martes, 13 de marzo de 2018

Aizkorriko gurutzea Sakonaunditik, "Couloir" irteera, PD

Sakonaundi kanalari eskainitako triologian iradoki dudan moduan, helburu nagusia Iralarrainardearen itzalpean erdi ahaztua dagoen kanal hau aditzera ematea da, kanalak dituen aukera interesgarrietako batzuk azalduz.

Hirugarren eta azken kronikarako “Couloir” irteera aukeratu dut. Duela urte batzuk Iralarrainardea eta Sakonaundiren arteko kanala eskalatu ondoren eskalatu genuen. Eguraldi kaskarra izan arren, bi hormen artean mehartua doan irteeraren edertasunak txunditu ninduen. Irauleko orratzaren kanalaren eta “Eskirol” irteeraren arteko nahasketa bat dela esan daiteke, lehenengoa baino luzeago, bigarrena baino mehartuago.


"Couloir"-era hurbiltzen.


Baina ederra izan arren, Aizkorriko Gurutzera hurbiltzen diren mendizaleen jomugatik kanpoko irteera da, beharbada ezkutuan gelditzen delako, beharbada gailur batean ez delako amaitzen.

"Couloir" irteeraren lehen metroetan.


Irteera honi nolabaiteko originaltasuna emateko asmoz, Sakonaundi azpi-azpitikg igotzen hastea adostu genuen, hau da, basoan osatzen duen ibar edo sakan txikiaren hasieratik hain zuzen ere.

IBILBIDEA

Ibilbidea Zegamako Hiruetxeta auzoko Buenabista baserrian hasi genuen. Iralarrain gurutzeko zelaigunera doan ohiko bidea jarraitu eta, zelaigunera iritsi baino lehen, Sakonaundiren azpian mendiak egiten duen sakan edo ibarrean gora zuzen hasi ginen Sakonaundira iritsiz.

Behin Sakonaundin, kanalaren gainean dagoen hormaren oinera arte zuzen-zuzen igo ginen. “Couloir” irteeraren sarrera “ezkutua” hormaren oinetik ezkerrera diagonalean hasten da.

“Couloir” irteerak galtzeko arriskurik ez dauka bi hormen artean mehartua doalako. Elurra gogor-gogorra eta 60 gradu inguruko hiru irtengune motz topatu genituen, 55 gradu inguruan mantentzen den kanal mehartu tenteari ukitu alpinoa emanez.

“Couloir”-en irteeratik Aizkorriko Gurutzera zuzendu ginen, azken metroak honen ipar horma zeharkatuz eginez.

Jaitsiera, Aitxuri mendia inguratu ondoren, Sakonaundiren ohiko bidetik egin genuen.

Sakonaundin behera, mendiaren handitasunean puntu bat besterik ez gara...Argazkiaren eskuinean "Couloir" irteera ikusi daiteke.


Ibilbidearen nondik norakoak, "Couloir" irteera ezkutuan gelditzen da (puntu gorrien zatian). Urdinez, jaitsierako bidea.


"Couloir" irteeraren krokisa zehatzago, puntu gorriz ezkutuan gelditzen den zatia.


IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 7,5 kilometro inguru.
- Punturik baxuena: Buenabista baserria, 575 metro inguru.
- Punturik altuena: Aizkorriko Gurutzea, 1.528 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 970 metro inguru.
- Igotako mendiak: 1.
- Ura: Zegaman hartu daiteke.
- Zailtasuna: PD.
- Eramandako materiala: Kaskoa, kranpoiak eta bi piolet.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: Oso poliki joanda eta atsedenak hartzeko denbora kontutan hartuta, lau ordu eta erdi.

Argazki, GPS track-a deskargatu edota informazio gehiagorako: http://www.smithyrenbloga.com/2018/03/aizkorriko-gurutzea-sakonaunditik.html


Amaitzeko, irteeraren bideoa ikusi nahi baduzue:




No hay comentarios:

Publicar un comentario