6. Etapa
Tyangboche-Lukla
29 km
1770m+
2802m-
6 egunetan lehen aldiz ispilu batean ikusi dut nire aurpegia. Esnatu orduko. Puztu-puztu eginda daukat. Hankak eta oinak ere puztuta dauzkagu denok. Garaieraren ondorioak dira.
Esnatu eta... Bergarako lagunek esaten duten bezala, espectaculo en la condomina! Everest, Lotse-Nuptse eta Ama Dablam parez pare. Alpamayorekin batera, planetako gailur ederrena omen da Ama Dablam. Ederra da oso, baina ni gehiago hunkitu nau Lotsek. Ez galdetu zergatik.
Nekatuta baina azken egunak ematen duen pozarekin ari gara gosaltzen: “lo de todos los dias vamos. Desayunar mirando al Lotse y al Ama Dablam!” Katalana umoretsu goizean goizetik. 14 zortzimilakoak zerrendatzen igaro dugu gosaria. Ez pentsa, ez da erraxa denak oroitzen: Everest, Lotse, Kangchenjunga, Broad Peak, Gash I eta II, Cho Oyu, K2, Makalu, Manaslu, Dhaulagiri, Sisha Pangma, Nanga Parbat eta bat falta zaigu... Annapurna!
Gaur azken etapa, eta alai goaz bidean. Argazkiak ateraz eta txisteak kontatuz, barre algaraka. “Los españoles son muy faciles. Si les dices “Ta too pagao! Son tuyos” Kar kar kar Bejar-ekoarentzat, bonus! Bete-betean asmatu du.
Gaur eta egunotan atentzioa eman didan beste kontu bat: nepaldarren mendekotasuna mobilarekiko. Globalizazioa eta kontsumismoa zer diren. Kutsadura, jana, garbitasuna, hezkuntza edo osasuna bigarren mailako kontuak diruditen lurraldeetan ere, haur, gazte nahiz helduek sakelakoa daukate, eta sakelakoari begira bizi dira. Gainerako guztiok bezala, noski. Zamaketari lan gogorrean ikusi ditut nepaldar asko egunotan, saskia buru-bizkarrean jarrita eta sekulako pisua gainean hartuta. Oker-oker eginda, makurtuta. Bada, horietako bat baino gehiago, oinez eta sakelakotik hizketan zihoan une berean. Sinesteko ere!
Etxera itzultzeko atzera kontaketa hasi da. Faltan botako ditut mendiok. Nepaldarren usaina. Dalbata. Helikopteroaren zarata amaigabea. Yak-ak. Eta batez ere nepaldar haurren aurpegia. Nahiz nepaldar txurikito ederrena guk etxean daukagun. Zenbat gogoratu naizen zutaz, Lihertxo!
Helburua beteta itzuliko naiz: lasterketa amaituta eta milaka argazki bihotz-begietan gordeta. Lagun berriak, ehunka kilometro oinetan eta barre asko eginda. Maleta bete arropa zikin, eta bost elementuak irudikatzen dituzten nepaldar banderatxoak opari. Ahaztezina, Everest Trail Race.
Bueltan egin nahi ditudanak, ordena honetan: Liher muxuka jan, aitak prestatutako oilaskoa dastatu, Karakate eta Aizkorrira igo eta kostaldera joan. Itsasoari barkamena eskatu behar diot. 15 egunetan ez naiz akordatu ere egin berarekin.
Eskerrik asko, Everest Trail Race. Danyabad, Nepal. Aurki itzuliko naiz, baina dortsalik gabe. Namaste.
***
5. Etapa
Phakding-Tyangboche
32 km
2850 m+
1650 m-
7 ordu eta 15 minutu
Juernes! Gaur kamiseta garbia. Kaka eginda nago. Oro har, kaka eginda gaude. Gaurkoa luzeena eta gogorrena izango omen da. Baina azkoitiarrek esaten duten bezala: “esto es, ir hasiendo!” Halaxe atera naiz. Sin prisa pero sin pausa.
Namchera iritsi aurretik, etxetxoak ageri dira yak eta mando festa artean. Haurrak pozarren daude. Arreta eman dit eszena batek: 5 urteko 6 mutiko jolasean ari dira. Haiei begira adin bertsuko neskatila bat. Erratz lanak egiten dituen lasto-hari batzuk dauzka eskuan. Amak kasu egin dio, lurra garbitzen jarrai dezan. Gogorra da gero! Emakumea beti azpiratuta. Euskal Herrian, Europan, nahiz Nepalen! Gora feminazismoa.
