domingo, 2 de septiembre de 2018

PSR, gure mendi bidaia

Pyrenees Stage Run
gure mendi bidaia





7. etapa:
Basoa, harrizko bloke erraldoiak, behiak, zaldiak eta marmotak. Lakuak, loreak, tximeletak eta Anetoko glaziarra. Sorpresaz beteriko saio bikaina izan da azkena ere. Amaitu dugu gure mendi-bidaia: 250 kilometro, 7 egunetan, 5 parke natural zeharkatuz. Eta iritsi gara Salardura. Hamarnaka lagun berri egin eta mila istorio eta emozio bizi. Mendi aste ahaztezina.  Gora lagunak, gora osasuna eta gora mendia. Aurreskua zuentzat denontzat!


 
Igone Campos:
Gaur agurtu ditugu Pyrenees Stage Run lasterketan egindako lagun berriak, baita bizitako guztiaren digestioa egiten hasi ere. Nahiz eta oraindik ere tripak erdi nahasirik ditudan, ziurtasunez esan dezaket izan ditudan bizipenen artean gozagarrienetako bat izan dela, lesioak utzitako konfindatza eza berreskuratu dudalako, mendian orduak eta orduak eman ditudalako eta lagun zahar zein berriekin bidea partekatu ahal izan dudalako. Mila esker danoi!



Imanol Aleson:
Urteak daramatzat mendi lasterketetan parte hartzen, motz ,luze nahiz etapetako probetan. Europan zehar eginak ditut hainbat proba, bai banaka eta bai bikoteka. Lasterketa denek dute bere xarma eta bere gogortasuna. Baina aste honetan Pyrene Stage Run lasterketan bizitakoa berezia izan da, bolondresek eta antolatzaileek eman diguten babesa eta laguntasuna ikaragarria. Baina gauza batekin geratuko naiz barruan: Azkoititik eraman dedan bikotea nirekin parte hartzera: Ixaka. Berekin hau bizitzea benetako abentura izan da eta ez lasterketa soilik. Eskerrik asko apoiua eman diguzuen danoi eta bereziki hirim Iker (Burruntzi)

Ixaka Oñederra:
PSR-2018 ametsa egia bihurtu den erronka. Duela hilabete batzuk mendian korrika genbintzala eduki nuen abentura honen berri, Imanol Alesonen ahotik. Hilabete batzuk geroago berriz parte hartzeko gonbita egin zidan, baina astebeteko erronka honi aurre egiteko gauza asko zeuden prestatzeko: entrenamenduak, oporrak hartu beharra, etxeko denen laguntza... Denen laguntzari esker, Imanoli baiezkoa emateko aukera eduki nuen. Aste honetan bizitakoa konpetiziotik aparteko zerbait izan da: zazpi egun, 240 km eta 15.000m+. Ibilbide ikaragarriari aurre egiteko gai izan gara biok, asko disfrutatuz. Eskerrik asko Imanol eta bidelagun izan dugun Iker Alkorta (Burruntzi).






6. etapa:
Azken-aurreko etapa ere egin dugu, kamarada!

Zorionak Igone, lesio baten ostean horren saiatua izatearren. Goraka indartsu eta beheraka pazientzia handiz jardutearren. Zorionak, une oro irribarreari eustearren. Barkatu, goraka eta etapa amaieran emozionatu eta metro batzuetan aurrera egin dudalako, emozioaren errua! Eskerrik asko, buruko makalaldietan laguntzearren. Egunero, mendirako indarra ateratzen laguntzearren. Eskerrik asko, amets hau betetzen laguntzearren.

Gure lehen erronka da Pyrenees Stage Run, ez dadila azkena izan, mendiko lore!



Argazkia: Jose Sola



5. etapa:





Dijous passat, estirada a la meva catifa d'estiraments a casa, tancava els ulls i intentava imaginar com seria el dia d'avui. Analitzava els perfils de les cinc primeres etapes i una esgarrifança recorría la meva esquena. Avui és un somni fet realitat. Estic a Tavascan amb tots vosaltres, i Salardu està cada vegada mes a prop. La dura etapa d'avui, mentre saltava d'un bloc a l'altre, junt al Comapedrosa, he recordat que el poble basc i el poble català sempre han estat units d'una manera especial. A partir d'ara, per a mi també ens uneix l'amor per la muntanya. Visca el poble català! Gora PSR!



