Páginas

lunes, 30 de enero de 2017

Aizkorri, Kanalaundiren ezkerreko adarretik, "Hirugurutzeta" irteera, 400 m, D.

Duela asteburu bat Aizkorrin azken urteotako elurrik gogorrena topatu genuen eta, noski, elur hau ahal zen guztia aprobetxatu beharra genuen, etorkizunik izango ez balitz bezala, jejeje.
Buruan aspalditik nenbilen proiektu bat burura etorri zitzaidan: eta Kanalaundiren ezker adarraren gainean dagoen irteera eskalatzen badugu?

Duela hiru urte anaia eta biok irteera hau eskalatzera joan baina izugarrizko hodeitza sartu, dena estali, eta irteera hau eskalatzen ari ginelakoan honen ezkerretik (Zegamatik begiratuta) doan beste irteera bat eskalatu genuen. Oraingoan aldiz, eguerdira arte eguraldi garbia iragarrita zegoen, beraz ez genuen hodeien arazorik izango, eta gainera elurra zegoen bezala egonda ezin genuen aukera hau aprobetxatu gabe utzi.

JARRAITUTAKO BIDEA

Bidearen deskribapenarekin jarraitu aurretik, beti bezala esan "Hirugurutzeta" izena guk asmatua dela guk erreferentzi bezala erabili ahal izateko. Irteera bere izen propioa izan dezakeela (ez dugu inon topatu) kontutan izanda, argi utzi nahi dut gure asmoa ez dela urteetan jarraitu diren kanalen irteerei izena aldatu eta gure modura batailatzea.

Jarraitu genuen bidea egun oskarbia izanez gero oso nabaria da: Kanalaundi Zuzenean sartu eta kanalak duen ezker adarra amaiera arte jarraitzea "besterik" ez da. Igoera basotik ahalik eta gertuen egiten bada bertan topatuko ditugu ibilbidearen erresalterik "interesgarrienak", jejeje.

Kanalaundiren ezker adarrean bi erresalte topatu genituen: lehenengoa 5 metro ingurukoa baina lehen metroak tenteak (65º ingurukoa) zituena, eta bigarrena lehenengoa baino luzeagoa (6 metro inguru) baina baita etzanagoa (55º inguru) ere. Bi erresalte hauek eskalatu ondoren harkaitz batzuek osatzen duten pinakulu txiki itsurako baten gailurrera iritsi ginen.

Pinakuluaren gainean eta eskuinean (15-20 metroetara) bi harkaitzen artean doan erresaltera zuzendu eta zailtasunik gabe eskalatu genuen. Igoeran eskalatutako hirugarren erresalte honek 10 metro inguru eta 55º inguru izango ditu.

Erresalte honetatik "Hirugurutzeta" irteera parez-pare topatu genuen. Irteeraren oinara iristeko 50º inguruko elur malda igo eta tartean dagoen harkaitz adierazgarri bat eskuinetik inguratu genuen.

Irteera eskalatzeko 28 metro inguruko soka-luze bat egin genuen irteeraren sarreratik 4 metro ezkerrago elur errimaiaren azpian topatu genuen iltze bat "0 bilgunea" muntatzeko aprobetxatuz. Irteerak bertikalean 13-15 metro inguru izango ditu eta hiru zatitan banatu daiteke: Hasteko, diagonalean ezker-eskuineko 4-5 metroetako ageriko zeharkaldia egin genuen. Zeharkaldi hau friend-ekin ondo babestu daiteke. Zeharkaldiaren amaieran, metro pare bat inguruko eskaladatxo bertikala egin eta, eskuin-ezkerreko 3 metro inguruko bigarren zeharkaldia egin genuen irteeraren hormaren azpira iritsiz. Bigarren zeharkaldi hau babestea zailagoa da eta guk honen amaieran friend bakarra jartzeko aukera bakarra ikusi genuen.

Azken hormak 3-4 metro inguru izango ditu eta bertikala da oso (90º), zertxobait atzera egiten duela ere esango nuke. Gu, eta hau harrigarria bada ere, izotzaz estalita topatu eta zuzen eskalatu genuen. Pena izotz torloju bat eraman ez izana hormak babesteko aukerarik ez dauka eta. Aizkorriko ohiko elur bigunarekin ez dakit horma honen zailtasuna zenbatekoa izango den, baina oso zaila izango delakoan nago eta baliteke hemen deskribatutakoa balio handirik ez izatea.

Horma eskalatuta irteera 45-50º ingurura "etzan" eta bertatik 10-15 metro ingurura eskuineko harkaitz-zubidun harkaitz batean bilgunea muntatu genuen. Goian esan bezala soka-luze hau 28 metroetakoa egin genuen.

Bilgunetik gora, malda 45-50º gradu inguruan mantentzen da eta zailtasunik gabe Otzaurte eta Arabatik Aizkorrira doan ohiko bidearekin bat egingo dugu, hiru gurutz txiki dauden lekura hain zuzen ere, hortik irteeraren izena.

Behin Aizkorriko ohiko bidean, aterpean atsedena hartu eta kotxea utzitako lekura itzultzeko Kanalaundi Zuzenetik jaitsi ginen.

Jarraitutako bidea, gorriz igoerakoa eta beltzez jaitsierakoa. Karratuan irteera non dagoen ikusi daiteke.


Irteera gertuago. Krokisa eta guk jarraitutako bidea. 0 Bilgunean iltze bat jarrita dago.


ERAMANDAKO MATERIALA

Irteera honetarako eskaladarako materiala eraman genuen: 30 metroetako bi soka, Alien eta Lincam jokua, bi iltze, zinta edo baga batzuk, 5 express zinta, arnesa, piolet teknikoak, kranpoiak eta kaskoa.



Informazio eta argazki gehiagorako: http://www.smithyrenbloga.com/2017/01/aizkorri-kanalaundiren-ezker-adarretik.html

No hay comentarios:

Publicar un comentario