Namchera iritsi naizenean urduri jarri naiz. Galtzeko lehen arriskugunea da. Eta ezin hutsik egin. Bidean atso nepaldar batek kontrako noranzkoa adierazi dit. Ez diot kasurik egin, eta asmatu egin dut. Baina pixka bat aurrerago, bidegurutze asko aurkitu ditut, eta bete-betean huts egin dut. Lost berriz ere. Pauso bakoitzeko galdezka noa: Runners? Race? Siamboche? Baietz diote denek, ondo noala. Baina badakit lasterketako ibilbidea beste bat dela. Hala ere, zorionez, ordu erdi amaigabearen ostean markak ikusi ditut berriro.
Aldarte hobearekin noa. Alai. Berriz ere bat egin dut lagunekin. 2. Kontrolgunera iritsi garenean Marc katalana eta Diego mexikarra dauzkat ondoan. Perfekto! Aspertuta nago hainbeste barrita jateaz eta motxilan herenegundik daramadan arrautza egosia jatea erabaki dut. Kaka. Kaka bete-betean. Jan orduko nabaritu dut sabela irauli zaidala. Marcek eta Diegok esan didate eurekin joateko. Eta banoa. Baina sabelean daukat atentzio osoa. Ez nago ondo. Oka egiteko gogoa. Botagurea. Indar falta bat-batean. Marc eta Diego urruntzen ari zaizkit, eta ni gero eta makalago. Gelditu eta berriz pentsatu gabe, dena bota dut. Atzetik datozen bi lagunek ura eman didate eta burua freskatu. Sabela hobeto daukat, baina oso ahul sentitzen naiz. Kostata noa oinez, mendian gora. Ibilbide laburtua hartu nahi dudan galdetu didate antolakuntzakoek. Indarra atera dut hauxe adierazteko: Ni pa dios! Euskalduna naiz, ero xamarra, oxigeno falta daukat eta arrastaka bada ere, jatorrizko bidea amaitu nahi dut (txantxa da, ama). Nill katalanarekin noa. Hura ere gaizki dago. Ahul, hotzikarekin eta oinez goaz biok. Behartuta bada ere, barrita bat irentsi dut eta hobeto nago. 4200 metrora iritsi garenean arnasa sakon hartu eta irribarrea itzuli zait. Bueltan da, loramen!
Ez kezkatu, ama. Giza gorputza zoragarria da. Kalte egiten diona kanporatu, eta hobera egiten du. Giza buruak ere gauza bera egingo balu, gaitzerdi. Kalte egiten digun oro baztertuko bagenu, makina bat depresio eta arrengura saihestuko genituzke.
10 bat kilometro dauzkagu orain garaieran. Ez daukat beldurrik, oso ondo sentitzen naiz. Pozarren noa. Ezin dut korrika egin, ez dudalako apenas jan, eta indarrak neurtu nahi ditudalako. Baina zoragarri goaz Nill eta biok oinez. Argazkiak ere atera ditugu. 5 egunetan lehen aldiz, sakelakoa atera dut proban zehar. Ama Dablam eta Lotseri argazkiak egin dizkiet gertutik.
Nill lagunari esan diot. Badakizu? Ordu zoragarriak ari dira izaten, gogoetarako baliatzen ari naizelako. Badakit zer idatziko dudan gaur. Menditzarroi begira, egia esan, erraza da inspirazioa lortzea. Eta horrela iritsi gara helmugara. Kostata, baina pozarren, 7 ordu pasatxoren ostean.
Lodgera iritsi, dutxa eta zopa beroa hartu, eta idazten jarri naiz, sutsuki.
A ver cómo lo vomito, inor mindu gabe. Askotan esan dut, eta berriz errepikatuko dut, ezer baino lehen, gauzak argi gera daitezen: ni ez naiz korrikalaria, ez naiz alpinista, ezta eskalatzailea ere. Mendizalea naiz, hori bakarrik. Hori argi utzita, aviso, vienen curvas! Everest Trail Race garaieran egiten den lasterketa bat da, ez besterik. Esan nahi dut, beste lasterketa asko bezala, paisaia zoragarriak ematen dio proba honi izena. Eta parean dauzkadan mendiei begira, ezin diot pentsatzeari utzi zer sentituko ote duten horma piko elurtu horietan zintzilik egoten diren mendizaleek.
Mendizaletasuna ulertzeko hainbat modu daude, ez dago zalantzarik. Lagun batek esaten zidan, berarentzat berdin-berdin direla mendizale, eskalatzaileak, alpinistak, mendi korrikalariak, perretxiko bila mendira doazenak zein patata tortila hartuta mendiari argazkiak eginez zoriontsu direnak. Dakort. Besterik da, ordea, norberari zerk eragiten dion zirrara.