Joan den ostegunean, luzaketak egiteko oihalean etzanda nengoen etxean. Begiak itxi eta gaurko eguna nolakoa izango zen irudikatzen saiatu nintzen. Lehenengo bost etapen profilak aztertzen ari nintzela, hotzikara handia nabaritu nuen gorputz osoan. Ametsa egia bihurtu da gaur. Eta hemen nago, Tavascanen, zuekin guztiokin. Eta Salardu gero eta gertuago. Gaurko saioa ere gogorra izan da. Comapedrosa mendiaren magalean harriz harri saltoka nenbilela gogoratu dut Euskal Herriak eta Herri Katalanak lotura berezia izan dutela beti. Mendiarekiko maitasunak ere lotzen gaitu hemendik aurera. Visca el poble catala! Gora PSR!





Imanol Aleson:

Arinsal-Tavascan 40km 2760m+
Gaurkoan 1° postuan bukatu dugu.
5. etapa, desnibelari eta terrenoari kaso eginez etaparik gogorrena. Arinsaletik atera eta goraka Comapedrosako refugioraino eta hemendik Portella de Baiau 2756metroko altuerara. 7,7km'tako eta 1400m+'ko igoera gogorra. Ondoren 17km jaitsiera luzea Areu herrira. Hemendik 990mko igoera 6kman eta ondoren 10km jaitsiera ederra. Arinsaletik atera orduko tira degu aurrera, gure helburua gaurko etapan aurrenak iristea zen. Erritmo gogorra jarri dugu , kale o bale. Ondo atera zaigu eta etapa eder batez gozatu eta disfrutatu dugu. Bihar 27km zain ditugu, ea ondo rekuperatzen degun eta berriz gozatzeko gai garen.






4. etapa:






4

PSR egiteko erabakia hartu genuenean hainbat kezka sortu zitzaidan: lehen aldiz egingo nuen hainbat etapatako mendi lasterketa bat, eta ez nekien gorputzak eta buruak nola erantzungo zidaten. Saiatuta ere, ez da erraza gorputza eta burua sasoi berean egotea, eta are gutxiago sasoi betean egotea. Izan ere, bai kirolean eta bai bizitzan, niretzat ezinbestekoak dira biak: entrenamendu fisikoa eta entrenamendu mentala.



Urte eta erdi inguru da Urko Arozena laguna ezagutu eta harekin entrenamendu mentala lantzen hasi nintzela: liburuak irakurri, bideoak ikusi, hitzaldiak entzun, ariketak egin. Burua ez da gizakiaren atal bat baizik, eta hankak edo besoak bezala entrenatu egin behar da osasuntsu eta sasoian edukitzeko.

7 egunetik 4 egin ditugu jada. Hamaika goraldi eta beheraldi, kilometro eta ordu luze kudeatu ditugu. Harrituta nago, txundituta. Eguneroko bizimodutik oso bestelako astea izaten ari da hau niretzat: esnatu, luzaketak, gosari egokia egin eta 6-9 orduz mendian ibili. Ordu horietan guztietan ehunka pentsamendu etorri zait burura, baina berehala saiatu naiz uzten bigarren apalean, haiei arreta emanez gero, orkatila bihurritu dezakedalako, edo erori, edo adarren batekin burua jo. Pentsamenduetan murgilduz gero, jatea edo edatea ahaztuko zait, eta txakalaldiak errazago erasoko dit. Errota gelditzen ez badut, ez dut ikuspegiaz bete-betean gozatuko. Orain eta hemen egotea ez da erraza, baina merezi du saiatzea.


Gorputzari dagokionez, badakit ez nagoela sasoi betean, baina uste baino hobeto ari gara kudeatzen gure indarguneak eta ahulguneak. Ohartu gara ezinbestekoa dela edatea eta jatea, egoki, gutxi baina sarri. Arlo honetan izugarri lagungarri izaten ari da lasterketako antolatzaile eta boluntarioen lana. Anoa postuetan, gosari, bazkari eta afarietan ahalik eta jateko egokiena ematen digute. Niri neroni bitarteko guztiak jarri dizkidate eskura etxeko dietari eusteko: fruta, arroza, arroz-esnea, glutenik gabeko ogia, barazkiak, perretxikoak, arrautzak, haragi txuria, arraina, infusioak eta saldak, txokolate beltza...



Ariketa fisikoa egiten dudanean asko izerditzen naiz, gatz eta mineral asko galtzen ditut, eta osagarriak hartuta ere (itsasoko ura kasu), gihar eta artikulazioek asko sufritzen dute. Arlo honetan ere bereziki txalotu behar ditut lasterketako fisioterapeuta jatorren lana eta laguntza. Bidaia honetan gauza asko iltzatuko zaizkit bihotzean, egindako lagunak tartean. Horietako bat da, Sara.



