Urresteiko ertza, 2017
-Joxerra, esaldi hau zuzena al da?
-Jesus, neska. Ez da horren inportantea.
-Badakit ezetz. Baina jakin nahi det zuzen idatzi dudan.
-NOR forma nahiz NORK, ergatiboduna, biak dira zuzenak. Ez kezkatu.
-Esaldiak baino gehiago, beste kontu batek kezkatzen nau. Senak. Euskararen senak. Lehen zalantza gutxiago neukan halakoen inguruan, eta euskararen sena galtzen ari oten naizen, hori da nere kezka.
-Munduan beste asko bezala, bazen behin, belar izpiek hizketan zekiten garaian, Ainhoa izeneko neska gibel-estu eta ipurterre bat, bere buruari sekula ezer barkatzen ez ziona. Bere ustez, Ainhoa zena hobea zen oraingo Ainhoa baino. Besteak beste, Ainhoa zenak sena zuelako, oraingo Ainhoak galdua omen zuena. Meditazioa ere egiten zuen Ainhoak: Zen. Baina berak ezin etsi Zen hutsarekin. Zen ez ezik Sen ere behar zuen, eta halaxe zigortzen zuen bere burua: "zer nintzen eta zer naizen, sen nintzen eta zen naiz, sen gabe zer naiz ba, nahiz zen naizen... (Joxerra Garzia)
Horrela hasi det konfinamendu beteko igande gris hau. Hunkituta, etengabe jasotzen dudan maitasunari esker ona adierazten.
Zegama-Aizkorri, 2018
Atzo ere, antzeko zerbait gertatu zitzaidan. Denboratxoa neraman lagun bati iskin egiten. Egiazki, lagunari baino gehiago, nire sentimenduei ari nintzaien iskin egiten, eta ondorioz lagunarengandik urruntzen ari nintzen. Banekien zer sentitzen nuen, baina hausnartzeko beharra neukan: barneratu, onartu eta neroni barkatu, beldur horiek sentitzeagatik. Baina benetako lagun bat zer den: hark nire urruntasuna sumatu, bi astez errespetatu, baina atzo leher egin eta azalpen eske etorri zitzaidan. Nire urruntasunak sortzen zion mina adierazteraino. Negar egin nuen, nire berekiko beldurrak aitortu, maite dudala esan, eta barkatzeko eskatu. Su haietatik ke hauek. Hurrengo mendi espedizioa elkarrekin egitekoak gara.
**************
-Zure lagunek gorroto naute?
-Bueno, que mas da eso ahora?
-Si da, y mucho.
-Ez, ni ondo ikusten naute, eta ez zaituzte gorroto.
-Dakort.
**********
-Zer moduz konfinamendua?
-Zer nahi dezu esatea? Egia ala zuk entzun nahi dezuna?
-Egia.
-Bale. Konfinamendua, zoragarri.
-No me jodas, Ainho.
-Mendia faltan daukat, izugarri, baina konfinamendua opari bat izaten ari da.
-No me jodas.
-Labur geratuko zait.
-Lo flipo.
***********
Konfinamendua ezarri zenetik bizi izan ditudan egoera eta elkarrizketen txatal batzuk baino ez dira. Bidea argitzen dutenak, eguna alaitzen eta arima lasaitzen.
Horrenbeste astez haurrak kalera atera gabe egon izanak pena eman dit. Adinekoak horma artean, bakarrik, zimeltzen ikusteak ere bai. Lagun erizainen nekea gertu-gertu bizi izan det. Gaixotu direnen beldurra ere bai. Gainerakoan, konfinamendua opari bat izaten ari da niretzat. Aurrekoan irratian psikologo bati entzun nion kezkatuta zegoela, oro har gazteek ordu mordoa egiten dutela pantaila aurrean, eta eskatzen zien agintariei baimena emateko kalera atera daitezen. Harrituta geratu nintzen gogoetarekin, eskaeraren oinarrian zegoen kezkarekin, eta nire konfinamenduaz idazten ausartu naiz. Saiatuko naiz zer egiten dudan azaltzen hemen, nire oparia inork jaso nahi badu ere.
Esako termak, 2019
LO EGIN
Aitortu behar det alarma egoera ezarri zenean loa aztoratu egin zitzaidala. Ezagutzen nautenek badakite oso lotia naizela, 9 ordu inguru egiten ditudala lo egunean. Pues el coronavirus se ha llevado mi sueño. Zorionez, mediku-lagun batek akupuntura jarri dit, eta badoa bere onera. Meditazio-audioek ere asko lagundu didate horretan.
