miércoles, 5 de junio de 2019

Artikutzaren erraiak VII: Goizarin eta Elama





Artikutzaren erraiak VII: Goizarin eta Elama


Artikutza
Frontoiaren ondotik doan bidea hartu, Olazar etxea pasa, urtegira doan pista utzi eta aurrera jarraituko dugu. Metalezko langa igaro eta pistan zehar, errekaren paraleloan, bi erakin zahar atzean utzi eta Oronozko-Zubieta izenez ezaguna den lekura helduko gara, Artikutza eta Elama errekak bat egiten duten tokira hain zuen. Hemen bi pista daude, bata zubia pasa eta errekaren bestaldetik gorantz doana eta bestea ezkerretik Elamako haranean sartzen dena. Guk bigarren hau hartu eta berehala ibilgailuen pasoa eragozten duen langa metaliko bat aurkituko dugu. Maizolore izeneko uharkaren ondora heldu eta aurrera jarraituko dugu. Elama errekaren beste aldean ubide zaharraren aztarnak ikusiko ditugu.
Goizarin
Bidea erosoa da, ez du batere zailtasunik. Bat batean, harrigarria bada ere, soro zabal eta handi batekin egingo dugu topo eta erdi-erdian oraindik meta pare baten zuhaitz-enbor zutik. Ezkutuan eta pistaren ezkerrera, bidetik metro batzuk gorago, karobi baten hondarrak ikusiko ditugu. Hauek atzean utzi eta berehala Goizaringo metalurgia-multzora iritsiko gara. Erreka igarotzeko bi begietako kare-harrizko bloke handiz egindako zubi baten gainetik pasa behar da. Zuntzak, sasiek eta belarrek eraikuntza hauen hormak ezkutatzen dituzte eta zaila suertatzen da nolakoa zen imajinatzea, hala ere, arragoa eta burdinola hidraulikoaren aztarnak nabarmenagoak dira.
Elama
Berriz pistara itzuli eta tarteren batean burdinbide zaharraren arrastoa ikusteko aukera izango dugu. Kilometro pare bat pistan barna bete ondoren, gure ezker aldean, bidetik metro batzuk gorago oso egoera onean dagoen labe itzel bat ikusiko dugu. Burdin minerala kiskaltzeko labea edo arrago baten hondakinak dira, “labeta” izenez ezaguna.
Puntu honetara heltzean, pista utzi behar dugu eta ezkerrera, Elamako errekaren paraleloan abiatzen den bidea hartuko dugu eta hamar minuturen buruan, Elamako baserri-multzoaren aztarnen ondoan izango gara. Beheraxeago mineralak kiskaltzeko labe baten hondarrak eta errekaren beste aldean, egurrezko zubiaren gainetik pasa eta burdinola hidrauliko zaharraren aztarnak aurkituko ditugu.
Beltzuntza eta Otaran
Bizileku bezala erabilitako eraikinaren aurrien atzetik, Elamako borda zaharrera igotzen den antzinako bidezidorra bilatuko dugu. Zenbait tartetan, xenda orbelean ezkutatu egiten da eta erne ibili beharra dago igoerako bide egokia ez galtzeko. Sigi-sagan errekatik urrundu eta basoan murgilduko gara. Une batean bideak nabarmen egiten du ezkerrera eta gora heltzean, gure mendean ikusi ahal izango dugu Elamako harana. Akuako harrespilaren ondotik igaro eta pista jarraituz beherantz egingo dugu. Hiru kilometro pasatxo ibili ostean, bihurgune handi batean pista utzi eta Otarango pagadian murgilduko gara. Hasieran bidea ez da oso nabarmena baina metro batzuk aurrera egin eta berehala aurkituko dugu. Otarango gaina inguratu, Etzalekukoa ezkerrera utzi eta bere mazela zeharkatzen duen xendari helduko diogu. Hemendik herrira berehala jaitsiko gara.  

BURDINOLAK
Artikutzan lau dira ezagutzen diren burdinola hidraulikoak, Urdallue, Elama, Goizarin eta Artikutzako parajeetan kokatutakoa. Burdinola hidrauliko baten egituran hiru zati dira berezigarrienak: uharka, arragoa (mineralen kiskaltze-labea) eta lantegia. Azken honek oso egitura konplexua zuen, albo batean gurpil hidraulikoak kokatzen ziren ardatzak mugiarazteko; gurpil hauek gabia eta hauspoa martxan jartzen zituzten. Hauekin batera beste zenbait dependentzi eraikitzen ziren, hala nola langileen bizitokiak, kiskaldutako mineral eta egur-ikatzarentzat biltegiak eta “Olaetxea” edo burdinolaren arrendatariaren bizilekua.
Industria metalurgikoarekin guztiz loturik zegoen ikazkintza izan da paisaia eraldatu duen beste jardueretako bat eta horren lekuko pagadietan aurki daitezkeen “txondor-plaza” (txondorrak eraikitzeko plataformak) ugariak. Ekonomi guztia egurraren inguruan oinarrituta zegoenez, jarduera industrial honek eragin nabarmena izan zuen Artikutzako basoetan. Gaur egun, paraje hauek isiltasunean murgildurik daude, eta naturak galdutako espazioa berreskuratu du.
Luzera: 13 km   Desnibela: 590 m  Denbora: 4 ordu


Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko 



No hay comentarios:

Publicar un comentario