Lehen etapa amaitu nuenean, krioterapia tratamendua egin zidan hanketan: izotzarekin masajea eman eta hankak askatu zizkidan. Gustura egon nintzen haren eskuetan baina ez zidan beldurra kendu: hankak oso astun neuzkan, eta ez nuen uste hurrengo egunean korrika egiteko moduan egongo nintzenik. Biharamunean hanka berriak banitu bezala esnatu nintzen. Mendian gora eta behera nindoala askotan akordatu nintzen Sararekin, eta luze egin zitzaidan helmugara bitartekoa, hari eskerrak emateko. Ordutik, egunero, nire hankak haren esku. Euskal herritarra behar zuen izan! ;-)



Laugarren etapa egin dugu gaur, eta iritsi gara bidaiaren erdira: burua gogotsu, hankak uste baino hobeto, eta bihotza pozik. Horren atzean antolakuntzaren lana ere badago eta, gaurko eskerrak eta loreak haientzat. Biba zuek!






Imanol Aleson:

Emcampetik Arinsalerako 20km-ak izan dira gaurko etapa, 1700m-ko desnibelarekin. Gauzak ez dira asko aldatzen, gaur ere 2° postua lortu baitugu. Igoeretan lortzen dugu lehenengoei eusten baino jaitsieretan ez ditugu ikusi ere egiten. Gaurkoan, Andorrako basoetan ibili gara, eta basoa perretxikoz betea dagoenez batzuk jaso ditugu. Ez dugu altuera handirik igo baina 4 igoera gogor bazeuden. Biharko etapan Andorratik irtengo gara eta GR11 jarraituz Tavascan aldera ekingo diogu. Ainhoa eta Igone aurrenak izan dira gaurkoan ere eta orokorrean aurrenak jarraituko dute.




3. etapa:



"Gaurkoa etapa nagusia da, luzeena eta gogorrena. 22. kilometrora iristen garela ikusteak asko lagunduko dit psikologikoki, Igone". Hankak uste baino askoz hobeto esnatu zaizkigu gaur eta solasaldi ederrean egin ditugu lehen kilometroak eta orduak. Lasai-lasai, gehiegi estutu gabe.

Eta iritsi da 22. kilometroa, baina irribarrerik ez loramenen aurpegian. Ahul noa, indarrik gabe bezala. Hara, hara! Zer dator hemen? Bidaiako lehen txakalaldia, loramen! Aitak errieta egingo zidan hemen balego, gutxi jan dudala usteko zuen. Baina ez nau horrek kezkatzen, badakit bidaia honetatik gizenduta itzuliko naizela ;-)

Pentsamendu ezkorrak bata bestearen segidan etorri ahala gorputzeko makalaldia burura igaro da, eta kezkatzen hasi naiz. Pentsatu dut: "zein ote da txakalaldiaren esanahi emozionala?" Berehala konturatu naiz pentsamendu ezkorrek ez didatela laguntzen.



Gelditu gabe, Igoneren animoei esker, eta gogoz kontra jan-edanez, mantsoago, baina hurrengo malda pikoari ekin diogu. Gaina hartu dugunean hobeto nagoela ikusi dut, eta beherako bidean arin sentitzen naiz berriro. Tximeleta txuri txiki batek talka egin du ia nire aurpegian, eta irribarrea atera zait. Martxan naiz berriro!

Lehen ere izan dut txakalaldirik lasterketa luzeren batean. Izan ere, ba al da mendizalerik, sekula txakalaldirik izan ez duenik? Neure kasuan ederra izan da ikustea gorputzak eta buruak nolako indarra daukaten. Uste baino indartsuagoak garela esaten didate ingurukoek, eta egia izango da.



Andorrako mendietan barneratu ahala udaberri atarian Joxerra Garziak eman zigun komunikazio ikastaroa etorri zait gogora. Komunikazio ekintza guztiek helburu bat izan behar dutela esan zigun. Mendian gora noala konturatu naiz nire helburu bakarra dela barrua hustea, eta ahal bada, irakurlea, zu, ukitzea. Horrenbestez, nirekin batera gaur txakalaldia eta tximeletak sentitu badituzu, bale naiz!