Asko hitz egin dut honetaz lagunekin, eta beti iristen naiz ondorio berera: mendian egiten diren lasterketak dira hauek, baina lasterketak azken finean. Ezagutzen nautenek ondo dakite lehiakorra naizela. Lanean, bizitzan zein kirolean, oso lehiakorra. Lasterketak egiten ditut, bai, indartsu sentiarazten naute, neure buruari erronka jotzeko modu ezin hobea dira, eta lagun asko eman dizkit, gainera. Baina niretzat, mendizaletasuna, harago doa. Lasterketak ez dira iristen sentimendu hori ondo adieraztera. Egunotan, 50 bat lagun gara, mendi-paisaia zoragarri batean barrena lasterka. Ederra da ikustea gai zarela korri egiteko. Nola ez ba! Munduan pertsona asko daude korrika egin ezin dutenak. Baina egunotan etengabe joan zait pentsamendua menditzar hauetan zintzilikatzen direnak irudikatzen. Ez da inolaz ere nire ametsa, ez naiz gai, eta beldur izugarria ematen dit. Baina susmoa daukat azkenaldiko joerari eutsiko diodala Nepaldik itzultzen naizenean. Nire mailan, baina lasterketak apur bat alboratuta.
Lehenengo egunean hau esan zidan antolakuntzako lagun batek: “vas a hacer la carrera mas bonita del mundo, y vas a tener la mejor experiencia de monte de tu vida”. Baliteke paisaia kontuan hartuta orain arteko lasterketa ederrena izatea. Giroa ere, chapeau! Baina “la mejor experiencia de monte de mi vida?” No way! Boteprontoan, hauek bururatu zaizkit: Pasaia blues, Monte Rosa Skymarathon, Mont Blanceko igoera, Kilimanjaro, Urresteiko ertza, Teide, Anbotoko ertza, Kanal haundi neguan, Neus eskiekin, Perdido Xtrem, Atlas mendiak tolosar lagunekin, Txindokiko ertza, Maladeta eskiekin... sigo? Milaka oroitzapen dauzkat mendian, ezin ahaztuzkoak. Konparaketak ez dira onak, baina lo siento mucho, hau ez da izaten ari nire bizitzako mendi-esperientzia onena. Paisaia zoragarria, antolakuntza eta lagun berriekin giroa paregabea, baina mendi-esperientzia onena, ez.
Jaun andreok, izan gaitezen zintzoak. Hau mendi lasterketa bat da, beste lasterketa bat. Mendizale orok inoiz ikusi desio ditugun mendiek dekoratuta, baina lasterketa bat, korrikalarientzat egina. Nekez irudikatzen ditut proba honetan niretzat eredu diren mendizale asko. Nolanahi ere, herenegungo gogoetan jarri nuen bezala, menditerapia onenetakoa bai, izaten ari da.
izugarri pozik nago! Ikusiko baninduzu, oraintxe bertan, gorrotoa eragingo nizuke: 3900 metroan, sutondoan idazten, lagunen adar-jotzeak entzuten arrautzaren kontuarengatik, eta parean, leihoaren bestaldean, Ama Dablam, Lotse eta Everest eguneko azken izpien argitan. Nazkagarria naiz, ezta?
***
4. Etapa
Kharikola-Phakding
27.5 km
2423 m+
1907m-
5 ordu eta 35 minutu
Osteguna. Pintxopo eguna! Beraz, praka garbiak.
Gaur lo gutxi egin dugu. Bart hizketan luzatu ginen Nuria eta biok. Mendiko lagun bat baino hoberik ez dago.
Agur, Kharikola!
Esan dutenez, gaur animalia asko ikusiko ditugu bidean. Bi hankakoak eta lau hankakoak.
Aukeran bigarrenak nahiago.
Un paseo con las mulas.
900 mando omen daude Kharikola eta Phakding artean.
10 bat mando daramatza nepaldar xerpa bakoitzak. Butano bonbonak alde banatan.
Zelako pisua.
Pixkanaka goaz aurrera. Harbidean.
Zegamako erromes bidea dirudi.
Gaur bi lagun ingelesekin noa. Improving my English! Charlie eta Graham.
Zelako jatorrak. Pushing hard, ey!
Basatza. Lokatza. Burros y barro. Cococolate (Liherren hizkuntzan)
Arin zoaz, loramen!
Xiummmmm! Ostras! Nepaldar hori.
Motxiladun umea. Baina motxilaren ordez gitarra bat darama! Gora zu. Nepaldar hauek korrika hasten direnean. Sansacabo!