Entzuten dudan bakoitzean lo egitea denbora galtzea dela, barre egiten det. Denbora mordoa galdu det orduan nire bizitzan zehar (kar, kar). Atera etekina loari ere. Esnatu, gosaldu eta berriz ohera itzultzea. Zenbat aldiz egin nahi izan duzu, baina ezin? Orain badezu aukera ;-)
"Quiero ir a dormir con vos, y no dormir un carajo"
KIROLA
Sekula ez naiz izan kirola indoor egiteko zalea. De hecho, I hate it. Baina Debagoienean esaten duten bezela: xauena xauk. Egokitu ala hil. Arrabola aspergarrian kilometro mordoska bat egin ditut dagoeneko. Pirinioetarainoko tartea bai, gutxienez. Garajean korrikaldiren bat ere egin det, desorduetan. Hamster sesion. Gimnasioko ariketak, eta core ariketak. Bai, core ariketak, corea bera zer zen ez zekien honek. Kirola bizimoduaren parte da niretzat, eta orain ezinbestekoa, errutinari eusteko, burua eta gorputza neurrigabe arrastotik atera ez daitezen.
"Si corres cuando llueve dirán que estas loco;
si corres cuando hace calor también.
Por tanto: sal, y corre"
MEDITAZIOA
Aurkikuntza bat, Urko Arozenak egin didan enegarren oparia. Gure ahuleziei aurrez aurre begiratzeko modua. Pentsamendu bakarrean murgiltzea zer zaila den ohartzeko jolasa. Orain eta hemen egoten ikasteko bidea. Meditatzea ez da erraza niretzat, baina sendabelar izugarria bihurtu zait, saiatzea bere soilean.
Azken saioan hipnosi modu bat ere probatu det. Gure haurtzarora bidaia eginez, iraganeko traumak azaleratzen saiatzeko hipnosia. Mingarria bezain lagungarria. Probatu eta saiatu, ez zara damutuko. Amaigabea da meditazioak berekin dakartzan onuren zerrenda: loa hobetzen du, sormena, nerbio sistema, kontzentrazioa, oxigenazioa, intuizioa eta ongizatea ere bai. Horrez gain, murriztu egiten ditu pentsamendu ezkorrak eta estresa. Nepalera itzultzen naizenean, eta itzuliko naiz, neure buruari zin egin diot tenplu bat bisitatuko dudala, mojeen bizimodua ezagutzeko. Mendiaren eta meditazioaren arteko arrakala oso txikia dela ohartu naiz.
Sarean milaka audio eta bideo aurkituko dituzu meditatzeko eta barrua lantzeko, niri neroni Louise Hay eta Marisa Peer-enak asko gustatzen zaizkit.
DANTZA EGIN
Bakarrik nahiz lagunekin. Euskal dantzak: erraiak astintzen dizkidaten fandangoa eta arin-arina, jota eta porrua, eta nire sen leihakorrena azaleratzen didaten Zuberoako dantzak. Godalet dantza. Compay-ren doinura ere egin det dantza egunotan. Dantza lizunak. Askotan ahaztuta daukagun sen erakargarri horri hautsa kentzeko ezin ariketa egokiagoa da dantza egitea.
"Cuando bailas puedes disfrutar el lujo de ser tu mismo". (Paulo Cohelo)
ABESTU
Aitortu behar det ez naizela behin ere atera balkoira txalo eta kantu egitera. Aldiz, inoiz baino gehiago ari naiz abesten. Orotariko kantak, euskal kantak, Ruperrenak, Silviorenak eta Laboarenak. Opera entzuten ere hasi naiz. Arte izugarri indartsua iruditzen zait, barrua mugiarazten duena. Nessun Dormak bihotza uzkurtu dit.
"El silencio es muy importante.
El silencio entre las notas es tan importante como las notas mismas"
(Wolfgang Amadeus Mozart)
El silencio entre las notas es tan importante como las notas mismas"
(Wolfgang Amadeus Mozart)
Everest Trail Race, 2019
YOGA
Ahizpak eta amak egiten dute. Ni aspaldi saiatu nintzen, baina ez zen momentu egokia. Barrua izugarri mugitzen zidan, eta negarrez amaitzen nuen, kontrolik gabe. Pixkanaka hasi naiz berriro. Inbertidak egiten, esaterako. Buruz behera egoteak onura asko dakartzala uste det (ikusi hemen). Sare sozialak oso lagungarri izaten ari zaizkit ariketa hauek ikasteko (ikus, esaterako, Miren Zubeldiaren jarraibideak). Probatu, ez zara damutuko.