PD: Louise Hayren Sana tu cuerpo liburuak ez dakar hitzez hitz "txakalaldi"aren (pájara) esanahi emozionalik. Baina harekin zerikusia duten beste hainbat egoera bat datoz funtsean: beldurrak, segurtasun falta, anemia animikoa... ;-)

PD II: nire bidaidearentzat gaurko azken kilometroak luze eta gogorrak izan badira ere, uste baino askoz hobeto amaitu dugu etapa! :-) 







2. etapa:





Pirinioetan hamaika lore daudela pentsatzen joan naiz gaurko mendi irteeran. Edelweiss da askoren kuttuna, elurretako lorea. Austriako lore nazionala, eta besteak beste, Ordesa-Monte Perdidon aurkituko duzuna. Lirio urdina bereziki gustatzen zait niri, aspaldi lagun bihotzeko batek mendi garaietatik bidaltzen zizkidan argazkiengatik. Gaurko etapan amapola (mitxoleta) gorri-gorriek edertu dituzte bideko ertzak.



Bada pentsamendu horietan murgilduta joan naiz gaur zati handi batean, eta ohartu naiz sinplea bezain egokia dela gure mendi abentura honetarako aukeratu dugun talde izena: mendikoloreak. Izen batzuk bota genituen eta niri hauxe gustatu zitzaidan, hitz joko bikoitza daukalako: mendiko loreak eta mendi koloreak. Ez dakit Igone eta biok bi lore garen, baina zalantzarik ez daukat mendian loratu egiten garela, eta bidaia gogor bezain eder honetan are gehiago loratuko garela.

Bigarren etapa ere amaitu dugu, atzo baino indartsuago eta baikorrago. Ederra izan da, mendiko lore lagun!



Igone Campos:

Agian ez da izan niri gehien gustatzen zaiten mendi ibilde mota baina bai nire oinari hoberen zetorkiona. Pista eta xenda errazetan zehar mugitu gara eta zailtasun ezaren aurrean atzo baino askoz korrika gehiago egin ahal izan dut. Beherakoan nire buru-oin konexioan konfidantza hartzeko ederra izan da eta inguruak lagundu du.



Imanol Aleson:
Bigarrena egiña. Querals-Puigcerda 38km 1700m+ 
Gaurkuan ere 2° postuan elmugaratu gara.
Gaurkuak bi zati desberdin izan dituela esango nuke, lehenengo 11km oso politak eta mendikoak, ondoren mendi pista dexente 27 kmrarte eta hemen jetxiera eder bat Puigcerda iritsi arte. Ederki gozatu dugu, trote politean egin ditugu Ixaka Oñederra eta biok gaurko 38 km ak. Eguraldia lagun dugu eta paraje ederrak ikusten hari gara. Parte-hartzaileekin harreman ona dugu eta antolakuntzakin zer esanik ez, dena eskura jartzen digute. Baita ere gurekin daukagu laguntza ematen ,gure botillero, Iker Alkorta "Burruntzi". Esan behar bertan parte hartzen ari direla neska bikote Euskaldun bat eta oso ondo gainera. Ainhoa Lendinez eta Igone Kampos.

Bihar gehiago.





***************

Lehenengo etapa:



2018an zerbait ezberdina egin nahi nuen, dortsala jantzita, baina zerbait berezia. Urtebe eta erdi inguru da Igonek eta biok elkar ezagutu genuela. Amets egiten duen pertsona iruditu zitzaidan hasieratik eta horregatik jo nuen harengana: amets bat elkarrekin gauza genezakeen susmoa neukan. Bete-betean asmatu nuen.

Aipatu orduko ilusionatu zen, eta buelta asko eman ostean aukeratu genuen urteko gure erronka: Pyrenees Stage Run, hau da, 7 eguneko mendi lasterketa, Andorrako eta Herrialde Katalanetako Pirinioetan barrena.

Hilabeteak egin ditugu mendiko abentura hau prestatzen: antolakuntzarekin hitz egin, dauzkagun bitartekoak aztertu, oporraldiak antolatu, eta noski, ahal bezain ongi prestatu. Azkenean diru-kontuak egin, lasterketaren oinarrizko datu teknikoak gure neurrikoak izan zitezkeela ikusi eta izena eman genuen. Erabakia hartuta, eta ilusioa bor-borka, halaxe joan zaigu lehen urte erdia.

Baina zorionez edo zoritxarrez, saiatu arren, gizakiok ezin dugu bizitza goitik behera kontrolatu, eta geureak ere bazeukan sorpresarik guretzat: Zegama-Aizkorri mendi maratoia amaitu orduko burni-anemiak bete-betean eraso zidan. Handik hilabete eskasera, Igonek ezker oineko bosgarren metatarsianoa hautsi zuen. Bina hilabete inguru egin ditugu mendian batere ibili gabe. Ekaina eta uztaila geldirik igaro ostean, ni neu abuztuan ibili naiz zerbait; baina igonek bi irteera baino ez ditu egin abuztu amaieran.

