen ari denarentzat, baizik eta
atzetik etor litezkeenentzat. Edozelan ere, trantsizio luze erraza izan zen,
tentu handiz eskalatu beharrekoa, blokerik eta harri solterik ez jaurtitzeko. Guk
beharbada ez genuen ondo irakurri irteera. Atzetik kordada gehiago zetozen eta
tentsio uneak bizi izan genituen harri jaurtiketa saihestu nahian. Zelan edo
halan krokisak markatzen zuen azken bilerara heldu ginen, baina handik gora
irteteko nahiko desatsegina zela iruditu zitzaigun. Azkenean, bada, beste 60
metroko (IIIº) luze bat egitea erabaki genuen materiala ganoraz batzeko eta
Russell tontorrari begira jartzeko.
Luze egin zitzaigun gure lagunen
zain egotea, ia ordu bi egon baikinen tontorrean. Antza denez, hiruko kordada
bat aurkitu zuten –mendi gida bat eta bi sasi eskalatzaile– azken aurreko
bileran hain zuzen, eta harri erorketa nahikotxo sortzen ari zirela ikusita, umorez
eta lasaitasunez jokatzea erabaki zuten. Edozelan ere, itxaronaldiak oso-osoan
asetu gintuen, birikak aire garbiaz bete genituen behin eta berriz, 3000
metrotik gorako airea barruan sartzeak gaztetuko bagintu bezala. Baita begiekin
hamaikatxo eta bat argazki atera ere, Russell tontorrak Pirinioetako panoramika
ezin hobea eskaini zigun eta. Azkenean, lau lagunok tontorrean elkartu bezain
laster besarkada beroa, estua, zintzoa, eman genion elkarri, bizi izandako
abenturatxoa elkarrekin bizitzeagatik. Zorionekoak ginen.
Russell
Tontorrean (3207m). Atze-atzean Aneto. Aurrerago Tempestades tontorra.
Lagunei Vi amb gasosa bideari buruz galdetzean, estetikoa eta itxurosoa
iruditu zitzaiela esan ziguten; zailtasunak pausu bakan batzuetan pilatzen omen
ziren. Bestalde, bide osoan zehar ez zuten inolako ekipamendurik aurkitu, 2.
luzean (6ª+) baten batek utzitako babes gailu bat izan ezik; lagunen ustean, bidea
kordada gutxik errepikatzeak zein lerroak duen ekipamendu ezak emozioa eta askatasuna
eskaini zien. Halaber, bidean zehar, tarteka, goroldio metaketak aurkitu
zituzten arrakaletan, babesgailuak erraztasunez jartzea eragotziz. Horretaz
landa, krokisean jasotako bilerak, kasurako, modu desberdinean muntatu
zituzten, eta azken luzean gure bidearekin bat egiten zuen zeharkaldi ederra
inprobisatu zuten. Azkenean, bada, horrela laburbildu zuten euren aktibitatea:
lerro estetikoa, kalitatezkoa, eta konpromisu puntuarekin.
Jaitsierarako bidea arrunta aukeratu
genuen, hegoaldetik jaisten den kanal batetik, mugarriekin adierazita zegoena. Zinez,
jaitsierak errespetu handia ematen zigun, zatika zeharkaldi eta destrepe (II)
nahiko arriskutsuak egon baitzeuden, neguan eta izotzarekin bereziki kontuz
igaro beharrekoak. Gauzak horrela, zenbait destrepe egin ondoren, elurrak
estaldutako bloke-zelai handi batera heldu ginen. Handik kanpalekura ordu bete
pasatxoan iritsi ginen, leher eginda baina poz-pozik, “etxerako lanak” gogotik
egin genituelako, eta merezitako atsedenaldia hartuko genuelako. Gerora
errekatxo batean hartuko genuen bainuak min guztiak osatu zizkigun.
Ilunabarra eta gaua heldu bitartean,
bizi izandakoa ospatu nahian, ortzi mugari begira jarrita matea eta ardoa
edaten hasi ginen. Eguzki izpien azken tantakadekin ere gozatu genuen, jakin
baikenekien huraxe izango zela gure azken gaua denborak zizelkatutako harrizko
kartzela txiki hartan. Kartzela bai. Aitzinsolasean esan bezala,
Pirinioetako horrelako zoko misteriotsuak geure burutik, edota ninietatik,
atera nahi ditugun arren, nekez lortzen dugu, eskalatzaileok, sarritan, gure harrizko ametsen
preso baikaude betiko.
Llosáseko hormatik.
No hay comentarios:
Publicar un comentario