Aurrera noa. Datilak, barrita bat, ura, umeboshi. Aita, lumagorri oilaskoa prestatu ongietorrirako, mese!
Bidean zenbat kultu-elementu: estupak,
mani-wall-ak eta mani-stoneak. Hirurak dira erritu elementu ezagunak Asian. Ehunka ikusi ditugu bidean, nepaldar banderatxoz apainduta.
Namaste! Hara! Baina zer darama zamaketari honek buru-bizkarrean? Mahai erraldoi bat. Eta musika! Nepaldar reggaetoia. Papi papi!
Seguru nepaldar reggaetoiaren letra ez dela espainola bezain matxista eta nazkagarria.
Gaurko etapa rompepiernas.
Gorabeheratsua.
Gaur lodge batean egingo dugu lo. Nepalgo aterpetxe ohikoa.
Ohe bat, dutxa eta jantokia. Hiru egunez kanping dendetan egon ostean, lau izarreko hotela.
Gaur lo asko egin nahi dugu, biharkoa luzeena eta gogorrena izango delako. Baina baita ederrena ere.
Zakuan, lagunek Euskal Herritik bidalitako argazki zoragarriei begira. Aloña elurtuta. Everesten inbidiarik ez.
Mani stone
***
3. etapa
Pungmuche-Kharikola
30 km
2232 m+
3164m-
6 ordu eta 30 minutu
Hola! Kharikola!
Hemen garete, tenplu garai batean.
Gaurkoa brain storming eguna izan da.
Storming batez ere. Gogorra de cullons.
“Aqui ca uno tiene su tactica. Yo si salgo muy rapido exploto. Y si salgo despacio tambien.” Katalanak umoretsu seitzen du.
Aldapan gora vasconum. Atzo baino hobeto.
Oxigeno gehiago.
Lehen jaitsieran galdu.
Lost.
Lost in translation!
Kauen sos. SOS! Katalufoek ez naute entzuten.
Atzera. Namaste!
Bidean naiz berriro.
Ez haserretu loramen. Zu zeu nahasi zara.
Uau! Zelako zubia.
Honelako zubiak behar dira politikagintzan.
Egurrez eginak egonagatik, sendoak eta ausartak.
Himalayan hotel.
Emakume bat orinal batean haurra garbitzen.
Hirugarren mundua hau bada, guk baino osasun hobea dute.
Lasai bizi dira. Lasaitasunean.
Orinalean garbitu.
Arropa garbitu eta zabaldu.
Lurra landu.
Jana prestatu.
Umeak egin.
Arazoak ere izango dituzte, noski. Ez ditut oraingoz ikusi.
Uoooo! Barrikada fest.
Hiru yak bide erdian.
Sorry! Barkatu! Namaste!
Utzi pasatzen!!!!
Nada.
Makil dantzarekin uxatu ditut.
Azken jaitsiera.
Jaitsiera edo... horma bertikal bat!
Zenbat harri. Zelako aldapa.
Eta azken 4 kilometroak goraka.
Mando prozesioa orain.
Ezkerretik aurreratuko zaituztet.
Bale, ez, eskuinetik.
Bale, ez, zuek pasatu eta gero ni.
Hau da hau!
“Aqui hay perros por tos laos. Claro como aqui son sagraos!”
Visca Catalunya.
Eskailera mordoa.
Gaztelugatxen baino gehiago.
Venga, loramen! Iña xaon!
“Cerveza y wifi, felicidad absoluta”
Discrepo catalufo. Putada absoluta.
Lau eguneko uhin garbiketa kakatara.
Baina zelako ederra Euskal Herriarekin hitz egitea.
Gora herria!
***
2. etapa
Dimise/Chorten Dingma-Pungmuche
26 km
1916 m+
1819 m-
5 ordu eta 55 minutu
Zenbat balio du te batek Himalaian?
Ez dauka preziorik.
Everesti begira?
Mila izarren prezioa.