Sorpresa horrek erabat baldintzatu du gure mendi bidaia, baina azkenean animatu gara: abuztuko azken asteetan eman diote senda-agiria Igoneri eta Kataluniara iritsi baino bi egun lehenago esan didate niri burniak zertxobait gora egin duela. Horrenbestez, sasoi-sasoian etorri gara ;-)

Bidaia eguna:

Hirugarren urtea du Pyrenees Stage Run mendi lasterketak eta aurten lehenengoz ari gara parte hartzen euskaldunak. Bi talde osatu dira:
  - ni neu eta Igone Campos.
  - Imanol Aleson eta Ixaka Oñederra azkoitiar jatorrak.

Haiekin egin dugu Ribes de Freser-erako bidaia, barre artean joan zaizkigu 6 ordu.

Irratiko lankide jatorrek lasterketari buruz hainbat galdera egin zizkiguten joan baino lehen:


Afalorduan egin dugu lasterketaren bilera teknikoa. Harrituta utzi gaituzte antolatzaileek: ia-ia euskal sukaldarien mailako menu goxoa prestatu digute ;-), eta PSR mendi lasterketa bat baino askoz gehiago da: mendi bidaia bat, maitasunez prestatutakoa.




1. etapa:
Beldur handiz ekin diogu lehen etapari baina gogotsu ere bai: hankak nola dauden ikusi nahi dugu, eta batez ere, nik, burua. 35 kilometroko etapa prestatu dute lehen egunerako, ia 2.200 metroko aldapa metatuarekin.



Bizi samar hasi gara, hitz eta pitz, baina Igoneri esan eta esan ari naiz, lehen eguna dela, eta 7 direla guztira. Igoeretan erritmo onean, indartsu sumatu ditugu oinak. Hasi eta 15 kilometroko igoera izan dugu, 2585 metroan Balandrau gailurrera iritsi arte. Izugarri paraje ederra daukagu inguruan. Handik hasi dugu lehen jaitsiera. Harritsua lehenengo, belardi nahasian ondoren, pikoa nolanahi ere. Eta hor joan zaizkigu denborak eta postuak. Baina ez gaitu ezustean harrapatu, bagenekien hori gertatuko zitzaigula: gorakoan sakatu eta Igoneren oina zainduz beherakoan ahal bezala eutsi.



Coma de Vaca aterpetxera iritsi garenean ohartu gara 18 kilometro pasa ditugula jada. Hortik aurrera eguneko zatirik teknikoena iritsi da: gorabehera etengabeak, harriak nonahi eta tartean ferrata bidearen itxura daukan eskailera tarte bat. Nuriako Santutegia inguru ederra da, baina guretzat, jendetsuegia agian. Azken 7 kilometroetan korrika egitea zen gure asmoa baina harriz jositako bideak ez digu utzi. 6 ordu eta 31 minuturen buruan iritsi gara helmugara, Qeralbsera. Imanolek eta Ixakak bi ordu gutxiago behar izan dituzte. Lehenengoa ederra izan da! Beldurrak uxatzeak ematen digun lasaitasunarekin joan gara atseden hartzera. Baina lasaitasunak ez du luze iraun, gero eta gutxiago falta baita bihar goizerako.



Imanol Aleson:

Hasi dugu astebete iraungo duen laisterketa "Pyrenees Stage Run". Ixaka bikote dudala 7 etapa 240km eta 15000m+ Pirineotan barrena. Ribes de Freser-en hasi eta datorren larunbatean Salardun amaituko da. Gaur izan da lehenengo etapa (35km 2180m+), eta 2. postuan iritsi gara. Ribes de Freser-etik irten eta Querals-en amaitu dugu.

Oso ondo joan zaigu eguna, erritmo polita hartu dugu eta horri heldu diogu kontutan izanda beste 6 egun geratzen zaizkigula. Paraje ederretan ibili gara, horietako bat Val de Nuria. Hemendik pasa eta "tren cremallera"ren ondoan beheraka egin ditugu azken 8km'ak. Antolakuntza ikaragarria, dena ondo lotuta, ez dugu ezer faltan bota, "Chapó" beraientzat.

Lehenengo etapako bideoa

No hay comentarios:

Publicar un comentario