SUKALDEA
Pyrenaicak emandako aukera baliatuz, sukaldeko nire esperimentuak partekatzen hasi nintzen hemen, por peticion popular. Ez dakit inork gustuko dituen nire platerak. Ekain lagunak dioen bezala: me la bufa. Neronentzat hasi nintzen sukaldean, eta ondoren, janez nirekin gozatu nahi duten lagun eta senideentzat. Meditatzeko bide bihurtu zait sukaldea, irudimena lantzeko jolas, eta lasaitzeko terapia.
Otsailean, Alacanten egin genuen egonaldian, sukaldari aritu nintzen, niretzat eta ingurukoentzat. Amak esan zidan beldur zela etxetik kanpo nola moldatuko ginen, ez gaudelako ohituta taberna eta jatetxeetan jaten. Nik neuk prestatu nuen dena. Etxera gentozenean, amak esan zidan, sekula ez zuela horren ondo jan etxetik kanpo, ez zuela digestio astunik egun bakar batez ere eduki, eta komunera inoiz baino erregularrago joan zela. Nik haiei egindako oparia bueltan jaso nuen hori entzutean.
Bidenabar, badakizue "sukaldatu" barik, gure tradizioari jarraituz, "kozinatu" hitza hobesten duela Euskaltzaindiak, ezta? Pues taza y media. Entzun Ibon Sarasolak sukaldatutako elkarrizketa mamitsu hau (kar, kar).
ARNOA
Bai, ni ere bai, konfinamendutik alkoholizatuta aterako naizen beldur naiz (kar, kar). Garagardorik ez det edaten, ez datsegit, eta ez dit onik egiten, hesteen asuntoarengatik, askotan aipatu dudanez. Baina ardoa izugarri gustatzen zait. Eta zelako putada, a mis amig@s tambien. Izugarri ari naiz disfrutatzen lagunekin arnoa edanez mundua, gure mundua, konpontzen. Gora arnoa, konfinamendu garaian. Ardotegi eta txakolindegi banatara bisita egiteko plana egin degu jada.
Pene Sarriere, 2012
ARGAZKIAK
Hartu al dezue tartea argazkiak ikusteko? Ariketa ederra da, zeinen ondo bizi izan garen, eta zenbat gauza egin ditugun ikusteko. Nik neuk mendiko milaka argazki ikusi ditut egunotan. Badakizue bisualizazioak egitea oso onuragarria dela, ezta? Mendiko argazkien bitartez egin ditut nik: argazki bat hartu, momentu hura orainera ekarri, eta orain balitz bezala bizi. Mendiko arnasa etxera sartu zait horrela, nekea gorputzean nabaritu det, eta askotan, malkotan amaitu det hori guztia sentitzerakoan. Dena den, kontuz, iragana ertz biko labana da: geure burua zigortu eta mintzeko erabiltzen dugu askotan, nik neuk ere egin izan det, eta hori ez da ona. Konfinamendua hasi zenetik, iraganeko argazkiak berrikusten ari naiz ziurtatzeko eta neure buruari esateko, benetan nahi dudan bizimodua bizi izan dudala orain arte. Ziurtatzeko hanka sartu dudanetan ere, sinetsita egin dudala, eta batez ere, ikusteko, aurrerantzean zer egin nahi dudan, zer bizimodu eduki nahi dudan.
Patxadaz eginez gero, argazki askotan lehen ikusi ez dituzun hainbat gauza deskubrituko dituzu. Askotan gertatu zait neri. Ariketa polita da, bizitza honetatik zer eraman nahi duzun ohartzeko, eta horretarako, aurrerantzean zer bizipenez bete behar duzun jakiteko. Himalaiako argazki honetan, hiru moje deskubritu ditut egunotan, eta bihotza alaitu zait.
"Argazki batek, mila hitz"
Everest Trail Race, 2019
LAGUNAK
Presarik gabe lagunekin hitz egiteko aukera eman dit konfinamenduak. Audio eta bideo deiek ez daukate zerikusirik aurrez aurre egotearekin, eta eskerrak! Baina denak dauka bere alde ona. Taldeka egin ditut zenbait saiakera, baina aitortu behar det, hasierako barre eta txisteez harago, enautela bete. Nahiago ditut bakarkako elkarrizketak. Zenbat barre eta zenbat negar egin dudan aste hauetan. Lagunak hobeto ezagutu, haienak entzun, neureak kontatu, elkarri lagundu, haserretu! Zerrenda honetako harribitxia.