Harrituta nago jendeak zenbat azukre hartzen duen. Gosaltzerakoan bereziki, baina egun osoan oro har. Batzuek barre egiten didate arroza gosaltzen dudalako. Arroza, patata egosiak, arrautzak, fruta eta tea. Nik aspaldi deskubritu nuen azukreak azukre gehiago eskatzen duela, eta ordu batzuk igarota glukosa gorakadak tupustean egiten duela behera. Baina areago doa azukrearen gogoeta egunotan hemen. Oxigeno faltaren eragina irudituko zaie agian askori, baina azukrearen kontsumo neurrigabea globalizazioaren ondorioa dela uste dut, neurri handi batean. Egunerokoan harrituta geratzen naiz haurrek zenbat azukre kontsumitzen duten ikusita. Nola ez dira haur horiek urduri egongo horrenbeste azukre hartuta? Nola ez dute antsietate etengabea sentituko? Hori gutxi ez eta, gurasoek azukredun jakiekin saritzen dituzte, eta frutarekin zigortu. Zerbait gaizki egiten ari gara. Eta hemen, Himalaian, harrituta nago azukrea zein barneratuta daukagun ikusita. Marmelada, nutella, cola cao-a. Eta noski, kafe, te nahiz kafesnea azukrearekin.
Gaurkoa egun polita izan da, baina gogorra ere bai. Hasi orduko 1100 metroko igoera pikoa izan dugu parez pare. Pike Peak gailurreraino igo gara, 4100 metrora. Hasieratik ikusi dut gaur egun luzea izango zela loramenentzat. Goraka beheraka baino hobeto moldatzen banaiz ere, gaur jaitsierak noiz iritsiko desiatzen egon naiz. Garaiera izango da, kilometro falta ere bai, eta atzokoaren nekea. Baina ederra izan da berriz ere Lotse, Makalu, Everest eta gaur, Kangchenjunga ere ikustea. Sinesteko ere! Loramen Himalaian.
Gaur bereziki gogoratu naiz gurasoekin. Neurri handi batean, haiei esker nago ni hemen. Gogoan daukat Pirinioetara egin genuen lehen irteera. Elgoibarko beste hainbat lagunekin. 13 bat urte neuzkala uste dut. Hiru Erregeen Mahaia, Anie eta Txamantxoia igo genituen. Ni obsesionatuta nengoen Anierekin. Euskal Herriko gailurra zen, harrizko piramide zoragarri bat. Gogoan daukat nola garai batez egunero eramaten nuen ohera Pirinioak liburua nirekin. Han bazegoen Anieren argazki bat oso maitea neukana. Harrizko piramide eder bat, ingurua elurtuta. Everest iruditzen zitzaidan. Irteera haien ostean konturatu nintzen mendia nire bizitzan txertatu nahi nuela, edo jada, txertatuta neukala. Gurasoak mendi garaiagoetara joaten hasi ziren pixkanaka, Elgoibarko lagunekin baina gazteegia nintzela esaten zidaten Pirinioetako mendi haietara joateko.
-Aita, oraingoan bai?
-Ez Ainho, oraindik ez.
Haserre, parrandan ateratzen nintzen, etsipena samurtzeko.
Pentsamendu horietan murgilduta iritsi naiz 2. kontrolgunera. Hemendik behera 8 kilometroko jaitsiera amaigabea. Espainiar bikote bat harrapatu dut beherakoan:
-Hola Ainhoa! Como vas?
-Muy bien. Despacio pero bien. Vosotros?
-Pues hemos pasado mucha hambre.
-Tengo huevos cocidos. Quereis?
-Yo si que tengo los huevos cocidos!
Barre artean agurtu dugu elkar. Handik gutxira, argentinar bat harrapatu dut.
-Hola! Sabes cuanto falta?
-Hay linda, no xevo el reló. Pero quedaran, uno 7 u 8 kilometro. O quiza 9, o quiza 10.
-Gracia boludo!
Neure baitan barrez jarraitu dut aurrera. Ezin dut korrika egin, izter barnealdeetan karranpa zantzuak sumatzen ditut. Baina alai noa beheraka. Bihar ez dakit zer gertatuko den, baina gaurkoa bai, gaurkoa amaituko duzu, loramen!
