lunes, 18 de febrero de 2019

Iraule: orratzaren kanala eta ipar hormaren zeharkaldia, AD, M3, III+

Aizkorri eta elurraren arteko idilioa aurten ez doa bide onetik. Negua eskas doa eta mendiak nekez zuritzen ari dira. Honek Aizkorriko kanalak eskalatzeko aukerak murrizten dituen arren, zerbait eskalatzeko aukera izaten ari gara.

Aizkorriko ipar horma eta kanalak Barbaritik ikusita. Iraule eta Nardasakon argazkiaren eskuinean gelditzen dira.


Duela urte batzuk nire buruari Aizkorrira hurbiltzeko aukera izango nuen bakoitzean bide berri bat eskalatzeko asmoa eramango nuela hitz eman nion. Oraingoan antzerako zerbait gertatu zen, hasierako asmoa bestelakoa bazen ere, azkenean kronika honetan azaldutako ibilbidea egiteko aukera izan genuelako.

Irauleko orratzaren kanalean.


Irauleko ipar horma erlaitz batek alderik alde zeharkatzen du, zerutik zintzilikatutako balkoi baten moduan. Tarteka zabala, tarteka estua, oinen azpian irekitzen den amildegiaren gainetik erlaitzaren zeharkaldia ikusgarria da. Elurra duenean erlaitzaren gainetik jarraitzea tarte batzuetan zaila da eta amildegitik zintzilik dauden ageriko zeharkaldi batzuk egin beharko ditugu.

Erlaitza estutzen den lekuetako batean.


Erlaitz honen gainean murgiltzen ginen hirugarren aldia zen: lehenengoan ezin izan genuen erlaitza bere osotasunean jarraitu; bigarrenean aldiz, nahiz eta erlaitza alderik alde zeharkatu argazki makina etxean utzi genuen. Hirugarren eta azken aukera kronika honetan azaltzen dena da.

Ibilbidean ageriko zeharkaldiak etengabeak dira.


IBILBIDEA

Ibilbidea Itzubiagako bordan (940 metro) hasi genuen, Nardasakon igo eta Irauleko orratzaren kanala eskalatuz. Nardasakonen ohiko irteeratik jaitsi ondoren, Irauleko orratzera doan ezker sarreratik bigarrenez orratzaren oinera iritsi eta kanal ezkutua  bigarrenez eskalatu genuen. Oraingoan, Irauleko gandorrera atera beharrean, kanalaren amaieratik aurrera Irauleko ipar horma alderik alde zeharkatzen duen erlaitza jarraitu genuen.

Azken zeharkaldi "tentean".


Jaitsiera Irauleko eskuin kanaletik egin genuen Nardasakon kanalarekin berriro ere bat eginez.

Irauleko eskuin kanalean behera Nardasakonera hurbiltzen. Haranean Zegama argituz doa.


IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 5,3 kilometro.
- Punturik baxuena: Itzubiagako borda, 940 metro.
- Punturik altuena: Iraule, 1.511 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 685 metro inguru.
- Igotako mendiak: 1.
- Ura: Itzubiabako bordaren ondoan iturria dago.
- Zailtasuna: AD, M3, III+, Irauleko orratzaren kanaletik eskalatzen badugu. Zailtasun hau antzerakoa da 2013an eskalatutako bidetik. Zailtasuna zertxobait jaitsi nahi badugu, aukerarik onenak Irauleko orratzaren ezker sarreratik sartu eta zeharkaldi osoa egin edo zeharkaldia kontrako noranzkoan egitea izango litzateke Irauleko orratzaren kanalaren ohiko irteeratik gandorrera ateraz. Azkeneko bi kasu hauetan zailtasuna M2 inguruan egongo litzateke.
- Eramandako materiala: Badaezpada 30 metroetako bi soka, friend, artaka-trabagaiu eta iltze joko bat, dozena erdi bat express zinta eta zinta-uztai batzuk eraman genituen arren, azkenean ez genuen eskaladako materialik erabili.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: Hiru ordu eta erdi pasatxo, atseden uneak ere zenbatuz.

Ibilbidearennondik norakoak. Gorriz, igoerako ibilbidea eta urdinez jaitsierako. Kontutan izan argazkian ez dela ez Irauleko orratzaren irteera ezta orratzaren ezker sarreraren biderik azaltzen.


Zeharkaldia zehatzago.





Argazki gehiago ikusteko, ibilbidea deskargatzeko edota informazio gehiagorako hemen klik egin dezakezue. Espero dut gustuko eta baliagarri izatea


No hay comentarios:

Publicar un comentario