Páginas

jueves, 1 de enero de 2026

Adarra 2026

Powered by Wikiloc

 



Adarra mendia Urumea eta Leitzaran ibaien arroak banatzen dituen lehen tontor garrantzitsua da, Adarra-Mandoegi mendilerroaren mendebaldeko azken gailurra. Bere inguruan makina bat aztarna arkeologiko aurkitu izan dira eta horiek erakusten dute, historiaurretik gizakia bertan bizi izan dela. Gaur egun ere mendizale andana gerturatzen da bere tontorrera igotzeko, erakarpen berezia du, batik bat Urtatsean, Urteberriko lehen egunean mendizale asko egunsentia bertatik ikustera igotzen direnean. Antxon Iturriza idazleak, bere ·Historia testimonial del montañismo vasco” liburuetan jasota du, 1924an Fortunako bazkideek ohitura hori erabiltzen zutela, hots, tradizio hori Adarra mendian sortu zela.

 




Tontorrera igotzeko biderik erabiliena eta motzena Besabitik ateratzen dena da, baina bada beste bat geroz eta mendizale gehiagok erabiltzen dutena, Leitzarango haranetik abiatzen dena hain zuzen ere. Otietako Leitzaran Ibaiko bisitarien zentroaren goi aldean dagoen aparkalekutik abiatuko gara Plazaolako Tren-txikiaren arrastoan. XX. mendean martxan jarri zuten trenbide hau hasieran mineralak garraiatzeko erabili bazuten ere, gerora bidaiariak garraiatzeri ekin zion. 1953. urtean gertatu ziren uholdeen ondorioz, tunelak, zubiak eta abar suntsitu ondoren, trenaren azkena izan zen.

 




Aparkalekutik eskuinerantz joko dugu, Plazaolaren ibilbide zaharretik. 250 metro egin ondoren, basoko pista batera iritsiko gara, ezkerrera, eta handik igoko gara (Munttoko bidea). Pista hau gurdibide harriztatu zahar bat zen, eta Bistaeder baserrira sartu aurretik hasten da. Pista zabal eta nabarmenetik igoko gara beti, desbideratzeei kasurik egin gabe. Langa batetik igaro eta Idoiagako bordetara iritsiko gara. Ezkerrera doan pistatik jarraituko dugu, eta beste langa bat zeharkatuko dugu.

 




200 metro geroago, pista utzi eta ezkerrera dagoen bidezidor batetik igoko gara, Munttoko bidegurutzeraino. Bidegurutze horren ondoan monumentu megalitiko bat dago, Munttoko zista izenekoa. Hilobi-monumentu txiki bat da, trikuharria baino txikiagoa, bertikalean jarritako lau harlauzek eta estalki gisako bosgarren batek ixten duten kutxa modukoa. Hildakoen gorpuak eta horien errautsak biltzen zituzten.

 




Aurrera jarraitu eta Otietatik datorren pista zabalarekin bat egingo dugu. Kilometro pare bat aurrerago, Lapurzuloara helduko gara, aterpe moduko baten ondora. Pistarik igotzen segi eta berehala iritsiko gara Usobelartzako zutarri edo monolitoaren ondora. 1,5 metroko altuera du eta bertako pudingadun hareharriaz egina dago. Inguruan Usobelartzako zohikaztegia ikusi ahal izango dugu. Zohikaztegi bat istildutako leku bat da, lurzoruak ura drainatzea galarazten duten geruza iragazgaitzak dituelako. Bertan, landare-kondarren deskonposizioa oso motela da, eta horregatik sortzen da zohikaztegia edo landare-ikatza. Usabelartzakoa da Gipuzkoan dirauen zohikaztegi bakarra.

 




Zohikaztegiaren ondotik, pista utzi eta Oindoko magala igoko dugu berriro pistarekin bate egin arte. Erraz iritsiko gara Agerreko zabalera, monumentu megalitiko multzo bat kokatuta dagoen lekura. Adarra gertu izango dugu, baina merezi du lehenik Etenetako zutarrira gerturatzea. Eteneta I Adarra mendiko Agerreko zabala izeneko lepoan dagoen bi harrespilen multzoa da, horietako bat zutarri altu batekin batera. Harrespileko zutarri nagusiak 2,5 metroko garaiera du.

 





Igoerari amaiera emateko, eta, Adarrako tontorra zapaltzeko, aukera desberdinak ditugu. Aurrez aurre dagoen aldapa belartsu eta pikotik leporaino igo eta hortik tontorrera edo, eskuinetik aldapa leundu eta tontorrera igotzen den xenda txiki bat erabili. Silueta nahastezineko tontor bikoitz honi Agerre ere deitzen zaio, eta nola ez, bistak ikusgarriak dira begiratzen den lekura begira.