6 ordu baino pare bat minutu gutxiago. Hau da martxa! Dutxatu, bazkaldu, lagunekin hitz egin eta siestatxoa. Gogorra izan da gaurkoa. Baina oso ederra. Batetik ikuspegia zoragarria izan delako. Bestetik, ordu asko egin ditudalako bakarrik mendian. Bakarrik! Pike Peak-etik aurrerako bide osoa, 4 bat ordu, loramenekin. Menditerapia izango zela esan nion Urko lagunari. Ni nirekin. Eta pentsatu dut, azukrea alboratzea bezala, denok beharko genukeela, tarteka, honelako aste bat. Oinarrizko beharrak aseta, ordu asko burua eta gorputza mugara eramatea. Erosotasun etengabean bizi gara, eta erosotasun horretatik ateratzeak ezin konta ahala onura dakartza. Hemen ez dago ez autorik, ez telefonorik, ez telebistarik ez ezer. Hemen mendia dago, jana, edana, eta lagunak. Buruak pentsatzera eramaten zaitu askotan: etxeko gastuak, familiako giroa, lagunen bizimodua. Baina segundo gutxiren buruan halabeharrez alboratzen dituzu denak. Hemen eta orain ez bazaude litekeena delako harriren batekin estropezu egin eta erortzea. Edo bestela, ohartzen zarelako zeure burua zigortzeko baino ez dutela balio pentsamenduok. Ezin duzulako ezer egin, ez zaudelako han. On egiten dit erosotasun egoeratik atera eta burua eta gorputza mugara eramateak: jan eta edateaz arduratu, pausoak ondo emateaz kezkatu. Beste ezer ez. Tarteka pentsamendu baikorrek alaitzen dituzte ordu luzeak: Liherrekin marrazkiak egiteko desiatzen nagoela ohartu naiz. Halakoek alaitu egiten dute arima. Baina alde biko txanpona da hori. Gizakion galbidea: unea bizi ordez, non zangoa han gogoa eduki ordez, ez zauden lekura eta unera eramatea pentsamendua. Gorputza bezala entrenatu behar baita burua ere. Eta nekez ohartuko gara horretaz telebistari begira bagaude, edo Interneti begira.
Honaino iritsi bazara, ez egin kasu handirik. Gogoratu, ohi baino oxigeno gutxiagorekin ari naizela idazten. Arratsaldeko 18:30 dira. Banoa lagunekin afaltzera. Planazo! Eta ondoren lotara. Portzierto, prentsa arduradunaren bitartez jakin dugu Pedruskok irabazi dituela bozak berriro, baina eskuin muturrak beldurgarriki egin duela gora. Riveraren dimisioa Nepaleraino ere iritsi da, eta ospatzen ari dira taldeko xerpa sukaldariak: gaur zopa eta arroza afaltzeko.
***
1. etapa
Patale-Dimise/Chorten Dingma
25 km
1877 m+
1748 m-
4 ordu eta 23 minutu
Izugarri maite zaitut, Karakate, baina esnatu eta Lotse, Makalu eta Everest ikusteak ez dauka parekorik. Goizeko 06:00etan jaikitzea sekula ez da horren eramangarria izan. Gosaldu, jan-edana hartu, motxilak atondu, eta prest gaude. Zer egiten duzu hemen, loramen? Irteera uneko betiko urduritasun eta zalantzak. Atzera kontaketaren ostean korrika hasteko gogorik ez badaukat, zer egingo dut? Burua da Ainho. Hala esango lidake ahizpak.
Hasi orduko nabaritu dut bizkarreko pisua. Ez gaude ohituta horrelako pisuarekin ibiltzen. Are gutxiago korrika egiten. 4,9 kilo pisatu du nire motxilak kontrolean. Gehitu 2 litro ur. Lihertxo bizkarrean eramatearen parekoa.
Lehen aldapan arnasestua nabaritu dut, baina berehala iritsi gara herrixka txiki batera. Nepaldarrak ez dira euskaldunak bezain sutsuak animoak ematen. Zeharka eta lotsatuta begiratzen digute. Edo agian barreka ari zaizkigu: nora doaz zoro hauek? Arrazoi osoa dute. Ez gara benetako mendizaleak. Benetako mendizaleak euren herrixkak bisitatuko lituzke, haiekin lasai hitz egin, eta argazkiren bat atera. Horren ordez, “namaste!” azkar bat bota eta aurrera goaz, zerbaitek ihes egingo baligu bezala.
Gero eta gutxiago gustatzen zait mendian korri egitea. Lotsa sentitzen dut, eta barregarri sentitzen naiz. Baina, aldi berean, gero eta gehiago gustatzen zait mendian ibiltzea, eta ahal dela, arin. Osasuntsu sentiarazten nau. Izerdiak usain hobea dauka mendian gimnasioan baino. Ikerketa batean irakurri nuen sistema inmunologikoa indartu egiten dela naturan ariketa fisikoa egiterakoan. Beti gogoratzen dut hori mendian nagoenean. Mendiko hotza eta kalekoa ere ez dira berdinak. Triste zaudenean sentitzen duzun hotza eta mendikoa ere ez. Kalean zaudenean, edo triste sentitzen zarenean, hotza hezurretaraino sartzen zaizu. Mendian zaudenean, hotzak uzkurtu egiten zaitu, baina behartu egiten du gorputza berotzeko mekanismoak aktibatzera. Eta horrek indartu egiten zaitu. Beroarekin ere gauza bera gertatzen da. Autoan noanean askotan sortzen zaizkidan beroa eta izerdia likatsuak dira. Mendiko beroa eta sargoria ederrak dira. Gorputza behartzen dute freskatze mekanismoak aktibatzera.
