Páginas

jueves, 19 de abril de 2018

Jentilen labea, harria eta galtzada



Jentilen labea, harria eta galtzada

Elezaharrek diotenez, Ausagaztelu jentilen bizilekua izan omen zen, baina gaur egun ezagunagoa da Nafarroako erresuma defendatu zuen gotorleku gisa. Antzina, artzainen bizilekua izan zela baiezta genezake, Oria ibaiaren ibarretatik Ataun aldeko mendietarainoko ibilbidea egin ohi zuten artzainek ederki ezagutzen baitzuten igarobide natural hau. Aralarko udako larre tokiak eta kostaldeko neguko larreak lotzen zituen (GR 35) transhumantzia bide honek, Enirioko galtzada ezaguna zeharkatzen du.  

Zaldibiatik Olakosai atsedenlekura (Akapulko izenez ere ezaguna) igo gara eta bertan dagoen aparkalekuan autoa utzi eta gero, ur biltegietara doan errepidean barrena bete ditugu lehen metroak. Asfaltatutako bidea amaitzean, GR 35ari dagozkion bide-seinale zurigorriek erakutsi digute hartu beharreko bide zuzena eta horrela, lauza handiz osatutako antzinako Enirioko galtzadan murgildu gara. Gaintzolako iturria atzean utzi eta Aitzarteko pasora heltzean marka zurigorriak utzi eta PR GI-61arenak (zuri eta horiak) jarraitu ditugu. Malda gogortzen hasi denerako Almitzetako borden ondora iritsi gara. Errekontako lepora zuzentzen den xenda utzi eta larre berdeak zeharkatuz, ezker aldetik Ausokoegiko bordetara heldu gara. Gertu ikusi dugu gailurra eta inguratzen gaituen paisaiaz gozatuz erraz lortu dugu 900 metroko altuera duen Ausagaztelura igotzea.
Izena, artzain eta ganaduzaleentzat bide nagusia zen Enirioko galtzada babestea helburua zuen gaztelu batetik datorkio. Galtzada honek, Goierri eskualdea eta Irurtzun herria lotzen zituen eta gaur egun oraindik gaztelua izandakoaren aurriak ikus daitezke. Gazteluaren goiko aldean eta dorre nagusian 1999az geroztik indusketa lanak egin dira eta dirudienez, harresiak eta dorre nagusi batek osatzen zuten egitura nagusia. Gailurretik gertu, zulo bat dago eta elezaharrak dioenez, Ausagaztelu jentilen bizilekua izan omen zen, horregatik jentil zulo edo jentilen labea bezala ere ezaguna da.
Talai paregabe honetatik dagoen ikuspegiaz gozatu eta gero, Errekonta aldera zuzentzen den xendatik jaisten hasi gara lepoan Larraitzetik datorren bidearekin bat eginez. Ataburu aldera doan malda eta belarrezko tapiza zapalduz Enirioko lurretara jaitsi gara. Enirioko lurretan, hasieran utzi dugun transhumantziaren bidearekin (GR-35) egin dugu topo berriro. Aralarko ingurune paregabe honek historia luze eta interesgarria du. Euskal Herriko mankomunitaterik zaharrena dela esan daiteke, dagoeneko 600 urteko historia luzea baitu. Mankomunitate horren helburua Enirio-Aralarko mendien kudeaketaz arduratzea da, mendiguneen ustiapen kolektiborako moduaren azken lekukoenetako bat dugu. Abiapuntura itzuli aurretik kilometro eskas batera dagoen Jentilarriko trikuharri ezaguna bisitatzea erabaki dugu. Trikuharria, albo banatan lerrokatutako harriez osatuta dago eta gainean, sabai modura harri  handiena. Trikuharri honen inguruan ere bada beste elezahar bat dioena Kixmi bezala ezagutzen zuten Jesusen jaiotzaren berri izatean, geratzen ziren jentil asko trikuharri honen azpian gorde omen ziren, euren garaiaren amaiera iritsia zela jakinik. Nonbait hau izan zen jentilen heriotza lekua.
Jentilen “Labea” eta “Harria” atzean utzi ditugu eta orain Jentilen “Galtzada” izan zenaren bila abiatu gara. Etorritako bidetik atzera egin dugu eta bide-seinale zurigorriek erakutsi diguten norabidean galtzada zaharraren arrastoen bila jaisten hasi gara. Galtzadaren parterik handiena nahikoa hondatuta badago ere, pagadi batean txertaturik dauden zenbait tartetan ageri diren harlauza handiek erakutsi digute haren jatorrizko itxura. Jentil indartsuek eramandako harriekin egina omen den galtzadak abiapunturaino eraman gaitu. Atzean utzi ditugu jentilen kondairak, euskal mitologiako izaki erraldoi eta indartsuek Aralarko paraje hauetan bizi izan zireneko elezaharrak. 
Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko
Klikatu hemen 3D (doarama)  deskargatzeko
Klikatu hemen TRAKA (mugibili)  deskargatzeko: 
http://mugibili.euskadi.eus/mugibili/view.do?id=62014
Klikatu hemen TRAKA (wikiloc)  deskargatzeko:






No hay comentarios:

Publicar un comentario