Kronikatxo honetan azaltzen den igoera Piriniotako klasiko bat da, klasikoa bezain gogorra, ibilbidean metatutako 1.800 metre baino gehiago igo beharko ditugu eta. Estaube edota Espuguettes-etik aterata Tucarroyako aterpetik pasatuz doazen ibilbideekin batera, hau da ohiko hirugarren ibilbidea, beharbada hiruetatik teknikoki errazena.
Astazouak Gavarnietik, hemendik benetan ikusgarriak dira.
Ibilbidea modu honetan antolatu genuen: ostiralean Pinetako aterpean lo egin eta larunbatean bi Astazouak Pinetatik doan ohiko bidetik igo.
JARRAITUTAKO IBILBIDEA
Esan bezala, Astazouak Pinetatik doan ohiko bidetik igo genituen. Honetarako, Pinetatik Pinetako balkoira igo, eta hemendik, mendebalde ipar-mendebalde norabidea jarraitu genuen Marbore lakua atzean utziz. Grand Astazoura, Swan lepora zuzen doan kanal bat igo eta hemendik ertza jarraituz igo ginen. Petit Astazoura igotzeko aldiz, bi Astazouak lotzen dituen ertza jarraitu genuen.
Amaitzeko, Petit Astazoutik Astazou lepora jaitsi eta hemendik berriro ere igoerako bidearekin bat egin genuen.
IBILBIDEAREN DATU BATZUK
- Luzera: 22 kilometro.
- Punturik baxuena: Pineta, 1.285 metro.
- Punturik altuena: Grand Astazou, 3.071 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 1.875 metro.
- Igotako mendiak: 2.
- Ura: Ibilbidean bi iturri topatu genituen, lehena Pinetatik gora doan pista itsurako bidean eta bigarrena aska batean. Dena den, bidean topatuko ditugun errekatxoetan ura hartzeko aukera izango dugu.
- Zailtasuna: Gailurren arteko ertzak kontuz ibiltzea eskatzen du, batez ere elurrarekin badago. Ez da ertza zail bat eta IIko pausu isolatuak ditu, batez ere Grand Astazoura doan ertzan, baina Gavarnie aldera dagoen erorketa bertikala da. Guk ertza osoa mistoan topatu genuen eta Petit Astazoura doan ertza Grand Astazoura doana baino errazagoa iruditu zitzaigun. Elurrik gabe ez dakit zein zailtasun izango duen.
- Eramandako material teknikoa: Kranpoiak eta pioleta. Ibilbidea udan elurrik gabe egin daiteke baina guk egin genuenean ez dut uste kranpoi eta pioletik gabe igotzerik izango genuenik.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: Zortzi ordu eta berrogeita bost minutu, atsedenaldiak kontutan izanda.
Informazio, ibilbidea deskargatu eta argazki gehiagorako: http://www.smithyrenbloga.com/2016/11/grand-astazou-371-metro-eta-petit.html?m=1
No hay comentarios:
Publicar un comentario