Pentsamendu horietan murgilduta noala iritsi naiz 2. kilometrora. Eta plast! Txorkatila bihurritu dut. “El dolor solo es eso, dolor”. Kiliani irakurri nion, liburuetako batean. Eta segi aurrera. Baso-bide busti eta hezean behera goaz, adi eta tentuz. Korrika txikian. Eta 8. Kilometroan berriz ere txorkatila. Bihar agian bendajea. Ondo zoaz, loramen! Eta Nuria ere zoragarri doa, indartsu aurrealdean. Zelako poza! Lagun berriak berehala egiten ari naizen sentsazioa daukat, eta zoragarria da hori.
Berriz agertu zaigu Lotse parean. Mendizale askoren hatsa etorri zait sudurrera. Euskaldunena, noski, baina bereziki Ueli Steck daukat gaur buruan. Haren indarra betiko izango da Lotse-Nuptsen.
Lehenengo kontrola igarota, yak-ak zaintzen ari den nepaldar baserritar batekin egin dugu topo. Namaste! “Busco a yaks” esan du katalanak umoretsu. Barrezka goaz bidean aurrera. Ederra da hau! Erlojuari begiratu diot. Goiz da Euskal Herrian, Liherrek lo behar du oraindik. Bigarren kontrolera iritsi gara. 17. kilometro eginda. Aupa, loramen! Zuregatik eta Euskal Herrian babesa ematen ari zaizkizun guztiengatik, aurrera!
Zer emaitza lortuko ote genuen atzoko hauteskundeetan? Gora herria! Seguru indartsu atera garela orain ere. Hara! Beste nepaldar baserritar bat. Zer dio? Hortik? Baina markak? There is no mark anywhere! Help me, please! Aurrean jarri zait korrika, eta jarraitzeko esan dit. Ostia, galdu egin zara, loramen! Nora narama? Abereak utzi eta korrika, adarrez beteriko zelai narratsean behera. Nepalgo Cocodrilo dundie da! Zelako labana daukan gerriko uhalean. Eta berehala berbideratu nau. Eskerrik asko! “Danyabad!”
Joder, loramen, behin eta berriz esan digute adi joateko, lasterketa honetako gauzarik zailena markei ondo jarraitzea dela. Lau begi behar dira hemen ez galtzeko! Ez zait berriz gertatuko. Baina esan digute, halaber, oso marka gutxi aurkituko ditugula. Umorea amildu egin zait apur bat. Atzetik neuzkan kideak harrapatu ditut eta nekea areagotzen ari zait. Behin eta berriz sortzen zaizkit zalantzak bidegurutzeetan. Erlojuari begiratzen diot eta 22 kilometro egin ditudala esaten dit, baina zenbat kilometro nahasi naiz? Horren arabera, zenbat luzatuko zait gaurko etapa?
Azken aldapa gogorra da, baina goian ikusten ditut kanpin dendak eta alaitu egin naiz. Oso poliki noa, baina banoa. Lehen etapa amaitzear, loramen! Helmuga igarotzean zain daukat Jordi, lasterketaren zuzendaria: “Muy bien, Ainhoa! Has terminado la etapa más facil y la más fea!” Joder, eskerrik asko. Zatarrena hau izan bada, malko asko isuriko ditut bihartik aurrera. Baina errezena hau izan bada, majo sufrituko duzu oraindik, loramen!
Baina helmugako opariek dena edo ia dena sendatzen dute. Baldekada bat ur bero, munduko dutxarik onena bihurtu da. Arroza, patata egosiak, tea eta zopa. Bi platerkada jan ditut. Inguruko katalanak harrituta daude: ”Es que esta es vasca!” Esan diot aitarengatik jaten dudala horrenbeste, badakidalako horrek kezkatzen duela mendira noanero. Hala ere, kontsumoaren balantzari egur pixka bat eman diogu gaur, ariketa fisikoarenari, bai bederen ;-)
Orain, time to rest! Eta lagun berriekin barre egin. Barre asko. Nork esango zidan niri, Dimisen egongo nintzela artikulu hau idazten. Nepalen, 2900 metrora. Liher jolasten egongo da ikastolan, lankide-lagunak lanean, gurasoak eguneroko zereginetan. Eta zu hemen, loramen. Hau irakurrita, lagun batek baino gehiagok hau pentsatuko du: “gracias, ahora vuelvo a mi vida de mierda”.