"Lagun bat, altxor bat"
Pyrenees Stage Run, 2018
Hiru Haundiak, 2018
IRAKURRI
Denbora, gogo edo konstantzia faltagatik batzuetan, hariak erakarri enauelako besteetan... beti daude mila arrazoi, ez irakurtzeko. Ha tenido que llegar una pandemia, hori aldarazteko. Zer da hau, baina! Goizeko 04:00etan ezin begirik bildu eta liburuari estu lotuta, loramen. Bat amaitu eta hurrengo zein irakurriko urduri. Orotarikoak irakurri ditut: maitasun istorio xaloak, laguntza liburuak, ipuin bilduma bikainak, mendiko abenturak...
MENDIA
Etxea apaindu, ingelesa ikasi, filmak ikusi, maitatu, idatzi. Hamaika kontu egiten ari naiz, eta ohartzen naiz, era batera edo bestera, denak daudela lotuta mendiari. Denak. Inork ez zidan esan, mendizale izatea zein ederra dan. Mendia eta meditazioa gero eta gertuago daudela ikusi det konfinamenduan. Mendi asko igo ditut alarma egoeran gaudenetik. Begiak itxi eta han nagoela irudikatuz, edo begiak zabal-zabalik jarri eta bideo eta argazkien bitartez haiek eskalatuz.
Lagunekin elkarrizketa amaigabeak edukitzen ari naiz mendiaren inguruan. Korrika non egin, eskaladako lehen pausoak zer hormatan eman, zeharkaldi luzeetarako mapak eta guneak aztertu. Amets txiki nahiz handiak. Lagunek badute meritua. Matraka galanta ematen ari natzaie: kontatu berriro nolakoa den Diablos-Costerillou ertza, eta Salenques-Tempestades. Azaldu zer sentitu zenuen Cervinoko maromei helduta zeundenean. Kontaidazu zer bizi izan zenuen Himalaiako azken espedizioan. Entzun nahi det zure ahotik, han nagoela sentitzeko.
Garmo Negro, 2012
Elkarrizketaren batean galdetu didate, nora joango naizen edo zer egingo dudan alarma egoeratik ateratzen garenean.
Karakatera joango naiz, zalantzarik gabe. Aizkorrira ere bai, eta Anbotora, Txindokira, Beriainera, Ogoño eta Atxartera. Pirinioetara joan nahi det, Cervinora, Aconcaguara eta Elbrusera. Eta berriro ere Karakatera. Eta berriro Urbiako fondara. Mendi lasterketak egin nahi ditut, eta aldi berean, jendetzatik ihesi, furgonetako isiltasunetik mendiei begiratu. Aterpetxeetara itzuli nahi det, Torinora, Respomusora, Ventosara. Zapaldutako mendiak bisitatu nahi ditut, eta berriak deskubritu. Lagunekin joan nahi det mendira, lagunarekin ere bai, familiarekin, Liherrekin, eta beti, loramenekin. Motxila handiarekin zein txikiarekin. Dortsalarekin zein dortsalik gabe. Erlojuari begira eta erlojurik gabe. Apur bat eskalatzen ikasi, eta nire mailako ertzetan galdu. Mendiko nekea sentitu, eta mendiko izerdia usaindu. Eta errekan bainatu, eta furgonetan jatekoa prestatu. Lo zakuan esnatu, lo zakuan jolastu. Vivac bat probatu. Mendi tontor batera botila arnoa eraman. Tontorrean besarkadak eman. Eta gero esango dute, mendia ez dela besterik, igo eta jaistea, ez dela besterik. Hori baino ez, eta hori guztia.
Perdido (Ordesa, 2019)
***************
Idazten ari naizelarik, eskulan batean murgilduta dago lagun bat. "Ainho, obrarekin jarraituko dot bale? Inspirazioa uso pasa bezalakoa da. Badator eta badoa". Irribarre egin det haren mezua irakurtzean. Eta idazten jarraitu det. Konfinamenduak, pandemiak, alarma egoerak gauza gogor asko ekarri dizkigu, baina ikasgai onak ere bai. Nondik begiratzen zaion. Horiek ikusten asmatzea da kontua, eta etekina ateratzea. In medium virtus est. Hankak lurrian eta eskuak zeruan. Konfinamenduak maitasuna emateko denbora eman dit, eta emandakoa bueltan ari naiz jasotzen. Saiatu zu ere maitasuna ematen, eta seguru, oparia jasoko dezu bueltan.
Posets, 2019
No hay comentarios:
Publicar un comentario