Páginas

lunes, 4 de marzo de 2019

Ronglet (2.180 m): ipar-mendebaldeko korridoretaik, 450 m, AD-

Frantziako Aspe bailaran bada Ronglet izeneko mendi bat. Askorentzat, guri gertatu zitzaigun moduan, ez da ezaguna izango baina ziur naiz behin ikusi ondoren ez dela sekula ahaztuko.

Mendi honek Pirinioetan hiru mila metroen azpitik zer deskubritu badagoela baieztatzen du. Gandor estu eta ikusgarri batez lotutako bi gailurrez osatua dago eta estetikoki mendi ederra da, ipar-horma bertikal eta ikusgarria duena.

Negua iritsi eta bazterrak zuritzen dituenean bi dira biderik errepikatuenak: ipar-ekialdeko korridorea (300 m, AD+) eta ipar-mendebaldekoa (450 m, AD-), kronika honetan azalduko dudana hain zuzen ere.

Ronglet eta Pic D'Anchet (eskuinean ikusten den punta elurtua) Accous herritik ikusita, ikusgarriak benetan!!! Ronglet-en ezkerreko horma ipar-horma da.


IBILBIDEA

Ibilbidea Accous herritik gora dagoen aparkalekuan hasi genuen (860 m), Torrent D’Araille errekak pista mozten duen lekuan hain zuzen ere.

Torrent D’Araille errekaren harrien gainetik kontu handiz salto eginez zeharkatu eta 20-25 metro inguru ibili ondoren argibide-poste batera iritsiko gara, “Col d’Iseye” lepora doan bidea hartu eta pagadian sartuz. Erreka gure ezkerrean dugula pagadian gora doan bide malkartsu bat zetak eginez igoko dugu basoa atzean utzi arte.

"Col d.'Iseye"-ra doan bidegurutzeko argibide-postean elurretako erraketak jartzen.


Pagadia atzean utzita, elurroldeen menpean gelditutako mendi-hegal bat zeharkatu ondoren errekasto bat zeharkatu eta, Lapassa etxola (1.236 m) 50 metro inguru eskuinean utziz, Rongleten ipar-hormaren azpiko pagadi txikira zuzenduko gara.

Pagadira hurbiltzen. Rongleteko ipar horma parez-pare. Ez al da erakargarria?


Pagadia zeharkatu eta ipar-horma ezkerrean utziz pixkanaka hego-mendebaldera zeharkaldi bat eginez hasiko gara altuera irabazi eta korridorearen hasierara zuzenduz.

Korridorearen oinera iristen.


Korridorea eskalatu (zailtasun bakarrak 55 gradu inguruko 8-10 metroetako irtenguenea izan zen) eta, II zailtasuneko gandorraren ertzetik 15 metro inguru egin ondoren, hiru paraboltez osatutako rappel puntura iritsiko gara.

8-10 metroetako irtengunean, izotzezko geruza nabaria da.


Korridoreari metroak janez.


Amaiera begi-bistan.


60 metroetako rappel bat eginez Rongleten hego horma jaitsi eta ipar-mendebaldera joz Ronglet lepora (1.839 m) zuzenduko gara, bertatik iparraldera pasa eta, ipar-ekialderako noranzkoan, berriro ere igoerako ibilbidearekin bat eginez.

Rappel egiten.


Rappel egin ondorengo elur-palan behera.


Korridorera berriro ere hurbiltzen...


Lapassa etxolak neguan 4-5 pertsonek lo egiteko leku ireki bat dauka, baita tximinia, mahaia eta harraska ere. Aukeran, bezperan hona igo eta bertan lo eginez ibilaldia gozoagoa egin daiteke.

Lapassa etxolan.


IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Ibilbidearen luzera: 13,5 kilometro eskas.
- Korridorearen luzera: 450 m.
- Nork irekia: Yves Darcorut 1968ko apirilan.
- Punturik baxuena: Accous herriaren gainean Torrent D’Araille errekaren ondoko aparkalekua, 860 metro.
- Punturik altuena: Ronglet, 2.180 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 1.600 metro inguru.
- Igotako mendiak: 1.
- Ura: Accous herriaren erdiko plazan iturri bat dago. Lapassa etxolara iritsi aurretik errekasto bat ere dugu.
- Zailtasuna: AD-. Zailtasun osoa korridorean dagoen 8-10 metro inguruko irtengunea eskalatzean datza. Irtengunea estalia egonez gero 55 gradu inguru ditu. Elur gutxiagorekin III zailtasunaren baitan egoten da. Irtengune honetaz aparte, korridoreak 45-50 gradu inguruan mantentzen da.
- Jaitsiera: Sokada bakarra bagara eta korridorea egoera onean badago bertatik jaitsi daiteke. Aukerarik ohikoena korridorearen irteeratik eskuinera gandor estu eta ageriko baten ertzetik 15 metro inguru ibili (II) eta hiru paraboltez osatutako bilgunera iritsiko gara. Bertatik, hego horman behera 60 metroetako rappel batekin elurreraino iritsi gaitezke. Elurra beherago badago edo 60 metroetako sokarik ez badugu, tartean soka zahar batekin muntatutako bigarren rappel bat egin daiteke. Hirugarren rappel puntu bat ere badago baina guk ez genuen ikusi. Rappela egiterakoan kontu handiz ibili behar da harri asko botatzen baitira. Hirugarren aukera rappel eginez jaisten den horma eskuak erabiliz jaistea izango litzateke, nahiz eta bertako harri askeekin kontu handiz ibili beharko dugu. Hego-horma jaitsita, Ronglet lepora (1.839 m) jeitsi eta hemendik ipar hormara pasatuz berriro ere igoerako bidearekin bat egingo dugu.
- Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, Lincam eta artaka-trabagailu jokoa, hiru iltze, hiru izotz-torloju, bi elur-hesola, dozena erdi bat express-zinta eta zinta-uztai batzuk. Nahiz eta material hau guztia eraman rappela egiteko sokak bakarrik erabili genituen.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: Zortzi ordu, lasai joanda eta atseden eta hamaiketarako uneak ere zenbatuz. Denbora orientagarriak atsedenik gabe:
  • Aparkalekua (860 m) – Lapassa etxola (1.236 m): ordu eta berrogei minutu.
  • Lapassa etxola (1.236 m) – korridorearen hasiera (1.600 m inguru): ordu eta hamar minutu.
  • Korridorearen eskalada (500 m+): ordu eta erdi.
  • Korridorearen amaieratik (2.100 m inguru) – Ronglet lepora (1.839 m): 40 minutu.
  • Ronglet lepoa )1.839 m) – Lapassa etxola (1.236 m): Berrogeita hamabost minutu.
  • Lapassa etxola (1.236 m) – aparkalekua (860 m): ordubete eskas.

Ibilbidearen nondik norakoak, puntu zuriz hurbilketa, gorriz aldiz korridorea.


Krokisa zehatzago.




Ibilbidea deskargatzeko edota informazio eta argazki gehiagorako: http://www.smithyrenbloga.com/2019/02/ronglet-2180-m-ipar-mendebaldeko.html

No hay comentarios:

Publicar un comentario