Beste te bat hartzera noa, eta azken korrikalariari txalo egitera. Nepaldar behi beltzaran batek alderik alde oztopatzen du helmuga oraintxe bertan. Orain eta hemen, Himalaian. Orain eta hemen, nekea, mendia, eta zoriontasuna, besterik ez. Hemen ez dago arazorik.
*****
Norekin zoaz Nepalera, Ainho? Loramenekin eta loramenegaz. Eta zurekin Jani, eta zurekin Maite. Liherrekin, ahizpa eta gurasoekin. Jose, Gotzon, Urko eta lankide-lagunekin. Jaio eta Amaiarekin. Gasteizko lagunarekin, Zarauzkoarekin, Bilbo, Tolosa eta Bergarakoekin. Euskal Herriko mendizale guztiekin noa. Ondo egongo naiz.
Eta horrela iritsi da loramen Nepalera. Nepal! Nork esango zidan halako goiz iritsiko nintzenik hona. Kathmanduko kaosa ez zait horren harrigarria egin. Agian orain bi hilabete Moshin (Tanzanian) antzeko egoera ikusi nuelako. Legerik gabeko zebrabideak. Autoak ezker-eskuin. Motoak. Jendea hara eta hona. Zernahi noiznahi topa liteke lekuotan: ile-apaindegiak 24 orduz zabalik. Soinean orotariko salgaiak daramatzaten emakumeak. Jana han eta hemen. Banbuzko andamio ahulekin eraikitako eraikinak. Eta kutsadura. Hong Konen egon ginenekoa gogoratzen dit kalimak. Irudi du paisaia zikin dagoela. Marihuana erretzailez josirik dagoen taberna batean sartzen zarenean bezala: hodei laino sare etengabe bat.
Tximinoak, zakurrak, tenpluak, intsentsua eta kandelak. Eta ikurrinak. 5 elementuak oroitarazten dituzten nepaldar ikurrinak, alderik alde: sua, ura, lurra, airea eta zerua. Espezie usaina, arroza, dalmat-a eta tea. Kathmandun ongi bizi liteke. Irudi du bat-batean iritsi zaiela modernizazioa, eta ezin irentsi ari direla. Baina ari dira. Herrialde txiroa, baina coca-cola nonahi. Garagardoa ere bai: namaste.
Bi egun daramatzagu Kathmandun. Turismeoan. Gogorra da turismeoa. Niri lagun askok esaten didate mendiak igo eta jaistea gogorra dela. Gogorragoa da niretzat hara eta hona ibiltzea, norabide jakinik gabe, lo gutxi eginda, asko janez, eta egun osoan neke sentsazio etengabearekin. Baina horrela behar du, eta horrela ari gara. Egunotan kilo eta erdi edo gizendu naizela uste dut. Zergatik? Hauek dira egunotako energia gastua eta energia kontsumoa:
-Jan: %100
-Edan (ura): %100
-Lo: %50
-Ariketa fisikoa: %0
-Sexua: %0
Emaitza bistakoa da: positibo!!!!
Gogotsu nago mendiak ikusteko, baina aldi berean, ardura puntu bat ere badaukat. Datorkiguna handia den sentsazioa daukat.
10 orduko bidaia egin dugu autobusean, mendien magalera iristeko. Lo asko egin dut. Bai, mendi bide gorabeheratsu eta malkartsuetan joan da autokarra, eta ni, lo. Trakzioa, nahitaez, lau gurpilekoa. Errekak zeharkatu ditugu, amildegiak ezker-eskuin utzi. Jendeak oihu egin du tarteka. Beldurtuta. Nik ametsetan entzun ditut. Oso lasai noa. Ez da bidaia erosoa, baina bai oso autentikoa, oso nepaldarra, oso mendikoa.
“Al conductor habra que darle propina!” Atzeko eserlekuan doan katalanak bete-betean asmatu du. Trebezia behar da gero honelako bideetan 10 orduz gidatzeko. Leihoa zabaldu du eta kontrako noranzkoan datorkigun kamioia ukitu du. Atera kontuak nolako gertu igarotzen zaizkigun ibilgailuak, eta atera kontuak zein estuak diren mendi-bideok.
Iritsi gara kanpalekura. Hemengo airea eta Kathmandukoa ez dira berdinak. 4 egunean lehen aldiz jantzi ditut praka luzeak, lumadun jaka ere bai. 4 izarreko komuna daukagu kanpalekuan: kanpin denda batean ezkutatutako zulo bat zoruan. Ez dugu gehiago behar. Zakuan sartu eta oinak izoztuta dauzkat. Sentsazio zoragarria! Hauxe da mendian egotea.
Everest Trail Race